Klasiko berritua friki ikutuekin

prestaldizkaria 2017ko urr. 2a, 09:05

Ana Pizarro Photography / Producciones Kepler

Urriaren 7an eta 8an Deustuibarrako Pabiloi 6n ikusi ahalko den Aparece un corazón en un descampado antzezlaneko lantaldearen epizentroa Madrileko Grumelot konpainiak kudeatzen duen Nave 73 aretoan aurkitzen da.

Nave 73 eskolan (Madril) ezagutu zuten elkar kideetako askok. Tartean dago, Euskal Herrian goi mailako arte eszeniko ikasketak egiteko aukerarik ez zegoela eta, Madrilera joandako Itxaso Larrinaga bilbotarra. Bera da Aparece un corazón en un descampado-ren zuzendaria.  

Udan Almagroko Antzerki Klasiko Festibalean (Ciudad Real), zuzendari berrien sailean, antzezlana estreinatu ostean, “irrikitan” dago Itxaso Larrinaga Pabiloi 6ra iristeko. Obrarentzat ez ezik taldekideentzat ere Bilboaldea zapaltzen duten lehen aldia izango da.  

Itxasorekin batera Maria eta Ana Pizarro-Perezek osatzen dute lantaldeko euskal adarra. Mariak koreografia guztiak diseinatu ditu, antzezleetako bat ere bada, eta Anak jantziak eta diseinu grafikoko lanak. Gurasoak “ezin sinetsita” dituzte ikuskizuna dela eta. “Sentimendu asko” dauzkate airean. 

Izan ere, denbora asko daramate etxetik kanpo. Itxasok, esaterako, sei urte daramatza Madrilen. Egun, Sarrikon Dantzertik eskaintzen dituen titulazioak egiteko aukerarik ez zegoen berak Batxilergoa amaitu zuenean. Hortaz, etxetik kanpo “ikasitakoa eta egindako lana bueltan ekartzeko aukera” eskaini die Pabiloi 6k. Neurri berean, “gure ikuspuntua zabaltzeko aukera ezin hobea” da, eta gainera “maite dugun jendearen aurrean egingo dugu”. Itxasoren hitzetan, “garrantzitsua izango da Bilbo”. 

Urte berezia izan da hau Itxasorentzat. Real Escuela de Arte Dramaticon (RESAD) lau urteren ostean Interpretazioan espezializatu baita. Pozik dago egun Universidad Complutense de Madriden Antzerkia eta Arte Eszenikoak masterra ikasten. Tarte honetan, “beharrizanagatik”, “denetarik” egitea egokitu zaiola dio, gainerako taldekideei bezala. “Lan anitzetan” aritu dira. Hain zuzen ere, Aparece un corazón en un descampado antzezlana inork telefonoz deitu ez dielako sortu dute. “Zerbait egiteko unea zen. 'Inork ez badigu deitzen gure kabuz zerbait muntatuko dugu' pentsatu genuen. Horrela, gutxienez, ez gara geldi egongo, eta ikusiko gaituzte”. Esker onekoak dira Itxaso eta lagunak bai Almagroko jaialdiko bai Pabiloi 6ko arduradunekin, jakin badakitelako antzezle gazteek aretoetako ate gehienak itxita aurkitzen dituztela: “Ez da erraza gazteen proiektuetan konfidantza izatea. Ea geroz eta aukera gehiago izanik denon artean antzerkiaren panorama aldatzen dugun”. 

 

Klasiko berritua

RESADen, Literatura dramatikoa ikasgaian, antzerki isabeldarreko testu ezezagunak bilatzeari ekin ziotela aurkitu zuten John Ford dramaturgoaren Lástima que sea una puta (1633). Harrituta utzi zituen testuak. “Tramarik dibertigarriena zuena zen. Oso makarra”. Orduan konturatu ziren zein “terribleak” diren mendeku tragediak, “zein ilunak”. Baina ez lau mende beranduago, gaur egun hedabideetan irakur daitezkeenak baino ilunagoak. Esaterako, “egungo maltzurrak, kapa eta ezpatarik erabili ez arren, arrisku-tsuagoak dira”.  

Hortaz, ikusleak XVII. mendeko Forden testua ezagutzeko parada izango du, Giovanni  eta Anabelaren istorioa, zehazki. Baita gehiago ere. Nahastean erantsi baitituzte Urrezko Mendeko poesia, monologoak, lantaldeak propio sortutako testuak eta “koreografia asko”. Oro har, “oso frikiak diren ideiak. Publiko gaztearentzako keinu politak”.  

Neurri handi batean, talde sorkuntzan oinarritu dira, eta taldekideak esparru desberdinetakoak direnez, nork bere alea erantsi du prozesuan hainbat hizkuntza eszeniko uztartzeraino. Besteak beste, testuan oinarritzen den antzerkia, dantza edota mimoa.  

Egile klasikoekin kokoteraino dauden horientzat aproposa izan daiteke Aparece un corazón en un descampado. “Klasikoekin berradiskidetzeko”. Ikuspuntu gaztea –taldekideak 30 urtetik beherakoak dira–, emakumezkoa –testuaren egokitzailea, zuzendaria eta ekoizlea emakumezkoak dira– eta frikia erantsi diotela aitortzen dute. Beti ere, antzerkia jendartean eta batik bat gazteen artean zabaltzeko helburuarekin. “Ematen baitu antzerkira publiko heldua bakarrik joan daitekeela, kultura handikoa. Arraroa da gazteak antzerkira joatea euren kabuz, nahi dutelako. Baina, zinera eta kontzertuetara joatea arrunta da”. Eta horrek “pena” baino ez die ematen.   

Pabiloi 6ra joaten diren gazteak ez dira damutuko. Obra “gustatuko zaie”. Amodioa, bakardadea eta ezintasuna bezalako gaiak jorratzen dituelako. “Denok uneren baten sentitutakoak”. Gainera, oso garaikidea den errealitatera egokitu dute Giovanni eta Anabela pertsonaien drama, “pertsonok isolatuta jarraitzen dugulako, Facebooken mila jarraitzaile izan arren. Benetako arazoak nori kontatu ez dugu oraindik”. Sentipen unibertsalak, finean. 

 

apareceuncorazon

pabellon6.org