Nati Ovelleiro: “Benetan jai herrikoia izateko Aste Nagusiaren atzean dagoen lana itzela da”

prestaldizkaria 2017ko urr. 2a, 09:48

Argazkiak: Iñigo Azkona

Irakaslea, sindikalista, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformako kidea eta 2017ko Aste Nagusiko pregoilaria da, besteak beste, Nati Ovelleiro.

Zelako ardura izan da aurtengo Aste Nagusiko pregoilaria izatea?

Aste Nagusia hasi baino lehen pregoia ondo botatzeko ardura nuen. Aste Nagusian zehar ez dut ardurarik izan. Lan handia izaten da goizetik gauera, baina lana asko errazten digute, batez ere Bilboko Konpartsetako Jai Batzordeko kideek. Konpartsetako ordezkariek kristoren ardura hartzen dute; arazo guztiak konpontzen dituzte. Txupinera eta biok batetik bestera ibili gara. Egia esan, izugarri gozatu dut. 

Pertsonalki zelako esperientzia izan da?

Inoiz ez nukeen pentsatuko pregoilaria izango nintzenik. Oso jaizalea izan naiz, baina espero gabekoa izan da. Hasieran arraro sentitzen nintzen. Sekulako sorpresa izan zen, eta ohore bikoitza, pregoilaria izategatik eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiak ni aukeratzegatik. Oso berezia. 

Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformari bere lanaren garrantzia aitortu zaio pregoilariaren izendapenarekin?

Oso plataforma gaztea gara. Otsailean beteko ditugu bi urte. Hortaz, oso goiz jaso dugu egindako lanaren aitortza. Orain baino lehen pregoilari moduan izendatu dituzte talde batzuk, baina ez gurea bezalako giza mugimendua. Plataforman lagun asko gara, jende talde anitza, horregatik diogu pregoilariaren izendapena Bilbo hiriari egiten zaion aitortza ere badela, harrera hiri bezala egin den lanagatik, besteak beste. Ohoreaz eta aitortzaz gain, abiapuntu gisa hartu dugu izendapena, erronkatzat, hau da, jakin badakigu bogan gaudela baina ez dugu bogan egon nahi, lanean jarraitu nahi dugu eta gure plataformara jende gehiago erakarri.  

Pregoia botatzeko unea izan zen txarrena?

Aurretik hori pentsatzen nuen, okertzeko beldur nintzen, baina egia esan gero Arriagako balkoiko ateak zabaltzean dena ahaztu zitzaidan, bertsoaren doinua ahazteraino. Entseatu arren, erabat ihes egin zidan doinuak. Ni ez nintzen jabetu unean bertan. Oso indartsu atera nintzen balkoira, eta jendea ikusteak ere indarra eman zidan. 

Zein une izan da onena?

Balkoikoa, pregoiarena beharbada. Egunerokoan jendeak egindako harrera ere ikaragarria izan da, eta oso hunkigarria da Aste Nagusiaren amaiera unea, traineruan zaudela. Lehen egunerako ondo prestatzen zara, baina ez azkenengorako. Sorpresa da. Marijaiari agur egiteko ekitaldia oso desberdina da barruan zaudenean. Deustuko Arraun Taldearen trainerutik azken pregoia irakurtzea oso zaila izan zen. Hunkituta eta nekatuta nengoen, trainerua asko mugitzen zen, argia tarteka zihoan eta kristoren oihartzuna zegoen. Trainerutik jaistean pantalanean zain genituen Jai Batzordeko kideak. Azken une horretan hainbeste denboran gordetako emozioek gainezka egin ziguten. 

Zer du aldatzeko edota hobetzeko Aste Nagusiak?

Ezer gutxi. Sentitu dut bihotzarekin prestatutako jai bat dela. Ez nuen uste hainbesterako zenik. Ematen du jai herrikoiak eginda datozela. Itzela da benetan herrikoiak izateko atzean dagoen lana. Ekitaldi batzuk astunak iruditu zaizkit, sari banaketa batzuk adibidez, beroa eta nekea tarteko, baina partaideen poza ikustean gogotsuago hartu ditut. Zerbait aldatzekotan, arropa freskoagoa jarriko nioke pregoilariari. Sufritu egiten dut beroarekin zenbaitetan.  

Hontzak konpartsaren txosnako apainketaren zati bat kentzeari zer deritzozu?

Nik, pertsonalki, ez nukeen apainketa hori jarriko, baina iruditzen zait adierazpen askatasuna errespetatu behar dela eta ez dela errespetatu kendu zen unean.  

Eta terrorismoa goratzeagatik 20 konpartsaren aurka jarritako salaketari?

Urteroko kontua da. Probokazio hutsa. Finean, ez dute jai eredua gustuko. Beti dabiltza nondik zer harrapatu. Zorionez, ez zuten lortu. Baina txupinerak une txarra pasa zuen, minduta zegoen. Gogorra izan zen bera horrela ikustea. 

Emakumeen kontrako erasorik gabeko jaiak izateko zer egin behar dugu?

Badira gako batzuk: errespetua, gizartearen presioa… Gero eta presio handiagoa dago, eta agian horregatik gero eta gehiago salatzen dira erasoak. Zalantzan nago eraso gehiago dagoen. Zorionez, gehiago salatzen dira. Ni gaztea nintzenean eraso bezala salatzen ez zena salatzen da egun. Beraz, aurrerapauso batzuk eman ditugu. Ez dakit inoiz lortuko dugun behin betirako mota guztietako erasoak desagerraraztea. Badirudi, aurten eraso gutxiago egon direla. Nolabait, handituz zihoan eraso kopuruaren joera apurtu dela ematen du. Formula? Gizartea bera aldatu behar da.  

Ia bi urteko ibilbidea bete du Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak. Zein helburu lortu du?

Gure ikurra oso ezagun egin dugu. Horrek esan nahi du egindako lana errefuxiatuen egoera ezagutarazteko bide onetik joan dela. Beste lorpen bat? Plataforma oso anitza izatea lortu dugu. Hasieran jende heldua ginen, egun, aldiz, gero eta gazteagoak gara. Melillarako karabanara, esaterako, gazte asko etorri dira. Leioako campusean ere badago plataforma bat. Giza mugimendu guztietako jendeak parte hartzen du plataforman. Harrigarria da, konpartsa ia guztietan bada konpartsakide bat plataformako kide ere badena. Horrek kristoren indarra ematen digu.   

Oso aktiboa da plataforma.

Mugitzeko gaitasun handia daukagu. Zierbenan dauden migratzaile eta errefuaxiatuak atxilotu eta bi ordura komisaldegian protesta burutu genuen. Beti dago norbait prest batera eta bestera mugitzeko.

Aurrera begira zein erronka duzue?

Batez ere, Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herriko herritarren jarreran eragitea izango da gure erronka. Horretarako oraindik guztiz definitu gabe dagoen kanpaina bat baliatuko dugu. 'Nik hartzen dut' mezuaren bitartez herritarren konpromisoa pertsonalizatzeko.   

Egun migratzaile eta errefuxiatuentzat Bizkaia pasagunea da. 

Lehen ez, baina orain bai. Iparralderanzko bidean bospasei urte daramate askok. Horientzat gure herria harrera herria izatea nahi dugu. Arratiako jendea oso era politean ari da lanean, eta guk ere hortik jo beharko genuke. Besteak beste, asiloa eskatzen dutenei paperekin laguntzen. Erronka asko ditugu, hortaz. 

Ikastetxeetan sentsibilizazio lanean ere aritu zarete.

Apirileko Ongi Etorri Gernika 2017 ekimenetik apur bat utzita dauzkagu ikastetxeak denbora faltagatik. Berreskuratzea da gure asmoa. Adibidez, Ibarrekolandako Institutua jarri da gurekin harremanetan elkarlanerako.  

Deustualdean Bost Auzo plataforma sortu duzue. Zelako erantzuna izan du?

Ibarrekolandan eta San Inazion bizi garenok jarri genuen martxan. Gainerako hiru auzoetako lagunak falta ditugu, Deustu eta Arangoitikoak, eta hori izango da gure erronka nagusia. Lehenengo ekimena, azaroaren 11n, word cafe erako tailerra eta bazkaria izango dira, mahai gainean jarritako gaiak sakontzeko. Sentsibilizazioa lantzen eta hitzaldiak antolatzen ere jarraituko dugu.  

Energia handiko pertsona zara. Nondik ateratzen duzu indarra?

Grezian eta Melillan ikusitako mugek indarra ematen didate, errealitate hori aurrez aurre izatean sentitzen dudan amorrua indar bihurtzen dut. Pentsatzen dut, 'hauxe gertatzen bada, jarraitu egin behar dugu, kalean egon behar dugu'. Arratian ume jaioberri bat dago, ama migratzailea duena, eta besotan hartzean kristoren indarra ematen dit. Lanean jarraitu behar dugu.  

Baikorra zara? Mundua hobetu eta alda daitekeela pentsatzen duzu?

Hobetu daitekeela? Bai. Alda daitekeela? Oso zaila da. Baina badakit aldatzeko modu bakarra herritarrok kalean mugitzea dela, eta dirua tartean dagoen bitartean nekez aldatuko dugula.  

Zer eman dizu Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak zuri?

Giza mugimenduetan ibilia nintzen, baina nolabait apur bat utzita nengoen. Plataformak indarra eman dit. Lantalde batean gogotsu sartuta egoteak norbere mundua aldatzen du. Plataformako jendea oro har oso jende indartsua da. Kementsua, eta elkar elikatzen dugu. Denok batera ari gara norabide berean mundua aldatu nahian. Gure mundua behintzat aldatu dugu. Nik hasieran ez nekien Ceuta eta Melillako mugan zer zegoen ezta Zierbenako portuan. Inguruan beste errealitate asko daudela konturatu naiz. 

Migratzaileekin lan egindakoa zara orain baino lehen.

Bai, hurbilean ibili naiz, baina irakasle ikuspuntutik beti ere. Orain beste ikuspuntu batetik ezagutu ditut.