Intxixu ikastolak 40 urte bete ditu

prestaldizkaria 2017ko urr. 18a, 10:22

Argazkia: Intxixu ikastola

40 urte pasa dira Intxixu ikastola sortu zela, bai, 40 urte, guraso 'zoro' batzuk euren seme-alabak hazteko San Inazio auzoan euskara aukeratu zutenetik.

Jai handia antolatu zuten atzokoan Intxixuko kideek ikastolaren 40. urteurrena ospatzeko: puxikak eta aurpegia margotzea txikientzat eta ikastolaren historia ezagutzeko aukera nagusiagoentzat, lehen orduetan. Tarta handia ospakizuna borobiltzeko eta musika ederra, hamaiketakoaren orduan eta arratsaldez, karaokea.

Urtean zehar ere, bideo klipa sortu nahi dute ikasleen laguntzarekin. 

Intxixu ikastolaren hasiera, baina, "ez zen erraza izan". Batetik, tokia faltan izan zutelako eta, bestetik, zutena ez zegoelako egoera onean. Itoginak ez zirenean, uholdeak ziren; zuloak ez zirenean, arratoiak…

Hezkuntza zen orduko ardura, "hezkuntza maiuskulaz", eta euskara zen beste ardura, "nola hurbildu, nola kutsatu, nola erraztu" San Inazio auzoan. "Ilusioak, beharrak eta gogoak lekua hartzen zioten leku faltari, arazoei, eskasiari orokorrean", Ander Arana ikastolako kidearen esanetan. 

40 urtetan hainbat espazio ezagutu dituzte Intxixuko ikasleek. Elizak utzitako gela ilunak, Aspace elkarteak zeuzkan gelak, Andaluzia kaleko etxe orratza (han hasi zen lehenengo maila, orduan OHO deitzen zena), La Salle ikastetxeak zaharkiturik zeukan gunea, Sarrikoko Arte Ederren fakultatearen ondoko eraikin aurrefabrikatua... Eskola Publikoaren Lege berriarekin aukera izan zuten sare publikora pasatzeko. San Inazioko Kanariar Uharteak kaleko Batxilergoko institutua Ibarrekolandara mugitu zuten, eta eraikina Intxixu ikastolari eman zioten (baita DBHko IES San Inaziori ere). 

Ordutik leku berean eusten diote Intxixuko lagunek. Urteak joan urteak etorri, ikastola asko handitu da, ikasle eta irakasle asko pasa dira bertatik, eta denek utzi dute euren aztarna. "Denek handitu dute proiektu hau. Poztasunez egonkortu gara eta ikasleak lehen kanpora bazihoazen, gaur egun ikasketak amaitu eta praktiketako maisu-maistra legez datozkigu, irakasle trinko ez datozenean. Gaur, harro gaude gure historiaz, gure ikasleriaz, eta irakasleren batek edota gurasoren batek euren berri dakarkigunean, are harroago".