Migratzaile eta errefuxiatuen errealitatea beste era batera ezagutzeko hitzordua

prestaldizkaria 2017ko aza. 10a, 10:50
Irudia 'Zuk' filmaren karteletik ateratako da

Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren barruan dago Bost Auzo lantaldea. Deustualdean migratzaile eta errefuxiatuen errealitatearen berri zabaldu nahi du auzotarrak mobilizatu asmoz. Ohiko formatuak erabili ordez, bihar, Errondoko auzo etxean world kafe saioa eta bazkaria antolatu dute Bost Auzoko kideek.   

Biharko hitzorduan migratzaileak eta errefuxiatuak bilduko dira, besteak beste, egin duten bidea azaltzeko. Nork bere bizipenak kontatuko ditu. Ez dira esperientzia samurrak. Horregatik erabaki du Bost Auzo lantaldeak ezin zuela ohiko hitzaldirik antolatu, world kafe formatua egokiagoa zela. Hizlariei "hurbiltasuna eskaintzeko". Izan ere, errazagoa da "talde txikietan bildu eta hitz egitea", dio Nati Ovelleiro antolatzaileetako batek. 

Migrazio bizipenak eta harrera esperientziak entzuteko aukera izango dute bihar Errondoko auzo etxera bertaratuko direnek. Baita Etorkizuna skaut taldeko kideen lekukotza ere. Aurtengo udan Atenasen izan dira errefuxiatuekin lanean, eta "gazteei bizitza aldatu dien esperientzia izan da", taldekideen arabera. Melillara Mugak Zabalduz karabanak egindako bidaian ezagututako errealitatea ere konpartituko dute karabanako lagunek.

"Anitzak" izango dira biharko hizlariak. Entzuleak eta partaideak ere anitzak izatea nahi dute Bost Auzoko kideek. Horregatik egin dute bertaratzeko deialdi zabala. Batez ere, Ibarrekolanda eta San Inazioko auzotarrek osatzen duten lantaldera "Deustu eta Arangoitiko jendea ere hurbil dadin". 

Taldeetan konpartitutako bizipen eta ideiak, "ondorio gisa", world kafearen osteko bazkarian zabalduko dituzte denen artean, jardunaldia "borobiltzeko".  

Bost Auzo lantalde irekia da, eta salaketaren eta mobilizazioaren bitartez migrazio eta asilo politikak aldatzea du xede.