Jone Goirigolzarri Garaizar: “Jende asko dago euskaraz berba egin gura duena”

prestaldizkaria 2017ko abe. 5a, 09:19
Argazkiak: Iñigo Azkona

Etxetik kanpora euskara ikasi eta euskaraz komunikatzeko erraztatasuna duten EAEko hainbat pertsona ikertu ditu Deustuko Unibertsitateko Jone Goirigolzarri Garaizar (Bilbo, 1984) ikerlariak Esti Amorrortu, Andramari Irakasleen Eskolako Ane Ortega eta University of Massachusettseko Jacqueline Urlarekin batera bost urtetan. 

Zergatik erabaki duzu etxetik kanpora euskaldundu diren EAEko pertsonak ikertzea?

Gure hizkuntza komunitatearen profila anizten dagoelako. Garai batean euskaldunak ziren etxean euskara jasotzen zutenak. Denborarekin bai euskaltegien bai hezkuntza sistemaren bitartez hiztun asko euskaldundu dira. Konturatu ginen euskaldun horien ikerketa sakonik ez zegoela. Oso inportantea zen guretzat esploratzeko ikerketa bat egitea etxetik kanpo euskaldundutako pertsonen familia irudia edukitzeko, eta irudi horren bitartez ezagutzeko zelako profilak dauden, zelako ezaugarriak dauzkaten, zelako bizipenak euskararenganako… Hiru adar aztertu ditugu: batetik, balio, sentimendu, bizipen eta ideologiaren arloa, bestetik, ikaskuntza prozesuaren arloa eta, hirugarrenik, erabileraren arloa.

Euskara ikasteak poztasuna eta harrotasuna ematen duela aipatu dute hiztunek azterlanean lehen postuan. Emaitza baikorra da?

Oso baikorra da. Orokorrean denek esan digute ‘ni pozik nago euskara jakiteaz’, eta gainera, euskararekiko oso lotura desberdina duten pertsonak pozik agertu dira. Ez dago inor damutu denik euskara ikasteaz. Nahiz eta batzutan prozesua luzea izan den batzuentzat edota atzera-aurreraka ibili diren.

Euskara ikasten hasteko edo berrikasteko, arrazoi eta motibazio ugari egon daitezke. Zeintzuk dira nagusiak?

Soziolinguistikan ere bereizten dira hiru motibazio nagusi, eta gure ikerketan ere agertu dira. Batetik, motibazio identitarioak daude. Hemen jaio eta bizi direnek euskara bertako hizkuntzat hartzen dute, eta beraz hizkuntza hori ezagutzeko gogoa daukate. Frankismoaren osteko lehen garaian euskaltegietara zihoan jende gehiena oso motibatuta zegoen. Horiek behin euskaldunduta, ikasleen belaunaldi berriagoek beste motibazio batzuk dauzkate. Motibazio identitarioa tarteka agertzen da egun ere, baina ez da jada motibazio nagusia. Motibazio instrumentalak ere badira, oso positiboa dena. Euskara hizkuntza gutxitua izanda, askok baliogarritzat jotzen dute instrumentalki. Adibidez, euskara lanpostu bat lortzeko oso inportatea dela oso barneratuta dago gure iruditeria kolektiboan, eta hori baikorra da euskararentzat eta euskal komunitatearentzat. Gero, badute beste batzuk euskararen balio integratzailea motibazio gisa. Bilbo bezalako hiri batean badira integratzeko euskararik behar ez dutenak, baina zure lagun sarea euskalduna bada edota herri euskaldun batera hurbiltzen bazara, orduan bai, plus bat da euskara ikastea. Bizi zaren lekuaren arabera balio integartzaileak garrantzia handiagoa hartuko du.

Euskaldun aktiboa bilakatzea ez da prozesu automatikoa. Bidean agertuko diren erronkei eta ardurei aurre egitea funtsezkoa dela diozue. Zein da ikasleek duten ardura nagusia?

Gaitasunaren gaia behin eta berriro mahaigaineratu dute ikerketan, eta nire ikasleen artean ere asko ikusten dut. Oso arduratuta naukan gaia da. Euskaraz komunikatzeko duten gaitasuna nahikoa ez dela pentsatzen dute hiztun askok, ez dutela jario nahikorik, ez dutelala kaleko hizkerarik edota ez dutela euskalkirik. Eta azpimarratu nahi dut ikerketan parte hartu duten hiztun guztiak gai zirela komunikatzeko. Bik baino ez zuten kostata egiten berba.

Gazteen artean ere badago norbere gaitasuna gutxiesteko joera?

Bilboko Udalaren eskaeraz, Bilboko gazteekin foro bat antolatu dugu, eta harrigarria da zenbat aldiz agertu zen euskalkiaren falta. Ez dakigu ondo euskalkia falta zaien gazteei edo kaleko euskara falta zaien. Nahikoa da zuk zure burua ez sentitzea besteak besteko euskalduna edota besteekin konparatzea pertsona askok esateko, ‘nik ez dut gehiago egingo’. Eta hori brutala da. Nik klasean hori ikusten dut. Ikasleek ez dute gelan parte hartzen ez direlako gai sentitzen bat-batean iritzia emateko. Horrek zer dakar? Euskara betiko gal dezakezula. Oso garrantzitsua da egoera horri aurre egitea.

Zelan egin aurre?

Norberaren gaitasunari dagokionean autokritikoegia ez izaten. Izan ere, normalean norbera askoz kritikoagoa izan ohi da albokoak jasotzen duenarekin alderatuta. Sarritan nire ikasleek pentsatzen esan dute esan beharrekoa ez dutela ondo esan gaztelaniazko hitzen bat erabili dutelako. Hori ahaztu behar da. Komunikatzea da inportatantea, eta horren kontzientzia izatea. Edozeinek esango dizu kanpotik jasotzen dena askoz baikorragoa dela. Gainera, zuk dauzkazun konplexuak etxean euskaldundutako askok ere izan dituzte. Egunerokoan euskaldun askok erabiltzen dituzten estrategiak zure egitea da horretarako gakoa.

Zeintzuk dira estrategia horiek?

Erderazko berbak erabiltzea laguntzen badizu komunikazioa euskaraz burutzen, ondokoak ulertuko ez dizun beldurra uxatzea eta euskaraz egiteak beste pertsona bati euskaraz berba egiteko aukera ematen diola konturatzea, eta hori itzel eskertzen da. Jende asko dago euskaraz berba egin gura duena. Elkarrizketa elebidunak ere balekoak dira, finean, bermatzen dutelako pertsona bakoitzaren hizkuntza askatasuna. 

Zuritik beltzera jotzearen aldekoa ez zara. Zergatik?

Euskal hiztun izatera iristeko bidea konstantziari eustea eta gutxinaka espazioak irabaztea dela uste dut.

Etiketak ere ez dituzu maite. Zergatik ez dira lagungarri?

Garai batean euskaldun berri terminoak bazuen zentzua, perfil berri bat sortu zelako, euskaltegietan euskaldundu zen pertsonarena. Ikerketan, eztabaida saioetan nabarmen geratu da gaur egun, oraindik ere, etiketek indar handia daukatela. Euskaldun berriak zer dira egun? Heldutan euskaldundutakoak? Baina heldutan euskaldundutako asko euskaldun sentitzen dira, eta euskaldun berri etiketari gaitasun nahikorik ez duena edo batueraz berba egiten duena ideiak atxikitzen zaizkio. Euskaldun zahar eta berri etiketak ez du balio profilak askoz anitzagoak direlako. Etiketak utzi egin behar ditugu, azkenean zer gara denok? Euskaldunak. Hor bidea daukagu egiteko. Benetan indarrak batu nahi baditugu, esan behar dugu ‘zu eta ni euskaldunak gara’, zu zure esfortzutik, eta balioan jarri behar dugu hiztun berrien esfortzua, eta esan behar diegu ‘nahi zaitut nire maila berean’.

Hizkuntza ohiturak aldatzea zaila da. Zuk behin eta berriro diozu posible dela. Zelan?

Norberak bere bidea egin behar du. Badaude pertsona batzuk ohitura aldaketa oso bortitza egin dutenak, eta beste batzuk geldiroago egin dutenak. Oso kontutan izan behar da pertsona bakoitzak bere burua noraino ikusten duen gai. Ohiturak aldatzea posible da gogoa badago. Horretarako kontzientzia bat egon behar da, nahia eta indarra, eta era berean jarrera proaktiboa. Zer gertatzen da gure inguruan? Erreaktiboki jokatzen badugu, inguruan dagoenaren arabera, gazteleraz mintzatuko gara eguneko 24 ordutan. Euskal hiztunek jarrera proaktibo hori behar dute gurea moduko hizkuntza gutxitu baten testuinguruan. Jarrera proaktiboa Bilbon adibidez oso garrantzitsua da kontzientzia handiagoa edo txikiagoa dutenen artean. Bizitzak oso aldakorarrak dira, uneoro gaude espazio berrietan sartzen, jende berria ezagutzen. Garrantzitsua da une horietan, muda posible den aldaketa horietan, txipa prest izatea, ‘hemen aukera bat dauka’ esateko. Adibidez, unibertsitatean sartzeko orduan, euskaraz egiten duten taldera hurbilduta. Aukera berri bat sortzen den aldiro aktibatzea, eta ‘orain bai’ esatea.

Euskararen erabilera sustatzeko Berbalagun taldeak, irakurketa taldeak, dantza taldeak, Darabilbo… bezalako ekimenak daude. Zer deritzozu?

Itzela da auzo eta herri guztietan berbalagun taldeak izatea astean behin ordubetez edo bi orduz euskaraz egiteko. Tabernari eta merkatari euskaldunak ere badira, eta horiengana joanez gero badakizu euskaraz egingo duzula. Dantza taldeetan ere giro euskalduna izaten da. Bada, sartu, sartu talde horietan. Aukera guztiak balitu behar dira euskara erabiltzeko. Kafe bat euskaraz eskatzea edota idazkari bati euskaraz egiteak txikikeria dirudite. Baina horrelako interakzioek indar handia ematen dute. Energia txuteak dira. Inportantea da barneratzen joatea interakzioak eguenokoan. Uste baino garrantzitsuagoak dira interakzio txikiak sentitzeko euskara erabilgarri dela egunerokoan.

Komunikabideek zelako papera jokatzen dute euskal hiztunen aktibazioan?

Oso garrantzitsua. Deustualdeko PREST! euskarazko hedabidea, Berria, Argia… kontsumitzera ohitzen banaiz azkenean euskara nire egunerokotasunaren parte izango da.

Euskaldunen aktibaziorako hainbat ekimen jarri dira martxan, besteak beste, Deustualdean 11 Egun Euskaraz. Zer deritzozu?

Une honetan giltzarriak dira. Aspaldion gabiltza esanez ‘hemen erabilera da arazoa’. Ezagutza orokortzen doa. Belaunaldi berriak euskaldunak dira, baina erabilera da gakoa. Benetan aukera oso-oso onak dira jendea aktibatzeko, eta baita esperientzia horiek ikertzeko eta prozesu horietatik ikasteko. Gure hurrengo ikerketa hortik doa, etnografia ezagutuz aktiobazio prozesuak barrutik aztertuta hobeto ezagutzea. Guzti honek izan dezake arrakasta badagoelako gogo handia. Jende asko dago, jarrera proaktiboegia izan gabe, pozik barneratuko lukeena euskara egunerokoan maila handiagoan edo txikiagoan.

Zein ekarpen egiten dute euskaldunen aktibazio ekimenek?

Behetik gorako eta goitik beherako militantzia hori antolatzeko gakoak ikasteko aukera eskainiko dute. Etorkizuneko beste proiektu batzutarako ere garrantzitsuak izan daitezkeenak. Ea ekimenok jendearen gogoa piztu eta inplikazioa lortzen duten.

Euskal Herri osokoa izango da 11 egun euskaraz erronka 2018an. Bilbotarrak mobilizatzea lortuko dugu?

Hiri masiboa da Bilbo. Auzo mailan errazagoa da inguru euskaldunen bat beti aurkituko duzulako. Jendeak taldean dagoela sentitzen duenean eta erronkatzat hartzen duenean, eta erronkak gustatzen zaizkigu guri, zerbait motibagarria denean eta horrek laguntzen duenean txarto-ondo bezalako kategoriak ezabatzen, orduan esperientzia oso politak sor daitezke. Antolatzaileez gain ea lortzen den hurbilekoak eragile bihurtzea. Oso, oso, oso ekimen aproposa izan daiteke. Herri batzutan hobeto funtzionatuko du eta beste batzutan ez hain ondo zeren honek inplikazioa eta lanketa handia eskatzen du, eta horretarako jende motorra behar da bazter guztietan. 

2018ko erronkaren atzean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza eta tokian tokiko elkarte eta Udalak daude. Zer deritzozu elkarlanari?

Bilboko 11 egun euskaraz ekimenaren gakoetako bat izango da behetik gora eta goitik behera ondo uztartzea. Zelan egin hori? Zein funtzio iznago duten Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, elkarteek eta elkarteetatik kanpoko norbanakoek? Uste dut erakundeen babesa oso inportantea dela, eta erakundeek bi eginkizun izan behar dituztela. Batetik, sustatzaile gisa. Laguntza ekonomikoa eman beharko dute, ze hori gabe oso gatxa da. Benetan apostua egin behar dute euren normalkuntza planetan txertatzeko horrelako egitasmoak. Uste dut aukera oso ona dela eurentzat ere politika mailan planteatzen dituztenak egikaritzeko. Bestetik, garrantzitsua da eurak ere agente bihurtzea. Adibidez, Bilboko Udala izan daiteke bere langileen artean ekimena sustatzeko eragilea. Bi esparru horietan jokatzea izan behar dute helburu.