Bertsoa Deustura

prestaldizkaria 2017ko abe. 13a, 08:54

Mota guztietako entzuleak asetze aldera, Bertsoa Deustura egitasmoaren baitan, Deustuko Herriko Tabernak, Elorri Bertso Eskolak eta AEK Matxintxu Euskaltegiak egitarau oparoa prestatu dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala den aste honetan.

Elorri Bertso Eskolako kide Markel Barojak eta Ander Anakabek bertso gosaria eskainiko diete gaur, abenduak 13 asteazkena, AEK Matxintxuko ikasleei goizeko 10:00etan Deustuko Herriko Tabernan. Bertsolaritzaren oinarriak azalduko dizkiete, neurriak, doinuak, ariketa motak, etab. 

Egun berean, arratsaldeko 19:30ean Antton Aizpuru debarrarekin Bertso txapelketarako entzuleak prestatzen mahaingurua izango da. Txapelketan nola/zer puntuatzen da? Zer baloratzen, zer penalizatzen, nolako amaierak, arrazoiak...? Txapelketan kantatutako zenbait bertso ere aztertuko dira hitzorduan. 
 
Abenduaren 17an, igandea, BECera joateko sarrerarik gabe geratu diren entzule horiek ere aukera izango dute saioa zuzenean jarraitzeko. Horrez gain, indaba jana ere egongo da indarrak hartzeko goizeko eta arratsaldeko saioen artean. Bonoak Deustuko Herriko Tabernan daude salgai bost eurotan.