Dibertitzeko, kabareta

prestaldizkaria 2017ko abe. 26a, 11:54

Cabaret Chichinabo Pabiloi 6ra itzuliko da hirugarrenez gaurtik aurrera. Felipe Lozaren testua 10 aldiz taularatuko du aktore taldeak Deustuko Erriberan, "ondo pasatzeko jendeak duen gogo eta eskariari erantzunez".

Arrakastatsuak izan dira Pabiloi 6k ekoitzitako bai Cabaret Chihuahua (2013) bai Cabaret Chichinabo (2015) antzezlanak. Biak Felipe Lozaren testuetan oinarritutakoak. Biak "oso freskoak" aktore eta koreografo lanetan aritu den Ugaitz Alegriaren arabera. Besteak beste, egungo gaiak jorratzen dituztelako, modu komiko eta kritikoan, eta zuzeneko musika eta dantza eskaintzen dituztelako. Publikoa dibertitu egiten da. Alegriaren hitzetan, "jendeak ez du drama gogorik, antza", eta horregatik ez da eten bi kabaretak ikusteko eskaera. Izan ere, eskaera egon badagoelako jarraitzen dute bi ikuskizunekin. "Plazera" da aktoreentzat. "Jendearen harrera ikusita, oso pozgarria da guretzat jendea aretotik zelan irteten den ikustea". 

Chihuahua, antzindaria, Deustuko Erriberatik urrutira iritsi da, herriz herri ibili ostean, Madrilera, eta baita Euskalduna Jauregira ere. 

Chichinabo ez da Deustuko Erriberatik irten, Alegriaren esanetan, eszenikoki mugitzea zailagoa delako "baliabide konplexuengatik". Nork daki egunen baten bidaiatzeari ekingo ote dion. 

 

Chichinaboren itzulera

2015eko eta 2016ko abuztuan, irailean eta urrian Pabiloi 6n egon eta gero, hirugarrenez itzuliko dira Cabaret Chichinabo-ko lagunak Pabiloi 6ra. Gaurtik abenduaren 30era eta urtarrilaren 2tik 6ra, guztira, 10 emanaldi eskainiko dituzte. Aktoreak, Chihuahuan baino gehiago, aurretiaz Chihuahuan ibilitakoak dira, Koldo Olabarri deustuarra ezik. Ugaitz bera, Irene Bau, Jon Casamayor eta Koldo Olabarri –paper berean–, Quique Gago, Olatz Ganboa, Karmele Larrinaga solokoetxetarra, Iñaki Maruri, Itxaso Quintana eta Mitxel Santamaria. 

Deustuko Erriberara gabonetan hurbilduko diren antzerkizaleen artean, "batzuk estrainekoz ikusiko dute Chichinabo eta beste batzuk bigarrenez edo hirugarrenez". Horrela aitortu diete zaleek aktoreei funtzio ostean bat egin dutenean.  

Felipe Lozak hirugarren kabaret lan bat idatziko duen galdetuta, Ugaitz Alegriak ez dakiela dio. Bera eta gainerako aktoreak, behintzat, "desiatzen" daude. 

 

pabellon6.org/event/chichinabo-cabaret