Joan den irailean Udalak Deustuko Gazte Lokala utzarazteko agindua eman zuenean zurrunbilo handia sortu zen auzotarren artean. Asanblada jendetsuak izan ziren, eta horietatik azpitaldeak sortu ziren. Harremanen azpitaldeko lagunak dira, besteak beste, Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataforma (DeGLAP) eratu dutenak.
Plataformako kideak “harantza eta honantza” ibili dira azken asteotan Deustuko merkatari eta elkarteei Gazte Lokalaren aldeko atxikimendua eskatzen. Zailtasunak izan dituzte Gazte Lokaleko kideek auzotar guztiengana heltzeko, eta heldu ezin daitezkeen eremuetara iritsi ahal izateko lanean aritu dira plataformako lagunak. Batik bat, “adinean nagusiagoak” diren bizilagunen atxikimendu bila aritu dira. “Iritzi publikoan eragin dezaketen herritarren” atxikimendu bila.
Egindako lanak eman du fruitua. Sostengu handia lortu dute. Merkatari, tabernari, elkarte eta talde asko izan dira Gazte Lokala defenda dezagun dioen banderola horiarekin argazkia egin dutenak babes keinu gisa. Argazkiekin kartel handi bat osatu dute eta epe laburrean babesa eman duten saltoki eta tabernetako ateetan egongo da kartela ikusgai.
Auzotarrek, oro har, azte Lokala “begi onez ikusten dute, ez delako bakarrik gazteen kontua”, dio plataformako ordezkari batek. Izan ere, Deustu udalerri independentea izan zela gogorarazten duen aztarna bakarrenetakoa da. Eraikina egoera onean dago, zaindu eta eraberritu egin dutelako gazteek. Eta nabarmentzekoa da 26 urteetan izan duen erabilera kolektiboa. “Deustuko herri mugimenduak zein auzo elkarte ezberdinek erabili, kudeatu eta zaindu dute”. Horregatik, Deustuko Merkatu Zahar bezala ezaguna den eraikina mantentzeko sinadura eskatzean, “inork gutxik egin dio uko” eskaerari. “Publikoaren onurarako” erabili dela pentsatzen dute deustuarrek, eta bere desagerpenak espazio hori “publikoari kentzen zaiola” irizten diote.
Ondare Batzordea
Iñaki Uriarte arkitektoaren eta Deustuko historian aditu Txema Luzuriagaren laguntzari esker, plataformak hainbat urrats eman ditu. Besteak beste, merkatu zaharraren “garrantzia anbientala” zehaztu dute eta eraikitze data uste zena baino 22 urte atzerago kokatu dute. Agirietan aurkitutako informazioaren arabera, 1886an ixteko agindu zuten Deustuko kanposantuaren gainean eraiki zen merkatua. Hortaz, “askoz jota”, 1888an eraikiko zuten, eta ez 1910an. Txema Luzuriagak, katastro digitalizatuan ziurtatu du 1910 ez dela merkatuaren eraikitze data, eraberritze data baizik.
Plataformaren hurrengo urratsa bildutako sinadurak Bilboko Udaleko Ondare Batzordera eramatea izango da, Gazte Lokalaren eraikina manten dezan eskatzeko. Horretarako arrazoiak hiru dira: “eraikinaren adina zein bere izaera historiko eta sinbolikoa, eraikinak azken 26 urteetan izan duen erabilera kolektiboa eta eraikinaren egoera ona”.
Une honetan, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berritzen ari da Bilboko Udala –2018 amaieran onartzea aurreikusita dago–, eta Ondare Batzordeak, plataformak emandako arrazoiak aintzat hartuta, Udalari eska diezaioke HAPOren barruan txerta dezala Gazte Lokala babestu beharreko eraikinen katalogoan. Izatez, hori eskatuko dio, baina plataformako kideek ez dute uste onartuko duenik. “Baina, behintzat, Deustun merkatu zaharra babesteko aldekotasuna badagoela ikus dezaten balioko du”.
Ez dute nahi eraikina botatzerik. Lursailean “ezer gutxi” egin daitekeelako. Ez dute nahi “txikia” dela dioten espazioan eraikin berri bat egiterik “auzotarrak proiektu horren kontra daudelako”. Eta azkenik, eraikitzen bada “ondoko eraikinetako bizilagunen leihoak estaliko dituelako”.