Erasmus saria eta bere “inpaktua” Botikazarren

prestaldizkaria 2017ko abe. 20a, 08:13

Atzo jaso zuten Botikazar BHIko ordezkariek Erasmus Sari Nazionala

Erasmus programak 30 urte bete dituen urtean, aurten alegia, eskuratu du Botikazar BHI ikastetxeak Erasmus Sari Nazionala. Pozarren agertu dira ikastetxeko ordezkariak, besteak beste, atzerrian ikasitakoa Deustura ekarri eta bertan ezartzeko aukera izan dutelako. Eta, bai, jakintza eta egiteko modu berriek “inpaktua” izan dute. 

Nazioarteko proiektua izaki, Idoia Pujana Botikazar BHIko zuzendari eta Erasmus programen koordinatzailearen arabera, ezinbestekoa da ikasle, irakasle eta gurasoen inplikazioa. “Denok sinetsi behar dugu”, bestela ez da posible Europako herrialdeen artean ikasle eta irakasleen mugikortasuna ahalbidetzen duen Eramus programa arrakastaz gauzatzea. Eta Botikazarren badute beharrezkoa den inplikazioa. 

Inplikazio horren adierazgarri, zentroaren programa bat saritu zuten atzo Madrilen. Batxiler eleanitzen kalitate integralaren hobekuntza izenekoa, hain zuzen. Bi urtetan, bederatzi saiotan banatuta, ikastetxeko irakasleak Norvegia, Austria, Alemania edota Herbereetako ikastetxeetan egon dira “klaseen metodologia, ikastetxeen funtzionamendua eta bestelako esperientzia interesgarriak ikasten”, gero Deustura ekartzeko. Eta ugariak diren Eramus proiektuen artean, Botikazarren horixe aukeratu dute bere arloko onenetakoa. 

Sariak asko poztu ditu, bai aitortzagatik bai ikastetxean eragin duen “inpaktuagatik”. Izan ere, hasi dira ezartzen, eta “ezartzen jarraituko dugu”, dio Idoia Pujanak, kanpoan ikasitakoa Deustuko ikastetxean. Esaterako, egunerokoan ikasgai asko izan beharrean, gutxiago eta ohi baino iraupen luzeagoa dutenak dauzkate ikasleek zenbait ikasgaitan. Horrela, bi orduko saioek “taldelana, praktika, aurkezpen gehiago eta arazo zehatzei irtenbidea emateko modua sustatzen dute”. Ikasleek eskertzen duten aldaketa da, hobeto antolatzeko aukera ematen dielako. 

Ahozkotasuna da Europako ikastetxeetan asko lantzen den beste arlo bat, letretan zein zientzietan. “Hemen, ordea, ez”, eta hori dela eta, aurrerantzean Botikazarren ahozkotasunari bultzada ematea erabaki dute. 

Europan zehar ibili eta gero espazioaren garrantziaz ere jabetu dira irakasleak. “Hemen, XXI. mendeko ikaslegoa, XX. mendeko irakaslegoa, XIX. mendeko instalazioekin jarraitzen dugun bitartean, esan ohi denez. Gure ikasgelak duela 200 urte bezala daude antolatuta oraindik”. Zorionez, ildo horretan ere, “aldaketa izugarriak” gertatu dira euskal hezkuntzan. Botikazarren ere ahalegindu dira aldaketak egiten, espazio asko ez izan arren, ikastetxea “erakargarriagoa” izan dadin: “Urtero ikasleen erdiak berriak dira gure zentroan, eta nahi dugu haiek ere ikastetxeko parte sentitzea, gustura egotea”. Horretarako, besteak beste, ikasleek eurek sortutako taldeei –emakumeen taldea edota euskara taldea– laguntza ematen die zentroak. 

Aldaketa guzti hauek, eta ikasturtean zehar egingo dituztenak “ez dira kristoren iraultza”,  Idoia Pujana zuzendariaren hitzetan. “Onura dakarten detaile txikiak dira”.

Ikasturte honetan beste Erasmus proiektu batean mugilduta daude Botikazar BHIko lagunak. Oraingo honetan, “ikasleek irakasleak nola ebaluatzen dituzten eta ikastetxeko jarduerak nola ebaluatzen dituzten ikasi eta hobetzeko”.