Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde Deustun lortutako aniztasunik zabalena

prestaldizkaria 2017ko abe. 22a, 07:14

Gaur, hilak 22, Giza eskubideak, konponbidea eta bakea oinarri izango duen manifestazioa antolatu du Deustuko Sare lantaldeak. Ekimena hainbat eragiletako eta talde politikotako norbanakoek babestu dute. Deustuarrak edo Deusturekin lotura estua duten lagunak dira. Babes anitz hori kalean irudikatzea dute helburu. 

Manifestazio buru anbulantzia itxurako kotxe bat izango da, eta bere atzean, Giza eskubideak, konponbidea eta bakea goiburua duen lehen pankartari eusten mobilizazioari babesa agertu dioten lagunak. Ideologia ezberdina duten herritarrak. Deustun oso ezagunak diren pertsonak. Sindikalgintza munduko Mikel Noval (ELA), Urtzi Ostolozaga (LAB), Alfonso Rios (CCOO), Josu Zalbidea (Steilas) eta Josu Balmaseda (ESK) edota politika munduko Juan Antonio Alonso (EH Bildu), Pedro Huidobro eta Luis Antonio Diez (Podemos-Ahal Dugu) eta Garazi Perea (Sortu), besteak beste.  

Podemos-Ahal Duguko auzotarren babesa da “berritasuna” gaurko mobilizazioan. Jose Morales Deustuko Sare dinamikako kidearen esanetan, jasotako babesari esker, “lortu dugu aniztasun irudia ematea”. Horrela, “Deustuko herriak ikusiko du Sare zerbait anitza dela. Ideologien gainetik, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen defentsak batzen gaituela irudikatzea nahi dugu”. 

Azken hilabeteetan, "euskal presoen dispertsioaren eta urruntzearen aurka", deustuarren 1.000 bat sinadura bildu ditu Sareko lantaldeak kalean paratutako mahaietan. "Beste urrats bat emateko eta denok batera kalera irteteko unea" dela dioen mezua babestu dute. 

 

Zerbait desberdina

Ez dute ohiko manifestazioa antolatu. Hori dela eta, “zerbait desberdina” egin asmoz, 19:00etan Done Petri plazatik abiatuko dira, Madariaga kalerantz, Muebles La Frabricatik gora Agirre lehendakariaren etorbidetik Deustuko zubirantz jotzeko. Zubian, manifestazioko partaideek ilara osatuko dute. “Ea heltzen garen zubiaren beste aldera”, bota du erronka gisa Moralesek. Inguruan jende asko egongo dela aurreikusten du, gabonetako erosketak egiteko garaia izaki. 

Giza katea osatu ostean, zubiaren hasieran ekitalditxoa egitekoak dira, eta bertan, besteak beste, urtarrilaren 13an Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia zabalduko dute.