Jaime Udaeta Urruela, eskultorea: "Amets pozgarri ugari eman dizkit arteak"

Nerea Olaziregi 2018ko urt. 4a, 09:00
Jaime Udaeta Urruela eskultorea (Argazkia: Iñigo Azkona)

Pertsona apala da eta anonimotasuna bilatzen du. Londresen Cristina Iglesias artistarentzako berriki egindako lanari buruz hitz egiteaz baino, nahiago du Amurrioko tailerrean egiten dituen eskulturez mintzatu.

Ez dituzu elkarrizketak gustuko. Zergatik?

Nire bizitza xumea da eta ni ere bai, ez dut gustuko publikoki agertzea. Nire ustez, hori da artista izatearen alderik gogorrena eta saihesten ahalegintzen naiz. Lana da aintzat hartu behar dena, eta bere atzean dagoen pertsona anonimoa izan behar dela uste dut.

Eskultore, artisau eta zaharberritze lanetan ibilitakoa zara. Zertan zabiltza gaur egun?

Eibarko Alfa Arte enpresan egiten dut lan, brontze ukituak egiten dituen sail batean. Zazpi hilabete daramat han gustura. Lan handia dago, beraz bertan segitzea espero dut. Mundu mailako artista ezagunentzat egiten dugu lan. Bestaldetik, baditut hainbat proiektu esku artean. Urduñan Iban Fandiño toreroaren busto bat, bes- teak beste.

Alfa Artek Londonera eraman zaitu. Esperientzia interesgarria izan da?

Bai, oso aberasgarria. Beste lau lankiderekin joan naiz Cristina Iglesias eskultore donostiarrak Bloomberg eraikinean –gaur egungo burtsa– Ahaztutako errekak lanari azken ukitua ematera. Ur eta brontzez egindako eskultura ikusgarria da.

Nola sartu zinen arte munduan?

Txikitatik, Amurrion, Abiaga baserrian beti egon da zeregina. Han hasi nintzen eskuekin lanean. Egurrarekin izan nuen lehen kontaktua hesolekin izan zen. Hesiak egiteko erabiltzen nituen animaliek alde egin ez zezaten. Orduan 12 edo 13 urte izango nituen. Beranduago lan horren arlo kontzeptualak erakarri ninduen.

Formazioa jasotzea erabaki zenuen orduan?

Bai, Amurrioko Zeramika Eskolan hasi nintzen, eta sakontzeko gogoa piztu zitzaidan. Debako Arte Eskolara joan nintzen bi urtez. Bertan esku-hartze artistikoa, grabatua, egur eta harri taila ikasteko aukera izan nuen, besteak beste. Handik artisautza azoketan parte hartzen hasi nintzen 2000. urtera arte edo.

Garai horretako zein oroitzapen duzu?

Urte batzuk oso onak izan ziren, nire kabuz egiten nuen lan, produktu originala nuen, sustraiak egiten nituen, erlauntzak eta zeramikazko bota zaharrak (mendikoak, militarrak, John Smith itxurakoak...). Oso ondo saltzen ziren.

Hainbat erakusketa ere egin dituzu.

Bai, lehenengoa 1999an Amurriko Kultur Etxean. Orduan azokak alde batean utzi eta eskultore lanetan murgiltzen hasi nintzen. Deban eta Gasteizen ere hainbat erakusketa egin ditut. Bibat museoan eta Artiumen, adibidez

Eta zein herritan ikus ditzakegu zure lanak?

Amurrion Juan Ramon Ruiz margolariarekin batera, zazpi metroko zabalera eta hiru metro eta erdiko luzera duen altzairuzko erle eta matxinsalto bat dut. Muskizen nik egindako Dolores Ibarruriren bustoa dago eta Gasteizko Osakidetzako bulego baterako egurrezko eskultura bat ere egin nuen.

Kontratatzen zaituztenean, proposamen itxiak egiten dizkizute ala sortzeko aukera izaten duzu?

Denetarik dago, nik nahiago dut proposamen irekia izatea eta nik neuk erabakiak hartu ahal izatea. Zailagoa izan arren, emaitza hobea izan ohi da.

Sariren bat jaso duzu inoiz?

Batzuk. Arabako Foru Aldundiak Blas de Arratibel saria eman dit lau urtez.

Inspirazio iturririk eta unerik baduzu?

Egia esateko ez, edozein momentutan eta egoeretan etor daiteke ideiaren bat. Materiala eta lan tresnak baldintzatzen nau, eta gehienetan hori izaten da nire abiapuntua. Urteak daramatzazunean lanean, bakoitzaren aukerak ezagutzen dituzu eta badakizu noraino hel zaitezkeen. Horrek segurtasuna ematen dizu sortzerako orduan.

Eta lan egiteko toki kuttunik?

Tailerra. Baserrian. Ideia izanez gero bertan irudikatu ahal duzu moduren baten edo bestean. Bozetoa edo maketa egiten dut eta, pena merezi badu, hortik abiatzen naiz.

Zenbat ordu ematen duzu tailerrean?

Ahal beste. Oso gustura sentitzen naiz han. Bakarrik eta lanean.

Identifikatzen zara bereziki materialen batekin?

Egurrarekin. Harria eta burdinaren gogortasuna ere maite dut, baina egurrarekin geratzen naiz zalantzarik gabe. Bere testura eta noblezia atsegin dut, bizirik dagoen material bat da.

Arteaz bizitzea ez da beti erraza izango.

Ez, hasiera gogorra izan zen. Tailerra Aiara bailarako beste artisau batzuekin eta hainbat musika talderekin partekatzen nuen. Hura bai zela inspirazio iturri handia. Ordu asko sartzen nituen eta etekin gutxi. 2012tik aurrera ere une latzak pasatu ditut krisiaren kontuarekin, eta gustuko ez ditudan lanak egin behar izan ditut.

Zeintzuk izan dira garairik onenak?

2000tik 2005era. Orduko oso oroitzapen ona dut, lana topatzea erraza zen eta proiektu interesgarriak atera ziren. Batzuk nik proposatutakoak eta beste batzuk niri eskainiak.

[Eskupilotako eskua, Itsas karakola tronpeta eta Kaskeru fina]

Zer ematen dizu arteak?

Amets pozgarri ugari eman dizkit. Zoriontsu sentitzen naiz artean pentsatzen dudanean. Lana baino urrunago joatea gustatzen zait. Eskultura on batek hiru alde izan behar ditu: gustu ona, artistaren eskua eta kontzeptua.

Zure lana aintzat hartzen dela uste duzu?

Batzuetan. Ez dut uste arrakasta duten guztiak onak direnik, badago artista on asko behar bezala baloratzen ez direnak. Nafarroako Jose Ramon Anda aipatuko nuke horien artean, egurraren maisua da, eta ez dute nahiko nukeen moduan aintzat hartzen.

Etorkizunean pentsatzen duzu?

Ezinbestean, bi seme-alaba ditut, eta ez didate beste aukerarik uzten.