Izan ere, hamaika egunez 1.000 euskaldun baino gehiagok euskaraz bizitzeari ekin zioten hamar egun lehenago, azaroaren 23an. Aperitifa bezperan izan zen, argazki erraldoia egitera deitu zen egunean. 200 lagun agertu ziren Done Petri plazan. “Hasieran urduri geunden, ordua hurreratzen ari zen eta plazan inor ez, baina bat-batean jendea agertzen hasi zen tantaka eta kioskoa bete genuen”, azaldu digu Jonek, lantaldeko kideak.
Aurtengo 11 egun euskaraz ekimena hurrengo urteko Euskaraldirako proba-saiotzat aurkeztu bazen ere, deustuarrek serio hartu dute aktibatze-kanpaina. Jendearen erantzuna sorpresa izan da proiektua martxan jarri zenetik, aurreikuspen guztiak gainditu direlako. Lantaldea urrian biltzen hasi zen, eta izen-ematea martxan jarri eta berehala, 400 lagun apuntatu ziren, propaganda handia egin barik. Lantaldeko Karlosek urriko PREST!-en pista bat eman zigun, bere ustez “zenbait euskaldun horrelako ekimen baten zain” egon direlako. Kopuruak alimalekoak dira: hasiera batean, 100 Ahobizi eta 150 Belarriprest lortzea izan zen erronka, eta, txapak banatu aurretik, erronka guztiak labur geratu ziren, 1.000 lagunen muga gainditu arte. Txapak banatzean ere komeriak izan ziren, hain arin amaitzen ziren, non aste berean hiru hitzordu antolatu baitziren Belarriprest eta Ahobizi txapak egiteko.
Txapak ez ezik, beste lan asko ere egin behar izan dituzte urritik abendura, eta lantaldearen zein laguntzaileen lan egiteko prestasunari esker proiektuak aurrera egin du, egokitzen zen lana egokitzen zela, baten bat lanerako prest egon delako beti. Rupiren iritziz “erraza izan da elkar-ulertzea eta egundoko lana egin dugu, lastima giroa berotu orduko 11 egunak gainean eduki izana”. Izen-emateak eman dizkien buruhausteak aipatu ditu Jonek: “Azken egunetan gero eta izen gehiago jasotzen genituen, bai korreoz, bai buzoian, guztiz gaindituta geunden, eta datuak pikatzeko txandak antolatu genituen”. Batzuetan binaka antolatu ziren, batak besteari datuak ‘kantatzen’ zizkiola, eta bestetan bakarkako lana tokatu zen. “Lantalde eta laguntzaile kideengatik ez balitz, oraindik han egongo ginen izenak kopiatzen”, gaineratu du Jonek barreka.
Lantaldearen ustez ahoz-ahokoak oso ondo funtzionatu du eta hainbat erakunderen lana azpimarratu dute. Besteak beste, hezkuntza zentroak eta Hizkuntza Eskola aipatu dituzte, bertoko irakasle eta gurasoen bultzada funtsezkoa izan delako proiektua zabaltzerakoan. Esate baterako, Intxixu edota Deustuko Ikastolan irakasleek eta gurasoek informazio-mahaiak jarri zituzten jolastoki orduetan, eta Hizkuntza Eskolan 70 lagunen parte-hartzea lortu zen bertoko irakasleei esker. Lantaldeko kideek azaldu dutenez, sare hau aktibatzea posiblea izan da Berbaizu euskara elkarteak urteetan egindako inurri-lanari esker, eta Deustualdeko Euskararen Unibertsoa adibide gisa jarri dute: “Hezkuntza zentroetako 400 lagunek parte- hartu dute, gurasoak zein irakasleak, langileak nahiz ikasleak, eta hura posible izan da Berbaizuk aurrelan itzela egin duelako, hemen euskara elkarte bat dagoelako”.
Belarriprest edo Ahobizi
Irailetik bertatik, Berbaizuko kideak lehen, eta 11 egun euskaraz-eko kideak lekukoa hartzean, mahaiz mahai eta lagunez lagun ibili dira aktibatze kanpaina azaltzen. Euren berbetan esplikatu zuten Deustualdeko esperientzia ez zela zorakeria bat, saiakera edo proba bat izango zela Euskaraldiara begira, eta ez zutela ezer berririk asmatuko, Agurainen edo Lasarten horrelako esperientziak jada antolatuta zeudelako. Parte hartzeko ereduari dagokionez, Lasarteko ereduari eutsiko zitzaiola azaldu zuten, Euskaraldian egingo den modura, bi rol definitzen dituena: Ahobizi eta Belarriprest. Lehenak euskaldunekin euskaraz hitz egiteko eta ezezagunekin lehen berba euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuen, bigarrenak berriz euskaldunei euskaraz entzutea. Partaideek bere rolei eusteko eta Janire Soldevilak diseinatutako txapak begi-bistan eramateko konpromisoa bete behar zuten. Horrekin batera, laster bidaliko zaien inkesta erantzun beharko dute, neurtzeko zertan eta norekin aldatu diren euren hizkuntza-ohiturak. Kopuruei erreparatuz gero, Ahobiziak nagusi izan dira alde handiz eta Belarriprestak lortzeko arazoak egon direla aitortu dute lantaldeko kideek, baita ekitaldietara hurbiltzeko ere. Berbarako, azaroaren 30ean antolatutako topaketetara Belarriprest bakarra hurbildu zen. Euskaraldira begira eurei zuzendutako tailer propioak antolatzea aurreikusi dute. Era berean, hirugarren figura bat sortzea aztertzen ari dira, euskara gutxi jakin arren, hizkuntzarekin jarrera abegikorra dutenek parte har dezaten, Agurainen edo Lizarran gertatu den modura.
Hamaika egun hauetan asko izan dira gertaturiko pasadizoak, anekdotak, konplizitate keinuak edota frustrazioak, 11 egun euskaraz-eko blogean propio bildu direnak. Esaterako, Jaione Ayestaranek bere auzoko harakina euskalduna zela jakin zuenekoa, edota Maitane Jaiok jasotako erantzun on eta naturalak, Ahobizi gisa indartu dutenak. Halere, ahulguneak ere egon dira. Adibidez, Nerea Olaziregi behin baino gehiagotan deseroso, lotsatuta eta nekatuta sentitu izan da, eta Maddi Argotek deseroso sentiarazi duten begiradak jaso izan ditu, eta lagunekin taldeka euskaraz egiteko zailtasunak ere bai. Dena dela, orokorrean sentsazio onak aipatu dituzte lekukoek. Lantaldea ez da balorazioa egitera ausartzen, inkestak jaso arte behintzat. “Gure helburuak bete ditugun ala ez jakiteko, partaideen inkestak jaso behar ditugu lehenik, bestela gure sentsazioak besterik ez ditugu kontuan hartuko”, diosku Karlosek. Arestian aipatu bezala, aurki bidaliko dute eta bi inkesta izango dira batera. Bere berbetan, 11 egun euskaraz hasi aurreko hizkuntza-ohiturak eta bitartekoak neurtu nahi ditugu”. Galdetegiari azken ukituak ematen ari zaizkio, eta hamar galdera itxi eta bat irekia izango dira. Erantzunak urtarrilaren lehengo astean jaso nahi dituzte, eta aztertzeari ekingo diote orduan.
Euskaraldia jomugan
11 egun euskaraz aurkeztu zenetik, lantaldekoek behin eta berriro aipatu izan dute Euskaraldiara begirako froga bat antolatuko zutela. Hura amaituz geroztik, 2018ko erronka dute jomugan, Deustualdeko euskaldunak aktibatu ziren egunean, kasualitatez, Arriaga antzokian aurkeztu zena. Bilbon bertan talde-motor bat eratu da Bizkaiko hiriburuko ekimena antolatzeko. Hilabete batzuk daramate biltzen eta hainbat lantalde osatu dituzte, besteak beste, ‘Auzoetako lantaldea’, non 11 egun euskaraz-eko Jonek eta Rupik parte hartzen duten. Asmoa litzateke auzo bakoitzak bere jarduera propioak kudeatzea eta bat datoz biak, izan ere, Bilbo “munstro bat” da, zonalde bakoitzak bere ezaugarri propioak dauzkalako eta tokiko jendeak ondo jakingo duelako zer beharrizan dagoen. Bien bitartean, 11 egun euskaraz-ek bere hurrengo hitzorduak dauzka buruan: Inauteriak eta Deustualdeko jaiak. Orduan udagoienean aktibatutako euskaldunak berriz aktibatu nahi dituzte, urtebete luzea izan daitekeelako, bestela. “Pilatutako tentsioa mantentzeko, jai-egun pare bat hartu eta jendeari txapa janzteko gonbita egingo diogu”, diosku Jonek. Dena dela, oraindik asko falta da horretarako, eta beste lehentasun batzuk daude gaur egun: 11 egunek hizkuntza-ohituretan eragindakoa aztertu, oporretan indarrak berritu eta, batez ere, konturatu sortu duten ekimenak aurreikuspen guztiak gainditu eta Deustualdeko euskaldunak euskaraz berbetan jarri dituela. Ez da marka makala.