Zergatik erabaki duzu Euskal Herrian bizitzea?
Txikitatik beti arreta deitu dit, eta inoiz ez dut etortzeko aukerarik izan. Gizarte Hezkuntza bukatu nuen, eta Gizarte Lana hasi nuenean praktiken eskaintza bat heldu zitzaidan, eta hona etortzea erabaki nuen inongo zalantzarik gabe.
Nolakoak izan ziren zure lehenengo egunak hemen?
Bizitzen hasi aurretik astebete lehenago etorri nintzen Ellakuria elkartearean Gauean programan laguntzeko. Bertan, Indautxuko Eskauten kanpamendura sukaldari zihoazen bi mutil ezagutu nituen, eta beraiekin joateko proposatu zidaten; baiezkoa eman nien. Horregatik, esan daiteke nire lehen egunak nahiko gertukoak izan zirela, ondo integratu nintzen.
Zerk harritu zintuen?
Egia esan, asko harritu ninduen euria egin arren jendea kalera eta mendira joaten dela ikusteak. Orokorrean iruditu zitzaidan kalean bizitza asko egiten duzuela.
Abegikorrak gara euskaldunak ala itxiak?
Oso ondo moldatu naiz, eta uste dut kultura oso irekia duzuela; jendeak uste baino irekiagoa.
Deustualdeko zer duzu gustuko? Eta zer ez?
Auzoko giro indartsua egotea asko gustatzen zait baina, aldi berean, uste dut hori oztopo bat izan daitekeela kanpotik datorren jendea integratzeko.
Zertan egiten duzu lan? Erraza izan da lana aurkitzea?
Duela bi hilabetera arte lan egin izan dut. Nire kasuan, nahiko erraza izan zen lana aurkitzea zeren praktikak egiten nituen elkartean bertan hasi nintzen lanean horiek bukatu ondoren. Hori bai, behin lanpostu hori utzita, zailagoa zait lana aurkitzea.
Euskara ikastea garrantzitsua iruditzen zaizu?
Horretan nabil, oso garrantzitsua iruditzen zait. Ulermenean asko hobetzen ari naizela ikusten dut, eta oso harro sentitzen naiz. Hala ere, uste dut oso hizkuntza zaila dela. Gustatuko litzaidake euskarak katalanak Katalunian duen indarra izatera iristea, nire sentsazioa da goraka doala erabilera, baina bidea luzea da, eta apurka egin beharrekoa. Egun batetik bestera ezin da lortu Katalunian dugun hizkuntz egoera.
Herriminik baduzu?
Orain, bai, asko gustatuko litzaidake bertan egotea. Kataluniatik faltan dut bertan garatzen ari den prozesu politikoan ez egotea eta, nire herritik zehazki, Mediterraneo itsasoa eta hango eguzkia.
Nola bizi duzu Kataluniako process-a urrutitik? Zer gertatuko da abenduaren 21eko hauteskundeen ondoren?
Emozio ikaragarriarekin jarraitzen dut. Nire herriaz oso harro nago, Espainiako Estatuaren menpeko kolonia izan eta hainbeste urtetan zehar bertako errepresioa jasaten ibili ondoren, txalotzekoa iruditzen zait prozesua era baketsuan nola eramaten ari garen. Lotsagarria da 2017 urtean preso politiko eta erbesteratuak egotea herri baten borondatea aurrera eramateagatik eta, bereziki azpimarratu nahi nituzte bi elkarte herritarren buru izateagatik kartzelaratuak dauden ‘Jordiak’. Independentismoak aulkietan gehiengoa izaten jarraitzen du, baina bloke espainolistan Ciudadanosek hartu duen posizio indartsuak kezkatzen nau. Hauteskundeen ondoren independentismoak berriro ere akordio zabala erdietsiko du, eta prozesuak zilegitasun osoa izango du amaierara arte joateko.
Kontaktuan jarraitzen duzu zure herrialdeko lagunekin?
Bai, noski. Gutxienez hirutan ikusten dugu elkar urtean, eta beraiek igo izan dira hona ni bisitatzera. Beste herrialde batera joan izanak ez du esan nahi nirean nituen lagunak galdu behar ditudanik. Gainera, beraiek ere estatuko beste txoko batzuetan ibili dira.
Noiz arte geratuko zara gure artean?
Ez dakit, nire gorputzak esan arte, indarrak mantentzen ditudan bitartean. Oraingoz oso gustura nago eta ez dut joateko aukera aztertzen. Beharbada, momentu bat helduko da non egoera aldatu eta joatea erabakiko dudan baina, badiot, oraingoz ez.