Erregetako Loteriaren lehenengo sari osoa Deustun eta Arangoitin banatu da

uriola.eus 2018ko urt. 8a, 11:07
Administrazioa itxita gaur goizean

05.685 zenbakiak dirutza ekarri du Bilboko bi auzoetara. Lehendakari Agirre kaleko administrazioan eta Arangoitiko Ziortza tabernan saldu dituzte dezimo guztiak.

Urte berria ederto hasi dute Deustun eta Arangoitin  05.685. zenbakia erosi dituztenek. Izan ere, 20 euroko dezimo baten truke, 200.000 euroko saria jasoko dute. Umearen loteriak dirutza eraman du Bilboko bi auzo hauetara.

Boletoak, Lehendakari Agirre 19. zenbakian dagoen administrazioan saldu ziren. Kasu hauetan nahiko banatua izaten da saria, boletoak beste administrazioetan edo lekuetan saltzen direlako. 

Baina, leku hori, administraziotik nahiko hurbil egon da, Arangoitiko Ziortza taberna hain zuzen ere. Administrazioaren eta tabernaren artean boleto guztiak saldu dituzte, beraz, lehenengo sari horren diru guztia Bilbora etorriko da. Tabernak 132 ale saldu zituen, beraz, 26 milioi inguru Arangoitin geratuko dira. Administrazioak, berriz, 100 milioi baino gehago eman ditu.

Lehenengo sariak 200.000 euro dira, 20 euroko boleto bakoitzeko. Gaur egun, irabazi hauek %20ko zergak dituzte, beraz, benetan, 160.000 euro jasoko dituzte. Beste 40.000 euroak zergak izango dira. Zerga horiek ez dira Montororentzat izango, nahiz eta atzo izenik errepikatuena berea izan, eta Bizkaiko Aldundian geldituko dira.

Irabazleek aitortu dutenez, diru hau ez du balio lana alde batera uzteko eta era ederrean bizitzeko. Baina bai maileguak eta zorrak kentzeko, eta era erosoago batean bizitzen hasteko. Arangoiti langilez betetako auzoa da, eta honek ekarri duen poztasuna itzela dela adierazi dute. Tommy, Ziortza tabernako arduraduna, auzoko tiporik maitatuena bihurtu da.