San Ignazioko Haurreskolak, handitzearen ostean, 34 plaza berri eskainiko ditu

prestaldizkaria 2018ko urt. 8a, 12:01

San Ignazioko haurreskolako handitze-lanen inaugurazioa gaur

Handitze-lanei esker, haurreskolak 426,10 m2 gehiago ditu, eta aurrerantzean, guztira, 97 ume hartu ahal izango ditu. Orain arte baino 34 ume gehiago. 

San Ignazioko Haurreskolako eraikina 2011. urtetik San Ignazioko HLHI ikastetxean integratuta egon da, lehen solairuan. Obraren ostean, bigarren solairuko hegal batera zabaldu ditu bere instalazioak San Ignazioko Haurreskolak, hegal hori erabili gabe eta libre baitzegoen orain arte. Bigarren solairu horretako beste alderdia libre dago oraindik, "inoiz ere handitze-lanik egin nahi bada", Udaleko ordezkariek adierazi dutenez.

Horrela bada, aurrerantzean, San Ignazioko Haurreskolak, 1.965 m2-ko eremuan, 97 plazako eskaintza izango du Haur Hezkuntzan 0-2 urte bitarteko zikloan. Handitze honekin, 34 plaza berri gehitu dira. Orain, 1. barrutiko haurreskola honek 0 urteko 32 ume eta urtebeteko 65 ume hartuko ditu.

Handitze-lanen ondorioz badira beste hiru ikasgela berri —higiene-eremuz eta lo egiteko eremuz hornituak, 0 urteko umeentzako 1 gela eta urtebeteko umeentzako 2 gela— erabilera anitzeko (jolasak) gela, barneko jolas-aretoa, sukaldea, biltegia, garbiketa-gela eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako komuna.

Handitze-lan hauek 385.000 euroko kostua izan dute eta lau hilabete eta erdian egin dira.

Gelak eta gainerako bulegoak kokatuta dauden eraikinen eraikitze-, mantentze- eta garbitze-lanak Bilboko Udalari dagozkio, baina Haurreskolak Partzuergoari laga zaio kudeaketa.

 

Ikastetxean integratuta baina erdi-independetea den eraikina

San Ignazioko Haurreskola solairu bi eta estalkia dituen eraikin bat da, San Ignazio HLHI ikastetxeko eraikin nagusiarekiko erdi-independentea den gorputz baten gisa taxutua, Asturias kalearen ondoan kokatua, eraikin nagusiaren luzapen baten gisa.

Haurreskola hau eraikuntza funtzional bat bezala planteatu da, berarentzat bakarrik den sarrera batekin, eta gainera aparteko instalazioak eta zerbitzuak ditu.

Eskola multzoko jolastokiaren azalera gutxiturik gera ez dadin, beheko solairua okupaziorik gabe dago, salbu eta ezinbestekoak diren goiko sarbideak, zeinetan kokatuta dauden haurreskolako gelak eta karroak uzteko aparkaleku bat.

 

Haurreskolak Bilbon 

Bilbok guztira 619 plazako eskaintza du 2017/2018 ikasturte honetan: 0-1 urtekoen gelan 216 plaza eta 1-2 urtekoen gelan 403 plaza.

Handitze-lanak egin zaizkion haurreskola honez gainera, gaur egun Bilbon badira beste 14 hiriko 8 barrutietan banatuak eta Haurreskolak Partzuergoak —Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Eudelek osatua— kudeatuak. Bilboko haurreskola guztiak partzuergo horren mende daude.