Bilboko Udalak Deustuko merkatu zaharraren eraikina (azken 26 urteetan Deustuko Gazte Lokala izan dena) eraitsi nahi duela jakitean, Deustuko hainbat auzokide zein bere garaian Gazte Lokalean ibilitako hainbat jende elkartu eta Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataforma (DeGLAP) sortu dute. Eraikinak ondare gisa duen balioa zein gaur egun ematen dioten erabilera defendatuz, gazte lokalaren proiektua aurrera daramatenei kanpotik bakarrik ez daudela adierazi eta auzoan duten babesa helarazteko asmoarekin azaldu dira.
Burutu duten lehenengo ekimena honako hau izan da: auzoko merkatari, tabernari, musika talde, elkarte, herri mugimenduei... babesa helarazteko eskatu zieten, denak batera mosaiko argazki batean biltzeko. Ehundik gora argazki jaso zituzten eta osatutako argazkia abenduan zehar sare sozialen bidez zabaldu zuten.
Orain, plataformatik argazkiekin egindako mosaikoaren kartelak denda eta tabernetatik zabaltzen hastearekin batera, Udalaren Ondare batzordeari eraikina babesteko asmoz, hau, berritzear dagoen hirigintza plan orokorraren eraikinen katalogoan txertatzeko sinadura bilketa bat abiatu dute. Eraikina 1886 inguruan egin zen, eta gaur egun zabalik eta egoera onean dagoela adierazi dute. Horrez gain, Deustuko Udala izan zenaren zutik mantentzen den azken eraikina da.
Horretarako, sinatzeko orriak eskuragarri utzi dituzte Deustuko dendetan eta ostatutan, honako testuarekin:
Bilboko Udalaren Ondare Batzordeari;
Eskaera hau sinatzen dugunok, Ramon y Cajal Etorbideko 19. zenbakian kokatua dagoen eta Deustuko Merkatu zahar gisa ezaguna den eraikina mantendua izateko beharra adierazten dugu. Horretarako eraikin hau, onartzekotan dagoen “Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra”-ren eraikinen katalogoan sartua izan dadila eskatzen diogu udal gobernu zein udalbatzari. Ondorengo arrazoietan oinarritzen dugu gure eskaria;
1-Eraikinaren adina zein bere izaera historiko eta sinbolikoa: Deustuko Merkatu zaharraren eraikina Deustuko elizbarrutiko hilerriaren gainean eraiki zen 1886-an. Deustun garai horretatik gaur egun arte iraun duen eraikin oso gutxi daude eta garai batean Deustu, udal, eliza eta merkatudun udalerri independentea izan zela gogorarazten duen aztarna bakarrenetakoa da.
2-Eraikinak azken 26 urteetan izan duen erabilera: Urte guzti hauetan eraikina Deustuko Herri Mugimenduak zein auzoko elkarte ezberdinek erabili, kudeatu eta zaindu dute, auzoarentzako zein hiri osoarentzako erreferente bilakatuz. Honen ondorioz, Deustuko hainbat elkarte eta herri mugimenduk lokal hau erabilera kolektiborako mantentzearen behar handia dute.
3-Eraikinaren egoera ona: Urte hauetan zehar eduki duen erabilera eta zaintzaren ondorioz, nahiz eta zaharra izan, egoera onean dago.
Zer da Deustuko Gazte Lokala eta zein da egungo egoera?
1886an eliza alboan zegoen kanposantua itxi ostean Deustuko merkatu izateko eraiki zen eraikina Deustuko Gazte Lokala da duela 26 urtetik, bertan egunerokoan hainbat auzokide eta elkarte elkartzen dira mota ezberdineko ekimenak aurrera eramateko. Udalarekin burututako akordioari jarraituz, gazte asanbladak lokala eta ingurunea hobetu ditu urte guzti hauetan, gazteei bestelako alternatibak eskainiz aisi eta kultur aldetik.
Eraikinean antzerkiak, hitzaldiak, erakusketak, auzoko elkarte eta taldeen bilerak, ikastaroak.. antolatu izan dira eta auzoko ospakizun eta bestelako ekimenen erdigunea izan da urte luze hauetan, garai berrietara egokituz eta deustuarron lan eta diruaz mantendua izanaz beti. Uda amaitzear zelarik eta aurreko kurtsoan udalarekin izandako bilera batzuen ondoren uda osterako beste bilera bat hitzarturik zegoela, Gazte Lokalera gutun bat helarazi zuen udalak, arrazoien gaineko inolako azalpenik eman gabe 15 eguneko epean kaleratzea aginduz.
Honek Deustuko auzokideen erantzun zabala eragin zuen, eta udalak atzera egin zuen publikoki berriz ere bilereri ekitea onartuz, baina gazteekin burututako bilera batean udalak atzera egin ez eta eraikina botatzeko asmoa berretsi zien Gazte Lokalaren ordezkariei elkarrizketari inolako aukerarik eman gabe. Bertan, nahiz eta Gazte Asanbladak udalak publikoki azaldutako arazo guztiak konpontzeko borondate irmoa azaldu zuen, Udal ordezkariek eraikina mantenduz argudiatutako arazoak konpontzeko bideak negoziatzea onartu ez eta eraikina bota eta etxebizitzak eraikitseko asmoa agertu zuten.
Zergatik ez bota Deustuko Gazte Lokala:
Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataformak lokala ez botatzeko eman dituen arrazoiak honek izan dira:
-Deustuko udala izan zenaren zutik dagoen azken eraikina dela.
-Eraikina 1886koa izan arren, egoera onean dago, oso erabilia da eta behar izan diren konponketak egin izan dizkiete erabiltzaileek (tartean teilatu osoaren konponketa).
-Auzoko kultur, gizarte eta aisialdi elkarte askok erabiltzen dutelako, beste leku batean garatzerik ez dituzten jarduerak garatuz.
-Gazteak duela 26 urte sartu zirenetik ingurua hobetzen lagundu dutelako, besteak beste, heroina saltzaileak eta bestelakoak usatuz.
-Inguruko auzokide gehienen babesa dute.
-Eraikina egun ere Deustuko historiaren lekuko bizia dela eta sortu zenetik gaur egun harte erabilpen publikoa eman ziola.
-Bi mila etxe huts daudelako Deustuko 20.000 etxebizitzen artean eta Deustuko merkatu zaharraren eraikina bakarra delako zein datorren urteetan Deustuko Erriberan 4500 etxebizitza eraikitzea aurreikusia dagoelako.
-Deustuko merkatu zaharraren eraikina Deustuko hilerria izan zenaren gainean eraiki zelako 1886an eta etxebizitzak eraikitzeko azpiko lurra mugitzeak hor geratu ziren Deustuarron arbasoen hezurrak profanatuak izatea suposatuko lukeelako.