Makinas Bizkaiak 5.100 euro bildu ditu Gorabide elkartearentzat

uriola.eus 2018ko urt. 15a, 09:08

Makinas Bizkaia elkarte motorzaleak egindako egutegi solidarioak 5.100 euro bildu ditu. Deustuko Gorabide elkartearekin egindako egutegia da, eta adimen desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten dutenentzat izango da bildutako diru guztia.

Makinas Bizkaia elkarte motorzaleak bere egutegi solidarioa Gorabide Deustuko Elkarteari eskaini dio urte honetan. Egutegia egiteko, elkarteko kide diren eta adimen desgaitasuna duten pertsonek, eta motor-gidariak bere motorrekin, saio fotografiko batean parte hartu zuten Zorrozaurren.

Gorabideko kideentzat ekintza berezia izan zen eta egutegiaren xedea adimen desgaitasuna duten pertsonen irudi desberdina zabaltzea izan da. Guztira, 5.100 euro bildu dituzte egutegiak salduz, eta asteburu honetan egindako saioan Gorabideri bildutako guztia eman diote motorzaleak.