Ohitura den moduan, gaur, ostirala izango da Deustuko kuadrillen gaua, bertan, luntxa karaokea eta tabernetatik zeharreko poteoa girotuko duen elektrotxaranga batekin ere dantzatzeko aukera izango dugu. Gauaren amaieran, kuadrilla mozorrorik polit eta originalari saria emango zaio, baldintza bakarra aukeratutako gaiarekin zerikusia izatea da. Prest al zaudete horiz (hori kolorez) mozorratzeko?
Larunbat goizean, umeentzako tailer eta jolasak antolatu ditugu Done Petri plazan. Eguerditik aurrera hurbildu etxeko txikienekin karetak, marrazkiak eta jolasak egitera. Gainera berrikuntza moduan, Mikeldi eta Gure Herria taldeek Lantzeko inauteriak dantzatzeko aukera aparta bermatuko digute, 12:30ean Done Petri plazako kiosko parean. Larunbata da gure inauterietako egunik indartsuena, izan ere dantzak eta tailerrak amaitu bezain laster bazkari herrikoia dago, betiko moduan aukera beganoarekin, Tintigorri konpartsaren eskutik.
Bazkaria amaitu ostean, urteroko bingo musikatua alde batera utzi eta Talka bikote akustikoa izango dugu eszenatoki gainean, bazkalostea girotzen. Ez arduratu euriarekin, karpa erraldoia jarriko baitugu frontoian bertan. Arratsaldean zehar indarrak hartu eta gauerako gorputzak berotzen joateko, 20:30ean erromeria dantzatzeko aukera ere dago, plazan bertan. Gaueko 22:00ak aldera kontzertuei hasiera emango diegu, dantzan eta kantan amaituko baitugu horren luzea den eguna.
Igande goizean, nekea alde batera utzi eta urteroko desfile nagusia egingo dugu, San Felizisimotik, Done Petri plazara arte. Izen emateko, 11:30etik aurrera egongo gara bertan zuen zain. Animatu zaitezte desfilean parte hartzera, kuadrillaka, taldeka, konpartsaka, banaka… Mozorroen sari banaketa egin bezain laster emango diegu amaiera inauteriei, eta jaietan berriz elkar ikustea espero dugu.
Inauterietan berrikuntza gutxi egon arren, esan beharra daukagu geroz eta gehiago direla Deustuko Jai Batzordeak antolatutako ekintzetan era batean edo bestean laguntza bermatzen duten taberna eta saltokiak. Aurreko urtean, Mozorrotu lehiaketa antolatu genuen auzoko tabernen artean, aurten ere lehiaketarekin aurrera jarraitzea erabaki dugu, geroz eta taberna gehiagorengana heltzeko asmoz. Horrela, Done Petri ezik, Deustu guztia mozorratzea lortuko dugu!
Asteburuan zehar denon arteko giro paregabea egotea da gure helbururik oinarrizkoena, horregatik, gure aldetik eraso eta borrokei aurre egiteko protokoloak martxan jarri ditugu, inauteri eta jai seguruagoak izate aldera noski. Honekin batera, argi utzi nahi dugu ez gure jai esparruan ez inon ez dugula eraso sexistarik onartuko.
Jai herrikoi, euskaldun eta parekideak bultzatzen ditugu, baita parte-hartzaileak ere. Antolatutako guztia ez litzake posible izango urte osoa erabakiak hartzen, txandak egiten eta gu laguntzen diharduten konpartsa eta taldeei esker.
Deustuko inauteriak amaitu eta gehiagotan mozorratzeko gogotsu geratu bazarete, jakin Erriberako inauteriak otsailaren 17an ospatuko direla, San Inazio eta Ibarrekolandakoekin batera.