Txin-txin, El Niñoren hotsa

prestaldizkaria 2018ko urt. 31a, 09:17

Errege eguneko El Niñoren zozketako lehen zenbaki saritua oso-osorik –500 dezimo– Agirre lehendakariaren etorbideko 19. loteria administrazioan saldu dute. Guztira, 100 miloi euro banatu dituzte. Ondo banatu ere. 

Saritu asko hurbildu dira Deustuko 19. loteria administraziora eskerrak ematera. Denen artean, Guillermo gerenteak emakume bi ditu gogoan. Bata, dibortziatu ostean bi seme-alabarekin gurasoen etxera bueltatu behar izan duena eta, bestea, etxea galtzeko zorian dagoena. Bien bizimoduak hobera egingo du aurrerantzean. 

Dutxan zegoen Guillermo El Niño zozketako 05.685 zenbaki potoloa bonbotik atera zenean. Bere bikoteak zenbakia esan zionean, adarra jotzen ari zela pentsatu zuen. Ziztu bizian irten behar izan zuen. Agirre lehendakaria eta Luis Power kaleen izkinatik gertu dagoen loteria saltokira iritsi zenerako lagun ugari zegoen inguruan. Askok ezin zuten barrea ezkutatu. 

Sari nagusiko 500 dezimoen artean, 133 Arangoitin saldu dituzte, Ziortza tabernan, eta gainerakoak lehiatilan bertan. Zenbait dezimo zenbaki horretako abonatuak diren ohiko bezeroei. Batzuk 20 bat urte daramate 05.685 zenbakiarekin jokatzen. Guillermoren hitzetan, “iraunkortasunari esker irabazi dute”. Pozgarria da “jende askori loteria tokatzea, zenbaki horrekin aspalditik jokatzen dutenak saritzea eta, ordenak inporta gabe, arazo ekonomikodunak saritzea. Zoragarria”. Ogasunak kendutakoarekin, dezimoko 160.000 euro eskuratuko dituzte. “Ez da lana uzteko bestekoa, baina hipoteka ordaintzeko eta lasaiago bizitzeko balio du”. Zehatz kalkulatzea zaila den arren, Guillermoren arabera, 300 bat dezimo saritu Deustun geratu dira, “diru asko”. 

Urtarrilaren 8tik bezero-oldea dute loteria administrazioan. Geratu gabe lanean gogor ari dira hiru langileak, atsedena hartzeko ia tarterik gabe. Hurbiltzen diren denek nahi dute 05.685 zenbakia erosi. Guillermoren ustez zentzugabea da, “tokatu berri denean”. Nabarmen egin du gora salmentak eta, ondorioz, lehen egunetan Loteria y Apuestas del Estadori (LAE) saltzeko dezimo gehiago eskatu behar izan dizkiote. 

Iaz zoria bitan izan zuten bisitan, 2.500 euro baino gehiagoko bi primitibarekin. Beste bitan aurten, 17 egunetan, 4.000 euroko primitiba bat eta 2.600 euroko bonoloto boleto bat bertan zigilatu dituzte. El Niñorekin zoriak ez du alde egin, hortaz. Inguruan dabil, eta hori “negozioaren mesedetan da”.

 

Aurrera eta gozatzera

“Laino artean” eman ditu urtarrilaren 6tik aurrerako egunak Ziortza tabernako Tommyk. El Niño loteriako zenbaki sarituaren 133 dezimo bere tabernan saldu zituenetik –dezimoko 200.000 euro– “lur gainean oinak jarri ezinik” dabil. Ez oinak ez burua ez ditu bere lekuan, dioenez. Hedabideen presioaren ondorioz, astebetez taberna itxita izan du “lasai egoteko” modu bakarra zuelako. Lasaitu ostean itzuli da lanera, duela 20 urte zuzentzen duen Ziortzako barrara. “Berdin jarraitzen dut, lanean”, esan dio Prest! aldizkariari. “Aurrera egitea, jendearekin ondo moldatzea, orain arte moduan, eta pilatutako 'koltxoiarekin' gozatzea”, horixe da Tommyren bide-orria. Seme-alaba bi dauzka. Bat etxetik kanpo, bizimodua “konponduta”. Bestea, 19 urteko mutila. Bi dezimoren diruarekin, besteak beste, semeari lagunduko dio. Argi du El Niñorekin eskuratua gastatu gabe ez duela utziko. 

Poz handia du auzotarrengatik. Euripean besarkatzen, negarrez, barrezka, saltoka... gogoratzen ditu urtarrilaren 6a burura datorkionean. Blai bukatu zuten, eta ordutik katarroa ez zaio sendatu. “Krisi garaian, Arangoiti bezalako langileen auzoko bizilagunentzat nahiko laguntza da. Denoi mesede handia egingo digu, baita niri ere”. Poza are handiagoa da saria oso banatua izan baita. Besteak beste, zorionekoak dira 05.685 zenbakiarekin astero jokatu ohi duten 48 lagunak, ordaindu barik beste bi dezimo gordeta zuten auzotarrak, Deustuko hiruzpalau tabernari izan ezik gainerakoak, dezimoa trukatzeko ohitura dutelako, poteoan ibili ohi diren betiko bezeroak edota taldean dezimo bat erosita zuten hainbat kuadrilla. Gehien-gehien zenbaki sarituaren bost dezimo ditun bezero batek irabazi du. Tommyk jakin duenez, boleto bat senide bati eman zion. Eta izan da sari gabe geratu den ohiko bezeroren bat edo beste ere, “tabernan sartu, hizketan hasi, eta dezimoa erostea ahaztu duena”. 

Ziortza tabernan astero 05.685 zenbakiarekin jokatzen jarraituko dute aurrerantzean ere. 48 lagun baziren Errege eguna baino lehen, egun 50 dira. Pertsona gehiago ere hurbildu dira abonatu izateko interesarekin, baina “ez da posible” Tommyren arabera, “loteria administarzioan gordetzen dizkidaten dezimoak mugatuta daudelako”. 

Bezeroak, ordea, ez dira ugaritu Ziortza tabernan ez inguruko tabernetan. “Betikoak daude, onerako eta txarretako, betikoak gara”, dio Tommyk.

 

Lasaiago

Urtarrilaren 6an, goizean goiz pintxoak prestatzera joan zen Deli Arangoitiko El Rincon tabernara. Ostean, etxean familiarekin erregetako opariak zabaltzen ari zela, bere alabak lagun min baten whatsapp mezua jaso zuen bere aitari loteria tokatu zitzaiola esanez. Deli susmatzen hasi zen, “zenbaki horrekin aspalditik jokatzen dugulako auzotar askok”. Ezin zitekeen bestela izan. Kalera jaitsi eta tabernara lanera zihoala konturatu zen “telebistan gainerakoei bakarrik gertatzen zaiena guri ere gerta dakigukeela”. Negar batean hasi zen bere senide eta auzokideekin batera. Harrezkero, Tommy bezala, Deli ere hodei artean dabil, lur hartu gabe, “tontotuta”. Lehenengo egunetan “lokartzeko beldur” zela aitortu du, kosta zaio benetan gertatu dela barneratzea eta ondo lo egitea.  

Irabazitakoari esker aurrera baldintza hobean egingo dute bai berak bai bere etxekoek. Izan ere, bere bikotearekin batera gobernatzen duen tabernatik kanpo ari da lanean Deli, “ostalaritzak ez duelako bizitzeko beste ematen”. Hilabete batzuk lehenago auto bat erosteko bere amak diru apur bat utzi zion. “Pentsa, zein zen gure egoera”, dio. Horregatik, berehala gorde du dezimoa bankuan. Hurrengo egunean kobratu zuen. Tabernaren mailegua kentzea izango da bere lehentasuna, baina geldiro ordainduko du, “ez baitut interesik mailegua kolpetik kentzeko”. Beraz, aurrerantzean, tabernako irabaziak ez dituzte maileguaren ordainketara bideratuko El Rinconen, “etxerako izango dira”. 

Dirua etorri eta joan egiten bada ere, Deliren esanetan, El Niñori esker, arangoitiarrak lasaiago biziko dira. “Lehen baino sakonago hartuko dugu arnasa eta sakonago egingo dugu lo”.

 

Antzera

El Niñoren zozketa telebistan ikusten ari zen Sebas bere alaba Fatimari laguntza eskatu zionean bere anaia Pacorekin Ziortza tabernan erdibana erositako boletoaren zenbakia ziurtatzeko. Orduan irten zen bonbotik 05.685 zenbakia eta handik gutxira deika zebilen Paco berria emanez. Oihuka hasi ziren etxean zeuden senideak, eta Ziortzara ospatzera hurbiltzea erabaki zuten. “Sekulako giroa” zegoen, auzokideak, telebista kamerak… Oraindik ere pentsaezina iruditzen zaio Fatimari bere aitak eta osabak txikiteoan errondan ari zirela erositako boletoak saria izatea. Eta auzotarrei erreparatuz, “oso baikorra da Arangoiti bezalako auzo umil eta langilearentzat horrelako berri on bat”. 

Dirua jaso dute jada. “Ondo dago, baina ez da suziriak jaurtitzeko modukoa. Antzera jarraituko dugu”. Momentuz dirua geldi edukitzea erabaki dute, “presarik ez” dutelako. Zatitxo bat hurrengo egunean jatetxe baten gastatu zuten. Sebas eta Pacok senideak bazkaltzera gonbidatu zituzten. 

Aste zoroa izan zen hurrengoa. Bigarrena normalagoa. Normala hirugarrena eta laugarrena. Arangoiti itzuli da ohiko eguneroko bizimodura. Askorentzat askoz lasaiagoa izango da.