Ondo pasatu eta klixeak apurtu

prestaldizkaria 2018ko urt. 31a, 09:27

Argazkiak: Akatz / Jassh Photography

Hogeita bost urte bete ditu Akatz taldeak kontzertu oso berezi batekin. 2018an kontzertu gutxiago eta lokaleko lan gehiago egitea erabaki dute taldekideek.  

Kontzertu berezia iragarri zuten, eta horrelakoxea izan zen. Errepikaezina. Akatz taldeko lagunek ezusteko itzela eman zieten jarraitzaileei 25. urteurreneko kontzertuan, joan den urtarrilaren 5ean Kafe Antzokian. Hainbat lagun eta gonbidaturen artean La Otxoak zur eta lur utzi zituen zaleak. Akatzek La Otxoaren abestiak jo zituen berezko duen ska, reggae, jamaikar estiloan, Jose Antonio Nielfak bere hits-ak astindu bitartean. Unai Quecedo Bita kantariaren esanetan, “heroi asko izanik”, mende laurdeneko ospakizun handirako mundu mailako musikariren bat ekar zezaketen, baina horren ordez, “bertako artista handi bat” gonbidatzea erabaki zuten. Izan ere, zaleen artean skinner piloa ditu bandak eta horietako hainbat “maritxuloak”. Ondo pasatzearekin batera, taldearen helburu nagusia, “hainbat klixe” apurtzea nahi zuen Akatzek. Baita lortu ere. “Oraindik jendea irribartsu esnatzen da kontzertua burura datorkionean”, dio Bitak. 

25 urteren ostean, aurrera jarraitzeko gogotsu dago Akatz. Bitaren hitzetan, “honaino heldu bagara zeozer gehiago egingo dugu”. Urteurreneko kontzertua pasata, taldeak aurtengo bide-orria adostu du urte hasieran egin ohi duen “batzar nagusian”. “Izugarrizko helbururik” inoiz izan ez arren, bederatzi taldekideren “lana eta familia antolatu beharra dago, horrek taldean eragiten duelako”. Batzarrean, “zelako negua eta zelako uda” izango duten erabaki dute. Kontzertu gutxiago eskainiko dituzte –uda baino lehen Oiartzun, Zaragoza eta Santander, besteak beste, eta udaren ostean Madril eta Bartzelona– eta lokaleko lanari ekingo diote, abesti berriak egiteko. Baina ez da gauza ziurra, astero biltzen den bederatzi laguneko taldean “erabakia hartu eta hurrengo astean bertan behera gera daiteke, beti gauza berriak sortzen direlako”. 

Ez dute ideiarik falta. Iskanbilarik ere ez, barre artean diotenez, noren ideiak lehenengo landu erabakitzerakoan. Ideiak lokalera eraman eta bertan pixkanaka forma ematen diete. Askotan, ideia nahiko osatuak dira, melodia zehatz bat edo hitz zehatz batzuk. Orduan, hasten da apainketa fasea, “guztiok abesti hori gure sentitzeko, nork bere zertzelak ematen dizkio”. Horrela lortzen dute abestiarekin “gehiago enpatizatzea”. Eta sei-zortzi abesti sortuta dituztenean ekiten diote “lan kontzeptualari”, “abestiak lotuko dituen ideia, nahi edo irudiaren bila”. Urte oso bat edo bi eman ditzakete konposatzen eta moldaketak egiten, bukatu arte. 

Kuadrilla baten barruan sortu zen Akatz taldea 1992an Bakion. Azkar hazi zen taldea. Hiru urtetan bospasei izatetik hamaika taldekide izatera ere ailegatu ziren. Kuadrillatik kanpokoak, hurbilean zeuden musikariak, “oso era naturalean” moldatu dira taldera. Taldekide beteranoen artean daude San Inazioko Bita, american houses-eko mutila, eta Deustuko zubiko Oliver Munilla, tronpeta eta ahotsa. 

Beti izan dute erreferentzia nagusi Aste Nagusiko kontzertuetan zuzenean ikusten zituzten jamaikar taldeak –Skatalites, Toots, Gregory Isaacs, Steel Pulse, Linton Kwesi Johnson–, eta batik bat, horien metalezko instrumentuak. “Guk euren antzekoak izan nahi genuen”, gogoan du Bitak. “Soinu hori nahi genuen, eta horretarako metalezko instrumentuak izatea beharrezkoa zen”. 25 urteren ostean, normaltzat jotzen du gaztetan besteen soinua lortu nahi izatea. Gero, bidean, “konturatzeko zure soinua aurkitzean datzala erronka nagusia”. Akatz bere soinua aurkitzen ibili da, besteengandik ikasten, Jamaikan belaunaldiz belaunaldi igorritako herri soinuak menperatu nahian, “oso zaila den arren”. Baina “ibilbide hori egitea oso polita da”. 

Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herrian “errespetu handiarekin” ibili dira jamaikar erritmo eta doinuak zabaltzen, kanpoko eta bertako sustraiak nahastean. Taldearen azken diskoan ('A Go Go, 2', Liquidator Music 2017), esaterako, oso nabaria da Akatzen ikutu bereizgarria: “Sustraitik datozen soinuek norbaiten testigua jasotzen dute beti, eta ziur aski guk euskal tropikalaren lekukoa hartu genuen, eta guri dagokigu hurrengoari era natural batean ematea”.