Iraide Urriz, Babestu elkartea: “Zaintza eredu berriak behar ditugu, ez zaharren aparkalekuak”

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Olaziregi 2018ko ots. 1a, 14:30

Iraide Urriz (Argazkiak: Iñigo Azkona)

Bere ama zahar-etxe batera eramatea erabaki zuenetik, nagusien zaintza duin baten alde lanean ari da Iraide. Babestu elkarteko zuzendaritzako kidea da eta, senide askorekin batera, pertsona nagusientzat arreta zuzena handitzeko eta asistentziaren zerbitzua hobetzeko borrokan ari da.

Bizkaiko zahar-etxeetako langileak greban zeudela sortu zen Babestu elkartea. Zertarako?

2016an sortu ginen testuinguru horretan, bai. Langileak kalitatezko zerbitzu bat eskaini ahal izateko lan baldintzak eskatzen ari ziren, familiok ere gabezia handiak ikusten genituen gure nagusien zaintzan, baina bakarrik ari ginen, ez zegoen gure artean inolako loturarik. Harremanetan hasi eta elkartea sortzea erabaki genuen gure nagusien zaintza duina lortzeko asmoz. 

Langileek patronalarekin lortutako akordioa eta gero, hobekuntzak igarri dituzue?

Ez, gure senideek egoera berean jarraitzen dute. Lan hitzarmenarekin lotutako akordio txiki batera heldu dira, baina guretzat garrantzitsuena zuzeneko arretan langileen ratioak igotzea da, eta momentuz ez da aldaketarik egon. Batez beste, egunez hamaika edo hamabi langile daude 120 erabiltzailerentzat, eta gauez bi. Zazpi minutu dituzte pertsona bat altxatu, garbitu, jantzi, ohea egin eta logela batzeko. Baldintza horietan ezinezkoa da harrera egokia ematea. 

Zer suposatzen du horrek pertsona nagusien egunerokotasunean?

Nire amaren kasuan adibidez, bizi den solairuan beste 24 pertsona daude, hiru izan ezik besteek menpekotasun osoa dute, eta guztientzat hiru auxiliar ari dira lanean. Aurreko egunean, bi langile baino ez zeudela ikusi nuen. Salaketa jarri eta Eusko Jaurlaritzaren ratioen barnean zeudela erantzun zidan enpresak. Baldintza horiekin, goizeko 6:30ean hasi behar dira lehenengoak ohetik altxatzen, gero egun osoan sofa batean erdi lo emateko. Afaria 18:45ean izaten da udan zein neguan. Pixoihal aldaketarako ere ordutegi zehatza dute, birritan topatu dut ama kaka eginda zegoela afaltzera eramaten. 

Zenbat ordaintzen dute egoitza batean egoteagatik?

Daukaten guztia. Dirua aurreztuta izanez gero, hilero 3.000 euro kobratzen diete. Behin agortuta, bakoitzak duen pentsioarekin geratzen dira, eta 1.200 euro uzten diete urtean beraien gastuetarako. 

Zer eskatzen diezue instituzio publikoei?

Zuzeneko arretan dauden langileen ratio handitzea behar dugu, besteak beste. Zahar-etxeen eredua publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izateko urratsak eman behar dituzte. Une honetan, Bizkaian 9.000 pertsona nagusi inguru bizi dira 147 egoitzatan, horietatik lau publiko, 28 pribatu eta 115 kontzertatuak dira. Gaur egun, erresidentzien %70 enpresa pribatuen esku daude eta, negozioa dira, eta instituzioei ez zaie interesatzen egoera hori aldatzea. Gizarte zerbitzuak eztabaidatzen eta erabakitzen diren foroetan parte hartzeko aukera aldarrikatzen dugu.  

Eta alderdi politikoek zer diote?

Uztailean Bizkaiko Batzar Nagusiko alderdiekin hainbat bilera egin genituen adierazpen instituzionala lortze aldera. Ez genuen ezer lortu. Podemos eta EH Bildurekin bat egin genuen, baina EAJ, PSE eta PPrentzat sistemak ondo funtzionatzen du, kexa gutxi dagoelako. Ez gaituzte gu elkartuta ikusi nahi, arerioak gara beraientzat. 

Ez da salaketa nahikorik egiten?

Ez, jendea beldur da. Guk beraien eskubideen alde zarata egin behar dugula uste dugu. Bakoitzari gertatzen zaiona guztiei gertatzen zaie. Gure senideentzat zainketa duina izatea nahi dugu eta ez aparkaleku bat. 

Sentsibilizatzeko jardunaldi batzuk antolatu berri dituzue. Jendartea gaiarekin kezkatuta dagoela uste duzue?

Denetarik dago, errealitatea gertutik ezagutzen dugunontzat egoera oso kezkagarria da baina, orokorrean, gizarteak ez ditu pertsona nagusiak aintzat hartzen, zahartzaroa tabu bat da, heriotza bezala. Umeak izango balira, arazoa aspaldi egongo zen konponduta. 

Zaintzan aritzen diren %90 emakumeak dira. Beraien lanak behar duen aitormena duela uste duzu?

Ez, inondik inora. Are gehiago, enpresariak beraien egoeraz eta lana aurrera ateratzeko ahalmenaz baliatzen dira. Gehienek prekarietate baldintzetan eta presio fisiko eta psikologiko handiarekin jarduten dute. 

Gaur egungo ereduaren aurrean, badago alternatibarik?

Badago, bai. Eta jardunaldietan hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan dugu. Guk kooperazioa eta pertsona nagusien beharretan oinarritutako eredu integrala, hurbila eta parte-hartzailea aldarrikatzen dugu. Eta horretarako,diru-inbertsio gehiago behar da, bai zaintzarako baliabide gehiago izateko, bai familia askoren gastuak txikitzeko. 

Zer sentitzen duzu zure amak behar duen zaintzarik ez duela ikustean?

Oso gogorra da, kexak jartzen ditut, baina inpotentzia handia sentitzen dut. Egoitzak kudeatzen dituzten enpresek ez digute kasurik egiten, instituzioentzat dena dago ondo, eta elkarri pilota pasatzen diote. Arartekoarekin berdin. Arazoa oso larria da, baina ez du inork bere gain hartu nahi. 

Izandako elkarrizketen artean bateren bat gogoratzen duzu bereziki? 

Hainbat bilera egin eta gero, EAJko ordezkari bati bihotza apurtuta nuela esan nion bere jarrera itxia ikusita. Enpresariekin bildu garenean beraien harrokeria eta larderia ere oso gogorra izan da. Zahar-etxe gehienetan kartelak jartzea debekatu digute. 

Momentu on eta goxoak ere izango ziren.

Bai, asko. Indarra eman dit Babestun egoteak eta Estatu mailan ere erreferentzia garela ikusteak. Ez ginen jaio langileen greba garaian egoteko soilik, gure borroka egoitza guztietara zabaltzeaz gain, etxeetan ere egiten diren zaintzetara zabaldu nahi dugu.