"Erriberak Bizinahi du!" auzo mugimenduak egindako prentsaurrekoan Vicinay Cadenas enpresaren eraikin historikoa berreskuratzeko ahaleginetan dabilela adierazi du. Auzorako espazio falta eta zerbitzu gabezia larriak bultzatuta, kezkaz ikusi du orain gutxi arte Vicinay Cadenas zeneko bulegoen eraikinaren abandonatzea eta dekadentzia.
Beraz, dagokion erabilera eman bitartean, auzolanarekin eraikin horri bizitza ematea erabaki du. Vicinay enpresak instalazioak utzi egin ditu, hutsik eta erabat babesgabe geratu dira, «auzoa mugitu egin da eta bat-batean berez antolatu da, hain zuzen ere, Deustuko Erriberaren erdi-erdian dagoen eraikin honekin zer egin erabakitzeko» Anabel Toyos auzo-elkartearen bozeramailearen hitzetan. Ez dute beste behin ikusi nahi nola uzten den hondatzen erabat baliagarria izan litekeen espazio bat, azken urteotan auzorako jarduerak aurrera eraman ahal izateko eskatu dena, gainera.
Izan ere, "Pabiloi abandonatuen erreinuan ez dago erabilera anitzeko lokalik" adierazi dute auzotarrek. Planifikazioak berak babestutako 19 erakinetako bat da hau, teorian behintzat, ondare-aberastasunagatik eta bertako industria-memoriaren alde zaindu beharrekoa. 1946. urtean eraiki zuten, Ricardo Bastida arkitekto bilbotar entzutetsuaren proiektuaren arabera, Banco de Bilbaoren artxibategia gordetzeko.
Errealitate horren aurrean, baina, «bada bizitasun handia duen auzo bat, egunotan erakutsi duen bezala gauzak egiteko prest dagoena» gaineratu du Igor Vazquezek. Aurreko barikuan, 50 auzotar inguru elkartu ziren Bizinahi izenpean eta egitasmoaren lehen pausoak eztabaidatu eta erabaki zituzten. Oso positibotzat jo dute hainbat eta hainbat adin, sexu eta sentsibilitate askotariko pertsonak bat egitea, elkarrekin eta ilusioz, Erriberaren aldeko proiektu berri honetan.
Hasi dira auzolanean eta, ezer baino lehen, zenbait espazio garbitu eta sarrerak txukuntzeari ekin diote, bai eta soluzio bila ere eraikinaren argi eta ur faltaren aurrean. Horrela, kolore eta biziz janzten hasi nahi dute, lehen baino lehen ekintzez betetzeko. Datozen egunetan instituzioekin biltzekoak dira, euren aldarrikapenei erantzunen bat aurkitzeko asmotan.