Ekimena Errondoko Auzo Etxeko kideen kezka baten harira sortu zen: San Inazion hainbat elkarte eta eragile daude auzoan eta auzoarentzat lan egiten dutenak, baina asko ez ditugu ezagutzen. Horregatik, auzoko elkarte guztiei luzatu zitzaien jardunaldiak antolatzeko proposamena, eta erantzuna zabala izan zen.
Hasierako bileratik parte-hartzea handia izan zen, orotara jardunaldietan 12 eragilek parte hartuko dutelarik: Aldaika, ATECE, Bilbotik Perura, Bilobak talde feminista, Eraikiz, Gure Esku Dago, Kabia Kultur Elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataforma, San Inazioko Modulu Psikosoziala, San Inazioko Jai Batzordea, Zizahori Tailerra eta Errondoko Auzo Etxea.
Jardunaldiek helburu bikoitza daukate: alde batetik, San Inazioko eragileak ezagutzera ematea eta, bestetik, haien arteko elkarlana sustatzea eta bultzatzea.
Jardunaldiak martxoaren 1etik 3ra izango dira. Gaur arratsaldean Celestino Maria del Arenal plazan poteatzen dagoen jendeari jardunaldien inguruko informazioa banatuko zaie musikaz eta jai giroaz lagunduta. Besteak beste, ekimenaren zergatiak, parte hartzaileak eta programazioa azaltzen duten paperak banatuko dira auzotarren artean.
Ostiral arratsaldean auzoko hainbat taberna ere batuko dira jardunaldietara. Elkarteetako kideek pintxoak prestatuko dituzte 20 taberna baino gehiagotan dohainik banatzeko. Pintxoek eragileen izena eta irudia eramango dute, eta tabernetan bakoitzaren informazio orokorra egongo da ikusgarri, bertaratzen diren auzokideek irakur dezaten.
Egun handia larunbatean izango da, martxoaren 3an. Goizeko 11:00etatik 14:00etara elkarte guztiak Levante enparantzan bilduko dira euren inguruko informazioa banatu eta hainbat ekintza antolatzeko. Lau gune egongo dira: lehenengoan elkarteen inguruko informazio orokorra banatuko da, bigarrenean hitzaldiak eta bideo proiekzioak egongo dira, hirugarrenean tailerrak eta laugarrenean erakusketa ezberdinak.
Besteak beste, txapa tailerra; zumba klasea; bizikleta egokituentzako tailerra; bideoforuma; argazki, pintura eta kartel erakusketak eta haur zein helduentzako jolasak izango dira Levante enparantzan martxoaren 3an goiz osoan zehar.
Azkenik, jardunaldiei amaiera emateko, parte hartuko duten kolektibo eta norbanako guztien artean bazkari herrikoia antolatu dute Errondoko Auzo Etxean.
Errondoko Auzo Etxea
Apirilaren lehenean urtea beteko da San Inazioko zenbait auzokidek egun Errondoko Auzo Etxea izenez ezagutzen dugun espazio aske eta autogestionatuari hasiera eman ziotenetik. Izenak ondo dioenez, proiektuaren helburua auzoa dinamizatzea eta bertako garapen komunitarioa sustatzea da, horretarako norbanako, elkarte zein kolektiboen elkarlana ezinbestekoa delarik.
Urte honetan zehar Errondokotik bertatik sortutako eskaintza kulturala handitzen joan gara, auzoa aktibatzea eta elkarlana sustatzea helburu. Astero 'gorputza esnatzen' tailerra, euskara eta ingeleseko mintza-praktika taldeak, xake eskola, bizikleta tailerra, boxeo klaseak, zinema… eta beste hainbat ekintza gauzatzen ditugu.
Jardunaldien ostean auzoa saretu eta komunitate indartsua sortzeko lanean jarraituko dugu egunero, eta dei egiten diogu auzotar guztiei gerturatu daitezen proiektua elikatu eta indartzera, auzoa guztiona baita.