Soinu indartsua, zehatza eta nortasunduna

prestaldizkaria 2018ko mar. 2a, 08:30

Los Cosmeticos

Bost abestiko lan berrian soinu “ideala” lortu du Los Cosmeticos Deustuko bandak. Oinarri erritmiko sendoagoa du, gune ilunagoetara jotzen duena.

Los Cosmeticos hirukotearen 'Puro plastico' bost abestiko lan berria, aurreko 'Danze! Zizek! Danze!' moduan, Tigrearen eraikinean grabatu dute Xabier Egiak eta Jon Aguirrezabalagak (WAS) eta Victor Garciak (Nueva Vulvano, No More Lies...) masterizatu du Ultramarinos Masteringen. Emaitzak “asebete” egin ditu Alberto Lorenzo (baxua), Alberto Diez (bateria) eta Ivan Barrio (gitarra eta ahotsa); “oso”.

Lortu duten soinua “ideala” da. “Indartsua, zehatza eta nortasunduna”, dio Alberto Lorenzok. Besteak beste, oinarri erritmiko sendoagoak dituelako eta gune ilunagoetara jotzen duelako. Ildo horretan, soinu berriek “arrisku eta dotoreziaz” zipriztindu dute taldearen unibertsoa. Hirukotea jabetu da azken lan honekin izan duen garapenaz. Garaje doinuak alde batera utzi ditu distortsiodun indy munduan barneratzeko, “noise kutsu pitin batekin”.

'Puro plastico' formatu fisikoan “geldiro” ari dira banatzen Deustuko Atxuri tabernan. Formatu digitalean, aldiz, etengabe. “Deskargek ez dute etenik”. Pozarren daude Los Cosmeticoseko taldekideak sarean duen erantzunagatik: “Ezagutzen ez gaituena harritu egiten da lan berria entzutean, eta ezagutzen gaituenak bandak izan duen bilakaera nabari du. Biak ala biak oso emaitza baikorrak dira guretzat”.

Iazko Rockein lehiaketako txapeldun izan ziren cosmetikoak 129 banden artean. Oso gogoan dute zelako “gorakada” izan zen. Garaipenak bost abestiko lana grabatzeko aukera eskaini die “maila handiko estudioan”. 500 kopiako botaldia izango du 'Puro plastico'-k. Bideoklip bat ere grabatuko dute eta maiatzean MAZ Basauri jaialdian joko dute. “Eta guzti hori kable bakar bat askatu gabe”. Edozein talderentzat “bultzada bikaina” da. Horregatik espero dute 2018a “lan handiko urtea” izatea. Urtez urte gero eta maila handiagoa duen Basauriko MAZen jo eta gero, udan “etxe inguruan” ibiliko dira zuzenekoetan, eta irailetik aurrera “Estatuan zehar bira” antolatuko dute. Ez dute, baina, lokaleko lana baztertuko, izan ere asko gozatzen dute konposatzen. Errepertorioa handitzeko dagoeneko badituzte “zenbait ideia”. Ahal duten unean ekingo diote lanari.

 

loscosmeticos.bandcamp.com