Zer da Errekaleor?
Galdera potoloa da. Askotan ez dakigu gure buruari zelan erantzun. Niretzat bizi proiektu bat da, baita askoz gehiago ere, ze bertan bizi naiz eta bertan militatzen dut. Niretzat dena da Errekaleor. Une honetan bizi nahi dudan espazioa da hau. Askatasun piloa ematen dit nahi dudana sortzeko nahi dudanarekin eta esperientzia konpartitzeko. Kanpora goazenean, esaterako, ateak zabaltzen dizkigute, eta oso pozgarria da.
24 orduko militantzia da?
Bai, uneoro hausnarketan ari baikara. Iazko maiatzean argia moztu ziguten, eta harrezkero bizi ereduari hainbat buelta ematen ari gara. Nekagarria ere bada dena baitago egiteko. Gainera, asko gara eta pentsamendu eta egiteko modu desberdina daukagu. Talkak ere sortzen dira. 24 orduko militantzian, batzutan hain murgilduta zaudenez, dena lotzen da, eztabaida politikotik sortutako gatazka bat eta pertsonaletik sortutakoa. Lan asko dago egiteko etxean bertan. Urtebete eman dugu etxea atontzen, horietatik lehen hiru hilabeteak obra-hondakinak garbitzen.
Crowdfunding-aren bidez hainbat diru bildu zenuten energia autoekoizteko. Lortu duzue instalakuntza martxan jartzea?
Oso ondo atera zen crowdfunding-a. Kristoren indarra eta poza eman zigun hiru egun lehenago helburua lortzeak. Eta ez ziren helburu makalak. Lakaben eta Manresan informatu gara eguzki plaken sistemen inguruan. Ezarri dugun sistema autoekoizpenean oinarritzen da, ez dugu konektatu behar argindar sarera. Plakak baratzean daude, frontoian eta gizarte etxeko teilatuan. Oraindik esperimentazio fasean gaude. Kontsumitzen dugu sortzen duguna baino gutxiago.
Hasieratik duela aste batzuk arte generadore batekin moldatu gara. Izan ere, plakak ezartzeko espero baino denbora gehiago behar izan dugu.
Zelan antolatzen zarete Errekaleorren?
Asanblada orokorra, lantaldeen koordinadora eta lantaldeetan antolatzen da Errekaleor. Hainbat lantaldetan ibili naiz, baina une honetan denbora faltagatik lantaldeetatik kanpo nabil.
2012an lehen okupak ikasleak izan ziren. Zelako jende modua zarete egun?
Ni Errekaleorren sartu nintzenean, 2015ean, ikasle giroa zegoen. 50 bizilagun izango ginen. Orduan hasi ziren Errekaleorren proiektua eta baratza lantzen, lantaldeak sortzen. Ikastera zetorren jendea zen orduan, orain asko aldatu da profila, bertan gelditzeko interesa duen jendea da, bizi proiektua bertan konpartitzeko prest dagoena. Garai batean 150 ere izan ginen. Jendea joan-etorrian ibili da eta orain 100 bat izango gara. Hasierako familia bakarra geratzen da. Badaude etorritako familiak, ikasleak… Argi mozketaren ondoren oso jende motibatua etorri da, gaztea orokorrean, ezkerrekoa, komunitatean bizitzeko oso prest dagoena. Baita gero eta familia gehiago ere.
Zergatik etorri zinen Errekaleorrera eta ez pisu batera?
Zalantza nuen. Atzera eragiten zidan bakarrik etortzeak horrenbeste konpartitzeko proiektu batera, ez nuen nahi gehiegi biluztea. Baina etortzea erabaki nuen proiektua bera asko gustatzen zitzaidalako eta komunitatean bizitzeko gogoa nuelako. Baratza oso gustuko izan dut beti.
Baratzean eman duzu denbora ugari. Zer ekoizten duzue?
Barazki-sorta: patata eta kipula, porruak, tomateak, piperrak, kuiak, kuiatxoak, babak…
Erraza izan da Errekaleorrera egokitzea?
Bai. Lehen blokean sartu nintzenean oso harrera ona egin zidaten. Saltsera naizenez, egokitzea ez zait asko kostatu.
Une gogorrik pasa duzu?
Argi mozketaren egunetan gaupasa eginda geunden, 48 ordutan nonstop, hoztuta ezin genuelako ezer berotu. Hirian, manifestazioan, kristoren babesa ikustea ikaragarria izan zen. Sentzazio arraroa izan nuen. Baina izan dira hori baino beste mila istorio gogor, izan ditugun eraso desberdinekin: sexistak, auzokideen artean, poliziarekin… Poliziak hasieran ia egunero identifikatzen gintuen. Orain ere pasatzen dira hemendik, baina oso lasai gaude zentzu horretan.
Gasteizko Udalak Errekaleor eraitsi nahi du. Baikorra zara?
Urtaran alkateak esan du aurrera jarraituko duela bere eraisketa planarekin. Ez naiz gehiegi esatera ausartzen. Kalean entzuten da atzera egingo duela Udalak, baina ez dago jakiterik. Argi mozketarekin, goizean, esaten genuen, ‘ez dira etorriko’, eta handik apur batera etorri ziren. Ez naiz gehiegi fidatzen. Baina, egia da, beti pentsatu dut ez gaituztela botako, eta ziurtasun hori daukat. Oso baikorra naiz zentzu horretan. Zaila da gu hemendik botatzea, bizilagun asko gara, eta bloke guztietan jendea dago.
Eredu zeretela sentitzen duzu?
Erreferente izan gaitezke ez dagoelako horrelakorik. Auzo oso bat gara elkarbizitzen. Errekaleorrek ekarpena hori egiten dio Euskal Herriko okupazio mugimenduari. Baina gu bakarrik ez ginateke hemen egongo. Batez ere gasteiztarrengatik gaude gu hemen. Gasteizen badira gaztetxea, Los Arquillos, GES… beste okupazio eta autokudeaketa proiektu batzuk, eta eurekin elkarlanean ari gara.
Errekaleorrek alternatibak sortu dituela sentitzen duzu?
Gauza asko egin dira espazioak eskaintzen dituena aukerak asko direlako, eta gaitasuna egon badagoelako. Baina zaila da jarduna mantentzea bizilagunen joan-etorria handia delako, edota argia moztu eta esku hartean zenuen proiektua zapuzten dizutelako; zaila da berriro martxan jartzea. Alternatibak sortzeko kristoren lantegia da Errekaleor, baina ez gara izan behar beste errealistak, eta dena pausoz pauso eta motelako egin behar genuen agian.
Aurrera begira zein helburu duzu?
Egun martxan dauden entsegu lokala, kultur planifikazio potentea eta iluntze feministak finkatzea, besteak beste. Eta badira abian jartzeko proiektuak ere, esaterako, okindegia eta bizikletak konpontzeko tailerra. Hemendik kanpora ateratzeko bizilagunen %100ek bizikleta erabiltzen dugu, eta askotan bizikleta konpontzeko arazoak ditugu. Beharrizan horretatik sortuko dugu tailer bat, elkar formakuntzan oinarrituta.
Deustuko Gazte Lokalaren egoera zelan jarraitzen duzu Errekaleorretik?
Kolpe bioitza izan zen zeren ematen zuen Errekaleorrera eta Gazte Lokalera biak eraistera zetozela. Pentsatzen nuen, ‘biak eraitsiko dituzte edo batere ez’. Sekulako pena eman zidan uztarazte aginduak. Niretzat Gazte Lokala ardatz nagusia izan da nire bizitzan. Asko gustatzen zitzaidan jendearekin proiektuak konpartitzea. Saiatzen naiz informatzen eta jendearekin hitz egiten. Zer gertatuko den zain nago.
Errekaleorren bizi zarela esatean jendeak zer esaten dizu?
Galdera asko egiten dizkidate, ikus-mina sortzen du Errekaleorrek. Batzutan deskonektatu beharra duzu eta ezin duzu. Azkenengoz, sanferminetan gertatu zitzaidan.
Zenbat ikasi duzu Errekaleorren?
Dezente. Argindarraz oraindik oso gutxi. Komunitatean bizitzen asko ikasten da.
Etxe estandar baten ikusten duzu zure burua?
Gaur egun ez, baina baditut gorabeherak. Horrelakoetan saiatzen gara ahalik eta gutxien eragiten besteengan, eta eragiten duenean ahalik eta arinen konpontzen. Norbere espazioaren beharra eta intimitatea izatea beharrezkoak ditugu, eta jakin dugu hori ere kudeatzen etxe barruan. Familia bat gara eta, oinarri feministei jarraiki, elkar zaintzen dugu. Hemen bizitzeak ematen dizu beste zerbaitek ematen ez dizuna, jendearen konpainia eta poztasuna. Komuna hippy-aren antzekoa da, baina politagoa, etxe hau iraultzailea baita.