Bitartean, Vicinay auzotarrentzat

prestaldizkaria 2018ko api. 5a, 09:00

Cadenas Vicinayren azken eraikina hustu bezain pronto hondatu dute arpilaketan aritu direnek. Erriberako auzotarrek eraikina garbitu eta txukuntzea erabaki dute dauzkaten beharrizaneterako erabiltzeko. Obra berria hasi bitartean erabiliko dute.

Kateen zarata eta kateek lurra jotzean eragiten zuten dardara oso gogoan ditu Josek oraindik. “Etxe osoak dar-dar egiten zuen. Oso desatsegina zen”, dio. Vicinay lantegiaren ondoko etxean bizi izan da urteetan Jose. Azken urteetan, berriz, “lasaitasuna” da nagusi. 

Jonek Vicinayko langileak ditu gogoan. Enpresa handia izaki, behargin asko zituelako, eta “lantegian sartu eta irten” ibiltzen ziren. Baita inguruko tabernetan ere, bazkaltzen edota zeozer hartzen. Deustuibarrako tabernek “eurei esker” biziraun dute. 

Nereak Erriberako jaietarako Vicinayk ematen zuen diru-laguntza aipatzen du. Ekarpen handiena berak egiten zuen, “auzokideekin harreman ona mantendu nahian eta eragiten zituen eragozpenak arindu nahian”. 

Cadenas Vicinayk 2015ean utzi zion Deustuko Erriberan kateak ekoizteari. 1943an Deustuibarran ezarritako enpresa urteetan mundu mailako liderra izan da, batik bat neurri handiko kategintzan. Aspaldian espero zen bere leku aldaketa Erriberatik Sestaora, Bizkaiko Labe Garaiak egondako lursailera. Beste lantegi batzuk egin bezala, etorkizuneko Zorrotzaurre proiektuari lekua egiteko Cadenas Vicinayk ere maletak prestatzeari ekin zion. 2010ean, ondo bidean, hiru urteren buruan lantegia oso-osorik Sestaon jardungo zela aurreikusi zuten. Zorrotzaurre proiektuari lotutako gainerako epeekin gertatu bezala, Vicinayren leku aldaketa espero baino gehiago luzatu da. Azken hiru urteak eman ditu Vicinayk Erriberan zeuzkan eraikinak husten. 2018ko hasieran ondasun guztiak utzi arte. 

Lantegiak hustu ostean, urtarrilaren amaieran, Vicinayko azken langileek bulegoen eraikina behin betirako itxi eta alde egin zuten. Eraikina Zorrotzaurre proiektuko planifikazioak berak babestutako 19 erakinetako bat da, bere ondare-aberastasunagatik eta bertako industria-memoriagatik zaindu beharrekoa. 1946. urtean eraikia, Ricardo Bastida arkitekto bilbotar entzutetsuaren proiektuaren arabera, Banco de Bilbaoren artxibategia gordetzeko. 

“Joatean abisatuko zigutela esan ziguten, baina ez”. Ez zituzten auzotarrak abisatu. Hurrengo egunean, eraikinaren kanpoaldean furgonetak prest zeuden. Txatarreroenak. Hainbat lagun sartu ziren bulegoetara, eta baliodun objektuak eraman zituzten: leihoak, hodiak, kableak… “Arpilatze programatua” zirudien Nerearen hitzetan. 

Erriberako bizilagunentzat erabilgarria izan zitekeen beste eraikin bat erabat hondatzen utzi aurretik, auzotar talde batek “gu ere sartuko gara” erabaki zuen otsailaren 10ean, “ea zer gertatzen den”. Ana auzotarraren arabera, “pabiloi abandonatuen erreinuan ez baitugu erabilera anitzeko lokalik". Jon auzokidearentzat Vicinayn sartzen zen lehen aldia zen. “Hustuta zegoen barrutik, utzita, apurtuta”. Eraikinaren egoerak hunkitu egin zuen, kristal apurtuek, ateratako kableek. “Dena izatetik ezer ez izatera pasa zen egun gutxitan”. 

“Eraikinaren hezurdura utzi dute” Vicinayn. Baina ez da gauza berria, Nerearen hitzetan. Cromoduro enpresan edota Zorrotzaurreko beste hainbat lantegitan gauza bera gertatu da. “Jabeek babes gabe uztean, txatarreroek eta ahal dutenek bertan sartu eta hustu egin dituzte”. Kontua da, Vicinay Erribera auzoaren erdi-erdian kokatuta dagoela, etxebizitzen artean, eta horrek auzotarrak mugiarazi dituela: “Auzoa mugitu egin da eta bat-batean berez antolatu da, hain zuzen ere, Deustuko Erriberaren erdi-erdian dagoen eraikin honekin zer egin erabakitzeko”.

Katebegiaren azken ondorioa

Urteak darama Erriberako auzo elkarteak Bilboko Udalari lokal bat eskatzen auzoko jardueretarako. Eskaerei orain arte entzungor egin die Udalak. “Dena izan da luzapena. Legearen garapenaren zain izan gaituzte, beti gerorako utziz gure eskariak, etorkizuna salduz”. Vicinayn auzotarrak sartu eta astebetera, otsailaren 24an, prentsaurrea eskaini zuten arte. Orduan, auzotarrek publikoki kezka adierazi zuten eraikin historikoaren “abandonatze eta dekadentziagatik” eta, “auzorako espazio falta zela eta”, auzolanean eraikina “berreskuratzeko asmoa” agertu zuten. Hain zuzen ere, “ekintza sozialak eta kulturalak egiteko”. Aukezpena egin eta egun batzutara deitu zieten Udaletik, bilera batean elkartzeko proposamena eginez. Nereak dioenez, “dena joan da lotuta. Katebegiaren azken ondorioa da”. 

Harriduraz jaso dituzte erakundeen “hitz onak”. Ez Udalak ez Vicinayk “ez dute txarto irizten” auzotarrak Vicinayn egotea, Zorrotzaurre planean hitzartutako ikastetxe bat egiteko obrak hasi bitartean. Lanbide Heziketako ikastetxe bat eraikitzekoak dira Vicinayko bulegoak zeuden lekuan bi urte barru. Baina “epeak inoiz betetzen ez” direla eta, auzotarrek “bitartea” baliatuko dute. Epea mugatua dela jakin badakite. Bi urte, hiru, lau… izan daitezkeela. “Burokraziaren menpe dagoela”. Orain artekoari erreparatuta behintzat, Erriberan “dena oso, oso motel doa”. 

Auzo elkartea, arrakastarik gabe, Udalari lekua eskatzen ibili den bitartean, hainbat eragilek kultur jardueretarako espazioa eta diru-laguntzak eskuratu dituzte. Azken hamar urtetan pabiloi hutsak egokitu dituzte, besteak beste, erakundeengandik jasotako bultzarekin. Kultur eragileek auzoan egindako lana eskertzen duten arren, auzotarrak tarte honetan “ikusle hutsak” izan dira. Izandako aldaketak “pasatzen ikusi ditugu”, diote. Orain, aldiz, “protagonista” sentitzen dira. Eta Vicinayk eskaintzen dizkien aukerak “erantzun indartsua” sortu du Erriberan. “Erratza hartu eta edozer egiteko prest” agertu da bizilagunak. “Ilusio berezia” sortu da Joseren esanetan: “Harreman berezia auzotarren artean harremanak estutzeko balio izan duena. Erribera txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar, baina horrek  ez du esan nahi harreman estua dugunik. Komunitate bezala trinkotu gaitu proiektuak. Jendea oso gogotsu dago, auzoari bizitza emateko, erriberatorron arteko sarea ehuntzeko”. Jon ere pozik dago bizilagun desberdinak batzeko balio izan duelako, “adin eta pentsakera oso desberdina duen jendea proiektu berean ez dut inoiz ikusi Erriberan. Polita da”. 

Erriberako auzogunea

Espazio berrirentzat izena hautatu dute: Erriberako auzogunea. Erribera auzoaren izena aldarrikatzeko modua da eta, era berean, izen egokia da auzoan mugitzen diren taldeei eta ekimenei espazioa emango dien gunea izendatzeko”. 

Oso espazio handia da Vicinayko bost solairuko eraikinak ekaintzen duena. “Espazioa soberan dago”, eta horregatik lehen solairua eta “agian” bigarrena soilik erabiliko dituzte. 

Garbiketa eta konpontze-lanak gutxika aurrera doaz. Mantenimendu lantaldea arduratzen da horretaz. Jon taldekideak azaldu duenez, “kristalak eta hondakinak garbitu ditugu, ur hodien apurketak konpondu ditugu, komun batzuk erabiltzeko egokitu ditugu,eta argindarra konpontzen ari gara. Apurka osatzen ari gara egun bateko txikizioa”. 

Zumba klaseak martxan dira jada astelehen eta asteazkenetan. Erabilera anitzeko gela eta auzo elkartearentzat bulegoa hasi dira forma hartzen eraman dituzten altzariei esker. Baita gimnasioa ere Karmelatik jaso dituzten bizikleta estatikoei esker. Gela bat umeek ludoteka gisa erabiltzeko egokitzea pentsatu dute eta beste gela bat argazkiak errebelatzeko. Ideiak ez dira falta. Lantaldeetan banatuta antolatzea adostu dute, eta denen artean zehaztea emango dioten erabilera. Bitartean, espazioa txukuntzen badute nahiko lan. Apirilaren 14rako zati handi bat txukunduta izatea nahi dute, egun horretan ate irekien jardunaldia egiteko eta Deustu osoari Erriberako auzogunea erakusteko.

 

facebook.com/Erriberak-Bizinahi-du