Duela bost urte Andoni eta bere lagunek Deustuko Gazte Lokaleko Txori-dendan serigrafia tailerrean parte hartu zutenean hasi zen dena, liburuen artean Egin egunkari zaharrak aurkitu zituztenean. Punk taldeen bilduma egitearen ideia aspaldi zuen buruan, baina Txori-dendan aurkitutako Egin zaharrak piztu zuten proiektua. “Egunkari zaharretan Artrosisizeneko punk talde baten berria agertzen zen. Santurtziko taldearen inguruko albistea zen, argitaratu berri zuten maketaren inguruko xehetasunak emanez, albistearen bukaeran kontaktua agertzen zen, alegia, etxe bateko telefonoa. Animatu eta, erdi brometan, telefonora deitu zuten. Seinalea eman eta erantzuna izan genuen, Lolo zuen izena, 23 urteren ostean bertan zegoen Artrosi taldeko partaidea”. Egin egunkariak maketen deskribapena egiten zuten, eta beti telefono kontaktua agertzen zen. Horien atzean, musika taldeetako kideen amak zeudela nabarmendu du Andoni Fernandez. “80ko hamarkadako punk taldeen managerrak amak ziren, etxean telefonoa hartzen zutenak”. Deustuko Gazte Lokaletik eginiko dei horrek eman zion abiapuntua liburua hasteko.
59 talderen erreferentziak bildu ditu liburuan, eta musikaren inguruan sasoi artean ibilitakoei eginiko 10 elkarrizketa. Fanzinetako kideei, lehenengo diskoetxetako arduradunei edota soinu teknikariei eginiko elkarrizketak dira. Horiek garaiko beste “ikuspuntu bat” ematen dute.
Andoni 1983an jaiotakoa da eta, beraz, garai hori ez du bizi izan, baina garai hartako musikarekin hezi da. “Beti mirestu dut garai hori, ni ere musika taldeetan ibilitako naiz. Beti teloneroak izan gara. Gure taldeak ere badu bere historia, 80ko hamarkadan ibilitako talde askok bezala”. Horregatik erabaki zuen horien informazioa eta erreferentziak batzea Mierda de Bizkaia y sus grupos de punk maqueteros 1977-1989 liburuan. Guzti hauen bilaketa-lana garaiko fanzineetan argitaratutako kronika eta albisteen bitartez egin du. Taldeetako partaideekin kontaktuan jarri eta etxez-etxe ibili da, elkarrizketak egiten. Bost urteko prozesu luzea izan da, “inurri lana.
Erreferentzietan denetariko taldeak daude. Badira ezer grabatu ez zutenak, beste batzuk lan bakarra argitaratu zutenak. Denak sasoi hartako musika mugimendu hartan ibilitako dira. “Talde batek, agian, hiru maketa argitaratu zituen eta beste batek, hiru urte jotzen ibili eta gero, ez zuen batere argitaratu. Hori oso interesgarria iruditzen zait”, dio Andonik. Punk taldeen bilketa egin du soilik. Bestelako estiloa jorratzen zuten taldeak ez ditugu liburuan aurkituko.
Maketen bilketa egiteaz gain, maketak digitalizatu eta interneten eskegi ditu. Jende guztiaren esku jarri nahi izan ditu, dohainik. Andonik argi du liburu honen bitartez “duintasuna” eman nahi izan diela 80ko punk taldeei. Zazpi Katu gaztetxean liburuaren aurkezpena egin zutenean, taldekideak “oso eskertuta agertu ziren”.
Lehenengo edizio agortuta bigarrena plazaratu berri du Andonik.