Bost urteko bidean hitzak aparteko garrantzia izan du Gure Esku Dago dinamikaren baitan. Tresna funtsezkoa izan da, eta horrela aldarrikatu dute aurkezpenean: "Hitza hartzea eta ematea, hitzak gainezka egin arte".
Hitzaren bitartez lortu dute auzoz auzoko eta herriz herriko lantaldeek erabakitzeko eskubidearen gaia "naturalizatzea". Eztabaidak duela lau urteko tentsioa galdu du Alex Arregi Deustuko taldekidearen esanetan, eta egun hizketagai normala da herritarren eta taldeen artean.
Konplizitateak josiz jarraituko du Gure Esku Dagok aurrera begira ere. "Gure etorkizuna erabaki arte lanean jarraituko dugu eskuz esku, elkarrekin soilik lortuko baitugu", Goizalde Landabasoren hitzetan.
Hurrengo urratsak bi dira. Batetik, erabakitzeko eskubidea oinarri duen Herritar Ituna edukiz betetzea. Horretarako mintegi parte-hartzaileak antolatu dituzte, Bilbon apirilaren 19, 20 eta 25ean, erabakitzeko eskubideak egunerokoan esparru desberdinetan zelan eragin dezakeen konpartitzeko, eta nork bere ekarpenak egiteko.
Bestetik, ekainaren 10eko Donostia eta Gasteiz lotuko dituen giza katea antolatzea. "Arrazoiak erakusteko eta indartzeko eguntzat" jo dute ekainaren 10eko hitzordua. Bi hilabete baino gutxiago falta direnean, "aktibatzeko" gomendioa luzatu dute Bilboko auzoetako 12 lantaldeek. Giza kateko 201'9 kilometroetako 13 kilometro Bilbori dagozkio, eta horiek antolatzeko laguntza eskatu dute. Kilometroko 500 pertsona behar dira, beraz, guztira 6.500 bilbotar gutxienez. "Erronka handia da", Alexen irudiko. Horregatik lantaldeetan aktibazio lanerako "jende gehiago eta jende gaztea" behar dutela nabarmendu du.
Giza katean parte hartzeko izena eman beharra dago auzoetako taldeetan, "partaideak kilometroetan zehar antolatzeko, eta hutsuneak ekiditeko". Izena ematean, zapi baten truke, bost euroko ekarpena eskatuko dute Gure Esku Dagoko kideek "egun horretako gastuei aurre egiteko".