Erraldoi berriak sekretupean

prestaldizkaria 2018ko api. 18a, 10:40

Ondalan erraldoien konpartsak bi erraldoi berri aurkeztuko ditu igandean Elorrieta auzoan. Estreinaldiaren aurretik sekretupean gordeta daude Jaun Zuriaren eta Dalda Estigizen erraldoiak. 

Irrika sumatzen da Ondalan konpartsako kideen artean bi erraldoi berriren estreinaldiaren atarian. "Guretzat seme-alaba bi izatearen parekoa da", dio Ondalaneko Jabi Ortegak. Konpartsaren 15. eta 16. seme-alabak dira igandean, hilak 22, Elorrietan aurkeztuko dituztenak. Ez da marka makala, izan ere, "Euskal Herrian oso herri gutxik dituzte 16 erraldoi", dio harro Ortegak. 

Jaun Zuriaren eta Dalda Estigizen izena eta itxura dute erraldoi berriek. Bizkaiko lehen jaunarena eta bere bigarren andrearena. Biak ala biak Kukubiltxo antzerki taldeak Ondalani emandako figurak dira. Jose Antonio Obregon Tarzi arduratu da egituraz eta Marife Martinez jantzietaz. 30na kilo inguruko pisua dute, eta Aker eta Mari erraldoiekin batera osatuko dute Ondalanen "mitologiaren atala". 

15 urtetik gorako dantzariek dantzatu ahalko dituzte Jaun Zuria eta Dalda Estigiz igandetik aurrera. Izan ere, taldearen asmoa "gazteak erraldoiak dantzatzera animatzea da". Aurrerantzean, gazteek aukera gehiago izango dute. Egun, Ondalan konpartsak sei urtetik gorako kideak ditu. 

 

Sekretupean

Ez dute erraldoi berrien argazkirik zabaldu nahi izan taldekideek. Detaile batzuk soilik erakutsi dituzte. Diotenez, "sekretua delakoa". Ikusi nahi dituenak igandean Elorrietara hurbildu beharko du. Hitzordua, igandean, 11:30ean izango da, eliza parean.

Ez da kasualitatea Elorrieta hautatzea estreinaldirako. Ondalanen orain arteko 14 erraldoiak San Ignazion, Arangoitin eta Deustun estreinatu ostean, taldeak Elorrietarekin zorra du kitatzeko, eta igandean auzoan antolatu duten merkatuaren ingurumaria baliatuko du aurkezpena egiteko. Ostean, 16 erraldoiak kalejiran abiatuko dira Elorrietan zehar.