Urtebete auzoan

Erabiltzailearen aurpegia Errondoko Auzo Etxea 2018ko api. 27a, 09:50

Apirilaren lehenean 365 egun bete genituen auzoan. Navarro Villoslada kaleko Eroski zaharra berreskuratu genuenetik aldaketak hamaika izan dira, bai espazioaren barruan bai kanpoan.

Barruan, argindarra eta ura lortu ditugu, itoginak konpondu ditugu, sabaia apaindu dugu, hainbat horma eta zutabe koloreztatu ditugu, barra bat eraiki dugu... Beharren arabera, bilera gela, gimnasioa, jolastokia, zinema, zirkua, erakusgela, aretoa, jangela eta eszenatokia bihurtu dugu 400 metro karratuko espazioa, 20 urtetik gorako hautsa pilatuta zuen supermerkatu zaharra.

Kanpora begira, aldaketak are nabariagoak dira. Auzoko elkarteen lehen jardunaldiak ospatu ditugu, hainbat hitzaldi eta erakusketa antolatu ditugu, auzoko emakumeok talde feminista sortu dugu (Bilobak Talde Feminista), zirku tailerra, bizikleta tailerra, euskara eta ingeleseko mintza praktika taldeak, boxeo taldea, xake ikastaroa... sortu ditugu auzotarrok elkarlanean. Auzoa saretzeko asmoarekin sortu ginen eta horretan dihardugula esan dezakegu pozez.

Urte betean hasi dira loratzen aspaldi ereindako haziak, maitasunez eta auzolanean zaindu ditugunak. Poliki, baina tinko hazi dira enbortzen auzo honetako ametsak, eta lehenengo uzta jaso dugu jada.

errondokoae@gmail.com

twitter.com/Errondokopiztuz

facebook.com/Errondokopiztuz