Ivan Allue, multinstrumentista: "Nire ikasleek txistulari talde handi bat sortzeak ilusio itzela egingo lidake”

prestaldizkaria 2018ko mai. 3a, 09:00

Argazkiak: Iñigo Azkona

Musika jotzea eta musikarekin ondo pasatzea gustuko du San Ignazioko Ivan Alluek (Bilbo, 1976). Kontu kontari, bere ibilbidearen eta esku artean duen proiektuaren berri eman digu.

Musika tresna asko jotzen dituzu. Zer zara izatez?

Zein tresna jotzen dudan azaldu behar dudanean bertako instrumentuekin hasi ohi naiz: txistua, txirula, ttuntuna, alboka, dultzaina eta panderoa jotzen ditut, eta atabala eta txalapartarekin defenda naiteke. Beste herri batzutako tresnak ere jotzen ditut, gaita irlandarra eta eskoziarra eta whistle txirula irlandarrak, esaterako. Multinstrumentista folkie rara avis bat naiz. Folk musikatik edan baitut gehien bat. Anaiak kutsatu zidan folk zeltiarrarekiko maitasuna. Egia esan, gero eta gehiago gara zaleak.

Zergatik diozu rara avis bat zarela?

Tresna asko jotzen ditudalako. Normalki musikariek tresna bat edo bi bakarrik jo ohi dituzte. Gaita eskoziarra erostea jauzia izan zen niretzat. Fax bidez jaso nuen katalogoa, eta nire andreak eta koinatak lagundu zidaten itzultzen. Sarrikoko parkean entseatzen nuen ezin bainuen San Ignazioko Kultur Etxean jo. Zoratuta nengoela pentsatzen zuten. Musika tresnekin dibertitzea gustuko dut. Nire alabari zein beste edonori horixe esango nioke, musikarekin diberti dadila.

Ikuskizun bat prestatzen ari zara? Zelakoa?

Musika tresna asko erosiz joan naiz. Bizkor maneiatzen direnak ditut gustuko, probetxua ateratzeko. Bilduma handia osatu dut. Auzokide dudan irakasle batek bere ikastetxera hitzaldi bat ematera joateko eskatu zidan. Musika tresnak erakustea zen nire xedea. Besteak beste, umeek ikas zezaten dultzaina oboearen birramona dela. Hitzaldi horien ostean, bururatu zitzaidan zerbait prestatzea eta antzerki ikutua ematea. Pertsonaia bat asmatu dut, Txistuman. Txistu itxurako txotxongiloa da, Javi Tiradok egina.

Zergatik txistu itxurakoa?

Txistua oso tresna garrantzitsua da niretzat, txistuak zoriontasun handia eman dit. Berari esker sartu nintzen Goi Herri dantza taldean, eta bertan ezagutu nuen egun nire andrea dena. 2000. urtean Hannoverreko nazioarteko erakusketan parte hartu zuen Goi Herrik. Espainiako pabiloira euskal folklorea eraman genuen. Bertan hasi nintzen nire buruari txistuman deitzen. Izan ere, superheroiak oso gustuko ditut.

Txomin & Txistuman izena jarri diozu ikuskizunari. Prestaketan ari zara burubelarri. Zelan doa?

Teknikoki zailtasun handia du nik bakarrik maneiatu behar baititut dena aldi berean: loops padalera, mikroa, antzezpena... Koordinazioa da konplexuena. Horregatik erabaki dut sinplifikatzea. Izatez, kontzertu bat da, baina kontzertu horretara Txomin zuzendaria eta biok bakarrik agertuko gara, gainerako musikariak ez. Zuzendaria musikarien bila doan bitartean nik musika tresnak aterako ditut eta, bihurria naizenez, melodiak harrapatzen dituen makinarekin jolastuko dut.

Zer lortu nahi duzu ikuskizunarekin?

Ohikoak ez diren edota ezagutzen ez dituzten musika tresnak umeei erakustea eta horrekin gozatzea. Alboka eta tunttuna, esaterako, askok ez dute ezagutzen. Ezta nagusi askok ere. Txistua eta danborra ezagunagoak dira. Baina galdetuz gero hiru zuloko euskal flautak zein izen duen, askok ez lukete asmatuko.

Urtebete daramazu Ez dok hiru, euskal musikaren benetako istorioa ikuskizunean. Zelan moldatu zara?

Asko ikasi dut antzerkiari buruz Patxo Telleriarekin eta Mikel Martinezekin, entseatzen, prestatzen, eszenara irteten... oso desberdina izan da niretzat. Antzoki asko ezagutu ditut. Publikoak ondo pasatzen du, barre egiten du, eta hori oso atsegina da. Umorea eta musika dituen obra da, konbinazio bikaina nire ustez.

Dronadar taldean egin zinen ezagun. Zer eman zizun Dronadarrek?

Bufa! Lagun kuadrilla ginen. Hamairu urte eman genituen talde gisa. Oso ondo pasatzen genuen entseatzen eta jotzen. Kontzertu gabe ere astean bitan entseatzen genuen. Orduan, 1996an ez zegoen euskal folka zeltiarrarekin nahasten zuen hainbeste talde. Oso pozik eta harro nago Dronadarrekin ezagutu ditudan pertsonak asko izan direlako, oso ezberdinak izanik ere musika genuen lotura. Ezagututako lagunei esker jo nuen aurrerago Pantxoa eta Pellorekin.

Zelako esperientzia izan zen lau urtez Pantxoa eta Pellorekin jotzea?

Iñaki Dieguezen bitartez sartu nintzen taldean. Aurretik Iñakirekin jo nuen eta Igor Telletxea, Julio Andrade eta Mixel Ducaurekin. Denak makinak. Pantxoa eta Pello ezagutu nituenean berehala egin ginen lagun. Oso umoretsuak dira, eta taldea familia handia bat da. Txirula, panderoa, gaita irlandarra eta whistle txirula jotzen nituen taldean. Behin irrintzia bota nuen 'lepoan hartu eta segi aurrera' abesten ari zirela, eta Pellok aurrerantzean beti irrintzia botatzeko esan zidan.

Euskalduna Jauregian bitan gutxienez jo duzu. Zer dela eta?

Jauregiaren inaugurazioan parte hartu nuen Hortzmuga taldearekin batera. Handik hainbat urtera Pantxoa eta Pelloren kontzertuari nik eman nion hasiera Euskaldunan. Dena ilun zegoen, sabaiko izarrak bakarrik ikusten ziren. Jendez beteta zegoen. Sekulako unea izan zen. Urduri nengoen eta tentsioa kentzeko etxera heltzean prestatuko nituen krispetetan eta ikusiko nuen superheroien filman pentsatu nuen. Agian, musika nire ogibidea ez izateak patxadaz jarduteko aukera eman dit. Baina profesionalekin lan egiteak lan ona egitera behartzen zaitu.

Pentsatu duzu inoiz musikari profesional gisa aritzea?

Furgonetan bidaiatzea ez dut gustuko; Galiziara orain, Logroñora bihar, Irlandara etzi. Maila horretan ibiltzeak ez nau erakarri. Bizkarreko arazoak ditut eta, gainera, ez dut gustuko gidatzea. Nire esparrua Euskal Herria da. Haratago joatea, emm... Carlos Nuñezek deitu zidan behin Santanderren kontzertua emateko, gaita eskoziarra eta txistua jotzeko. Joan nintzen. Baina nik etxean lo egitea gustuko dut.

AEBetan ekoitzitako filmetan parte hartu duzu. Zelan lortu duzu hori?

Fernando Velazquez konposatzailea ezagutzen nuen. Juan Antonio Bayona zuzendariaren filmei musika jarri die Fernandok. Dwayne Johnson The Rock protagonista zuen Hercules filmerako lanean ari zen, eta melodia greziar batzuk eskatu zizkidan. Asuako kanaberekin auslos instrumentu greziarraren antzeko soinua lortzen ahalegindu nintzen. Baina ez nuen lortu. Gero albokarekin grabatu nuen, baina ez zitzaien gustatu, melodia sentsualagoa nahi zutelako. Azkenik whistle txirula batekin jotako doinua erabili zuten pelikulan. Oso atsegina da zure musika entzutea zinean. Pentsa alboka gustatu izan balitzaie!

San Inazion txistu banda bat sortu nahi duzu. Zergatik?

Ilusio itzela egingo lidake Goi Herri taldean eta Intxitxu ikastolan ikasten duten nire ikasleek txistulari talde handi bat sortzeak. 'Hauek nondik irten dira?', jendeak galdetzean, 'San Ignaziotik', erantzuteko.

Zure ibilbidearen jatorria Goi Herri dantza taldean dago. Nolatan?

Hamabost urterekin sartu nintzen taldean, eta egun ere jarraitzen dut, nahiz ardura gutxiago izan. San Ignazioko Kultur Etxea existitzen zenean, astegunetan eta larunbatetan egon ohi ginen bertan. Nire lehen dultzaina eta txirula Goi Herrik erosi zizkidan. Dantzariek kantatzen zizkidaten abestiak nik ikasteko. Solfeoa ikasteko modu ona zen hura. Horrek zaildu egiten zaitu. Alardeetan jotzeak, ezkontzetan...

Txistuak eta folkloreak oro har behera egin dute?

Albokak, esaterako, gorakada handia izan du. Ez dut uste txistuak behera egin duenik. Intxixu ikastolan eskolaz kanpoko jarduera bezala txistua irakasten dut, eta lehia latza dauka edozein ekintzak futbolarekin.

Zergatik desberdintzen dituzu txistulariak eta dantza taldeetako txistulariak?

Dantza mundua baztertzen dutelako zenbait txistularik. Nik ez diot dantza taldeetatik pasa behar denik, baina asko aberasten duen esperientzia da, niretzat behintzat horrela izan da. Gogotsu parte hartzen nuen entseguetan, nire aisialdia taldean ematen nuen, eta barre asko egiten genuen.