Lirio Flores, irakaslea: “Hiria prestatuta dago desgaitasuna duten pertsonentzat”

prestaldizkaria 2018ko mai. 8a, 11:35

Bere senar Carlos, seme Jose Carlo eta alaba Lia Gisselarekin batera duela zortzi bat urte heldu zen Lirio Tegucigalpatik (Honduras) Deustura. Aireportua obretan bazegoen ere, bertako garbitasunak arreta deitu zion, baita hiriko argiztapen handiak ere.

Zergatik erabaki zenuen Deustura etortzea?

Hondurasen beka bat eskuratu nuen Deustuko Unibertsitatean Hezkuntza beharrizan berezietan master bat egiteko. 

Irekiak ala itxiak gara kanpotik datorrenarekin? Abegikorrak gara?

Euskaldunen estereotipoak ezagutu gabe heldu ginen, kutsatu gabe nolabait. Guk geuk osatu dugu iritzia gure esperientziatik abiatuta. Lehen unean etxeko jabeekin izan genuen harremana, bikote zoragarriarekin. Oso ondo hartu gintuzten. Urdaiazpikoa ez dela frijitu behar eta pipak zuritu behar direla azaldu zidaten. Euren seme-alabetako baten amabitxia naiz ni. Pentsa, zelako harremana izan dugun. Oso abegikorrak izan dira gurekin. 

Bi seme-alabaren ama zara. Zelako harremanak egin dituzu eskolaren jira-biran? Zer deritzozu euskal hezkuntza sistemari buruz?

Jose Carlok desgaitasun intelektuala du, autismo zantzu batzuekin. Berarentzat eskola hautatzea oso zaila izan zen. Eskola kontzertatu batera jo genuen, baina ez zuen Jose Carlorentzat bitarteko nahikoa. Orduan, Deusto LHIn eskolaratu genuen bai bera bai Lia, eta gerta ziezagukeen gauzarik onena izan da. Gainerako umeekin ikasgelan egon da Jose Carlo. Lan handia egin dute eskolako arduradunek. Bertan lagun handiak egin dituzte nire seme-alabek. 

Arrazismoa sentitu duzu?

Zenbait unetan baztertua sentitu naiz jolas parkean eta dendetan, esaterako, edota sudaca edo panchito bezalako hitzak erabiltzen direnean. Baita alperrak garela eta diru-laguntzen bila etorri garela entzuten dudanean. Ezagutzen gaituztenok badakite zein den gure ibilbidea. Ikasketen ondoren lan kontratua etorri zela, eta gero Doktoradutza ikasketak. Baina ezagutzen ez gaituztenok, gure ezaugarri fisikoak baino ez dituzte ikusten, eta zenbaitek zerbitzatzera etorri garela pentsatzen dute. 

Zer dakigu euskaldunok Hondurasi eta hondurastarrei buruz?

Ni ez naiz hegoamerikarra, Erdialdeko Amerikakoa baizik, Honduras istmo batean kokatuta baitago. Desberdintasuna azaltzen jardun ohi naiz. Hona iristen diren Honduraseko berriak segurtasun faltarekin, indarkeriarekin eta ezegonkortasun politikoarekin lotutakoak dira. Guzti hori egon badago, baina beste leku askotan bezala, eta esaten ez diren beste gauza asko ere badaude. Nik ikasle eta lagunei txokolatea, kafea eta arrezifeei buruz hitz egiten diet. 

Zer duzu faltan?

Familia eta familiarekin konpartitzen duzun denbora eta aisia, hemen ez baitugu. Gu berandu iritsi ginen. Gure seme-alabek aukera izango dute lagunartea osatzeko, baina guk dagoeneko ez. Lagun berriei bizitza zerotik kontatu behar diezu, eta nekagarria da zure bizitza berriro ere zabaltzea; gainera, pertsona horrek agian ez du izango zure bizitzaren berri entzuteko denbora nahikoa. Janaria ere faltan dut. Asteburutan ahalegintzen naiz Hondurasko jatekoa prestatzen seme-alabek euren sustraiak gal ez ditzaten. 

Bertako zer duzu gustuko?
Klima tropikalekoa naizen arren, eguraldi euritsu eta grisarekin gozatzen dut. Bilboren usaina ere gustuko dut, lur busti usaina du. Hiria prestatuta dago desgaitasuna duten pertsonentzat. Hiri irisgarria da hau, eta gustuko dut. 

Hondurasera itzultzea pentsatu duzu?

Urtero itzultzen ahalegintzen naiz. Iaz familia osoa joan ginen, baina oso garestia da, eta etxean nik bakarrik egiten dut lan; rolak aldatu ditugu senarrak eta biok. Unibertsitateak karrera akademikoa egiteko aukera eskaintzeak ziurtasun ekonomikoa ematen digu, eta horri esker beharrizan asko bermatuta ditugu. Egoera hau gure herrian ere izan genezakeen modu batera edo bestera. Baina hemen geratzea erabaki dugu Jose Carlos gure semearen desgaitasunagatik eta Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako erakundeek bere alde egin duten lanagatik. Horrek hemen betirako mantenduko gaituela uste dut.