Parkourra praktikatzeko gune berezia paratu dute Sarrikoko parkean

prestaldizkaria 2018ko mai. 7a, 16:18

Gilen, Asier eta Aritz parkourrean Sarrikoko parkean

Aritz, Asier eta Gilenek erakustaldia eskaini dute parkourra praktikatzeko Sarrikoko parkean Udalak paratu dituen hamaika elementutan. Espazio berriak jendearen arreta eta interesa pizteko balioko duela pentsatzen dute. 

Joan den larunbat goizean hainbat lagun elkartu ziren Sarrikon parkourra ikasteko asmoz. 13 urte inguruko gazteak eta bi heldu. Parkour Bilbao elkarteak egin zuen deialdia, eta maiatzeko larunbat guztietan 11:00etan hitzordua errepikatzekoak dira elkarteko kideak. Interesa duen guztiari parkourra erakustea dute xede Aritz Sevilla eta bere lagunek, txikiei zein handiei, neskei zein mutilei. 

Egun, gazte orok ezagutzen du parkourra zer den, batik bat, Interneteko bideoei esker. Gure artean hazten ari den disziplina da eta, parkourraren inguruan Indarrez eskola muntatu berri duten Asier eta Gilenen iritziz, hurrengo hamar urteetan guztiz zabalduko da.

Bilbok, bere orografiagatik, parkourrean aritzeko baliabide asko eskaintzen ditu. Hormak, eskailerak, barandillak... horiek erabiltzen dituzte parkourlariek hirian zehar mugitzeko eta jauziak egiteko. Orain, propio eurentzat prestatu dute gune bat Sarrikon. Jendearen arreta eta interesa pizteko balioko duela pentsatzen dute Asier Osmak eta Gilen Buenok, zale berriak egiteko.

Uribarrin ere, La Pinza gunean, parkourrean aritzeko beste elementu batzuk paratuko ditu Udalak. Sarrikokoa baino espazio txikiagoa izango bada ere, La Pinzakoa estalia izango da. 

 

Crossfit eta agility zirkuituak eta jolagune naturalizatuak

Sarrikoko parkean, parkour guneaz gain, crossfit eta agility zirkuitu bana eta jolagune naturalizatu bat paratu ditu Udalak. Hain zuzen ere, crossfit egiteko lau modulu, txakurrak trebatzeko bost elementu eta zuhaitz artean lotutako sare-egiturak erabilgarri daude jada.