Egun osoko egitaraua prestatu dute Herriko Tabernako lagunek Bihotz Alai eta Mikeldi dantza taldeekin eta Deustuko Jai Batzordearekin batera.
Izan ere, Deustun trikilari eta panderojole asko daude. Batzeko ohitura dute, baina ez nahi beste. Trikitiari eta panderoari erreferentzialtasuna emateko antolatu dute jaialdia, non eta Done Petri plazan, Deustuko erdigunean, urte osoan apenas erabiltzen den espazioan. Hitzorduan Deustuko musikariak ez dira bakarrik izango, ondoan izango baitituzte Bilboko, Txorierriko, Uribe Kostako eta Euskal Herriko goi mailako hainbat musikari.
Gonbidatu bereziak
Kepa Junkerarekin batera jotzen duten Sorginak taldeko Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea, Euskal Herriko 2015eko Trikitilari Gazteen Txapelketako Naiara Mantzizidor eta Jugatz Oleaga bikote irabazle eta Julen Alonso eta Eneritz Aulestia 2016ko irabazlea, eta talde askotan ibilitako Igon Olaguenaga musikari eta irakaslea izango dira Deustuko lehenengo Triki Jaialdiko gonbidatu bereziak. Done Petriko kioskotik hainbat pieza joko dituzte arratsaldeko emanaldian.
Egun osoko egitaraua
Artisautza azokaren irekierarekin abiatuko da eguna. Gero kalejiran abiatuko dira trikilari eta panderojoleak Deustuko kaleetan zehar. 13:30ean hasiko da Bihotz Alai eta Mikeldi taldeen erromeria Done Petri plazan eta ostean Gure Herriako haurren dantzaldia. Atsedenaldian elkartuko dira herri-bazkarian. Bazkaltzeko bonoak Deustuko, Alde Zaharreko, Txorierriko eta Uribe Kostako tabernetan eskuratu ahalko dira. Bazkolestean, mikro irekiera edota jam session-a izango da eta arratsaldean, amaiera ekitaldian, aipatutako trikitalarien emanaldia. “Zerbait berezia” prestatuko dutela aurreratu dute antolatzaileek.