1917 eta 1980a bitartean, ehundaka emakume izan ziren raketista profesional Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan propio zabaldutako frontoietan. Mundu mailako lehen kirolari profesionalak izan zirela uste da.
Aurretik emakumeak pilotan jartzeko saiakerak egon ziren arren, 1917an Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak neska gazteak eraman zituen Madrilera eta han jokoan jarri. Egurrezko raketa sendoekin eta teniseko pilotarekin hasi baziren ere, berehala hartu zuten larruzko pilota. Frontoi txikietan abiadura ikaragarrian jokatzen zuten batere babesik gabe; espektakulua ziurra zen.
Etxetik 15 urte ingururekin joan eta pilotan trebatutakoan dirua etxera bidaltzeko modua egiten zuten gehienek. Emakume aitzindari hauek Euskal Herrian gaizki ikusiak izan ziren garaiko emakume moldearekin bat egiten ez zutelako; kanpoan ordea, arrakasta dastatu zuten askok.
Ainhoa Palomok eta Jon Juanesek emakume hauen istorioak bildu ditzute Raketistak Lehen eta Orain dokumentalean. Ordu eta 13 minutuan, emakume pilotari profesional hauek ezagutzeko bidaia aurkezten dute. Argazki, agiri, ilustrazio eta egunkariez gain, “Agustina”, “Ramonita”, “Asteasu”, “Emili”, “Soroa” eta “Larramendi I” ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Emakume hauek frontoi barruan nahiz kanpoan izandako bizipenen berri emango dute, norberak bere larruan bizitakotik.