"Ongi etorri Erriberara!"

uriola.eus 2018ko ira. 24a, 17:33

Mezu horrekin hartu dituzte erriberatarrek orain arte Santutxun egondako migratzaileak. Bi edo hiru aste egingo dituzte Deustuko Erriberan. Auzokideak txandetan antolatzen ari dira “ahalik eta harrera onena” egiteko.

“Harrera hunkigarria izan zen, oso beroa eta polita”. Horrela azaldu digu Jose Morales Erriberako auzokideak atzo arratsaldean bizitakoa. Ehun migratzailetik gora heldu ziren Bizinahi auzogunera, Santutxuko Karmelan hiru aste igaro ondoren. 50 bat autotan eta hainbat bizikletatan karabana zaratatsua egin zuten Atxuritik Deustuibarrera, “Instituzioak, bete zuen lana!” lemapean.

Txaloka, txalaparta doinuaz lagunduta eta “Ongi etorri Erriberara” mezuekin hartu zituzten gurean hiru hilabete luze daramatzaten etorkinak. Ekaina amaieran Atxuriko bizilagunek saskibaloi kantxa egokitu zuten bertan lo egin zezaten. Bertan aste batzuk eman ondoren, Bilbo Zaharreko Kultur Etxera igaro ziren. Ostean, Santutxuko Karmelara mugitu ziren eta atzo Erriberako Bizinahira iritsi ziren.

Lehenengo gaua ondo igaro dutela azaldu digu Moralesek. Egunak zeramatzaten eraikina txukuntzen eta “ahalik eta harrera onena” antolatzen. Auzokideak hainbat txandatan banatu dira: afaria prestatzeko, lo egiteko, garbiketarako, itzulpenak egiteko... Arropa, janaria edo garbiketarako produktuak behar izatekotan mezua zabalduko dute, baina momentuz egun batzuetarako nahiko dutela azaldu digute.

Erronka handia “urduri” eta “ilusioz” hartu dutela diosku Jose Moralesek. Auzo txikia izanagatik erantzuna handia izan da, “ezin hobea”, bere hitzetan. Inguruko auzoak ere antolatzen hasi dira Erriberatarrak laguntzeko. Asteartean, irailak 25, Ongi Etorri Errefuxiatuak 5 Auzo elkarteak bilera irekia egingo du San Inazio-Ibarrekolandako Kultur Merkatuan. 19:30ean zehaztu duten hitzorduan migratzaileei laguntza nola eskaini azalduko dute.