Aitzol Saratxaga, zinemagilea: "Euskal zinema egiten ari gara eta hori oso handia da"

prestaldizkaria 2018ko urr. 8a, 09:04

Aitzol Saratxaga Saenz (Argazkiak: Iñigo Azkona)

23 urte eta zinemagintzan ibilbide luzea dauka Aitzol Saratxagak. Ziren laburmetraiarekin Bilboko FANT zinemaldi fantastikoan euskarazko lanik onenaren saria jaso zuen maiatzean. Azken aldi honetan Basoan laburmetraia amaitzen ari da. Hainbat soinu banda ere konposatu ditu, La Higuera de los Bastardos eta Un mañana mejor filmetakoak kasu.

Nondik datorkizu zinemarekiko zaletasuna?

Beti izan dut argi zinemagintzan aritu nahi nuela. Txikitan edozein telefonorekin egiten nituen film laburrak eta unibertsitatean hasi nintzenean lagunekin hasi nintzen elkarlanean. Gainera, nire aitite txistularia zenez, zortzi urtez ikasi nuen musika. Horregatik, zinema eta musika izan dira nire zaletasun nagusiak, batez ere biak uztartzea.

Zuzendaritzan eta soinu banden konposaketan aritu zara batez ere. Zein arlo duzu gogokoen?

Biak gustatzen zaizkit asko, ezingo nuke bat aukeratu. Egia esan, biak dira bateragarriak eta hori egiten saiatzen naiz. Nik zuzentzen ditudan film laburretan soinu banda ere konposatzea itzela da. Prozesu guztiaren amaiera da, pastelari ginga jartzea.

Maiatzean FANT Bilboko Zine Fantastikoan euskal laburmetrai onenaren saria jaso zenuten Ziren lanarekin.

Guretzat itzela izan zen, ez genuen batere espero. Euskal laburmetraien kalitatea gero eta handiagoa da eta maila horrekin saritua izateak zirrara handia egin zigun.

Zer da Ziren?

Zirenenek kontatzen du zer gertatuko litzatekeen asko maite duzun kide bat galdu  eta bueltan ekartzeko aukera emango balizute.

Zer eman dizue sariak?

Proiektu berriekin jarraitzeko indarra. Zinema egiteak denbora eta diru asko eskatzen du eta horrek izugarri nekatzen du. Sariari esker bultzada animikoa jaso dugu. Jende berria ezagutzeko aukera ere ematen dizu, eta zure lana jende gehiagorengana heltzen da.

Gradu Amaierako Lana izan zen Ziren. Nolatan?

Zinema elkarlanean egiten da eta horregatik proposatu nuen GRALa taldean egitea. Nik zuzendari lana egin nuen, Iker Etxebarria argazki zuzendari aritu zen eta Antxon Notario arte zuzendari. Proiektuek denbora eta diru asko behar dute, baina hainbat kideren artean errazago dira kudeatzen. Horrela lortu dugu proiektua aurrera ateratzea.

Zein da laburmetrai baten ibilbidea/bizitza?

Normalean film laburrek bi urteko ibilbidea izaten dute. Lehenengo urtean estatu barruko banaketa egiten da eta bigarrenean nazioartekoa. Orain bigarren hori lantzen ari gara. Sariak irabaztea beti dago ondo baina guri interesatzen zaigu proiektua erakustea eta jendeak ikusteko aukera izatea.

Orain ‘Basoan’ film laburrean ari zarete lanean.

Filmatzea FANT jaialdia ospatu aurretik egin genuen. Kolorearen azken ukituak eman ditugu jada. Estreinaldia Euskal Zine Bileran izango da, urrian. Jaialdi batzuetarako konfirmazioak ditugu dagoeneko, baina oraindik ezin dugu ezer esan. Orain arte, ikusi dutenei asko gustatu zaie. Gauza desberdin bat da, nahiko interesgarria, beste alde bat lantzen duelako.

Zer kontatzen duzue pelikulan?

Beldurrezko istorio bat da. Gizon bat basoaren erdian esnatzen da eta ez du ezer gogoratzen, ez daki zelan heldu den horra. Aurkitzen duen lehen pista grabazio bat da, zer gertatu den esaten diona. Horrela hasten da baso horretan dagoenaz jabetzen.

Zer erronka suposatzen du zinegile gaztea izateak?

Gazteak garenez indar eta kemen handia daukagu eta gauza asko egiteko prest gaude, baldintzei erreparatu gabe. Baina aldi berean finantziazioa lortzea zailagoa da. Diru laguntzak eskuratzea nekeza da ezagutzen ez bazaituzte. Gainera, zalantza eta ziurgabetasun gehiago dituzu: ez  dakizu proiektua aurrera ateratzeko gai izango zaren, jendeari gustatuko zaion, errodaia ondo aterako den, guztia grabatzeko denbora emango duen… Dena dira kezkak hasieran, baina azkenean aurrera ateratzen dugu beti.

Eta euskarazko zinema egiteak?

Euskal zinema egiten ari gara eta hori oso handia da. Hizkuntzak filmetan oso garrantzitsuak dira, eta guk euskarari potzenzial hori ateratzen diogu. Euskara beste baliabide bat da zineman.

Zaila da zinemagintzan aritzea?

Zinemagintzan aritzen naizenean beti ematen dut ahal dudan guztia: bai nire proiektuetan eta baita besteen proiektuetan ere. Egiten duzuna gozatzen duzunean errazagoa da tinko eustea.

Zertarako balio du zinemak?

Komunikazio aldetik oso tresna baliagarria da. Jendea hezteko eta emozionatzeko balio du. Zinemak aukera ematen digu begiekin ikusi ezin duguna sortzeko. Nahi duguna irudikatu dezakegu: gure fantasia eta munstrorik handienak; eta hori da zinemak duen handiena.

Zer duzu nahiago: proiketu handiak edo txikiak?

Proiektu bakoitzak bere lantaldea dauka. Lan batzuek talde handiagoa eskatzen dute. Fantasiazko pelikulek denetarik behar dute: efektuak, jantziak, dekorazioa… Proiektu txikiak intimoagoak dira eta beste modu batean funtzionatzen dute. Bakoitzak bere xarma dauka.

Filmoluegoedito ekoiztetxea daukazue.

Klaseko kide batzuen artean sortutako ekoiztetxe txiki bat da eta bertatik ateratzen ditugu gure lan guztiak. Finean, zinema kolaborazioa da eta produktora txiki batek horretarako aukera ematen du. Taldean ari zarenean aukera gehiago daukazu proiektu bat aurrera ateratzeko bakarrik baino. Jendearen feedbacka jasotzen duzu eta inguru lasai eta eroso batean zaude ideiak konpartitzeko.

Zelan finantzatzen dituzue zuen proiektuak?

Orain arte finantziazio propioa erabili izan dugu, gure dirua jarriz eta lagunei eskatuz. Ziren egiteko crowdfunding bat jarri genuen martxan. Askotan lagunei eta zinema gustatzen zaion jendeari esker ateratzen ditugu proiektuak. 

BETA webseriea ere zuzendu duzu. Zer da webserie bat?

Laburmetrai baten antzekoa da, baina episodikoa. Bi-hiru minutuko piezak izaten dira, Youtuben edozein momentutan ikusteko erakargarriak. Gero eta arrakasta gehiago daukate webserieek, baina nik laburmetraien fomatua nahiago dut, itxiak direlako.

Gustatuko litzaizuke film luzeren bat egitea?

Edozein zinemagileren helburua da hori, baina niretzat oraindik goizegi da. Askok esaten didate: “Aitzol, hurrengoa luzemetrai bat”. Baina ez daukat dirurik labur bat egiteko, pentsa luzemetrai baterako… Hala ere, etorkizunean gustatuko litzaidake film luzeren bat egitea. 

Zein da zure genero gogokoena?

Zientzia-fikzioa eta beldurrezko filmak. Beldurrezko filmak gogoko ditut ekoizten merkeagoak direlako eta aldi berean ondo egiten zailak. Beldurrezko pelikuletan ez da sustoa landu behar, beldurra baizik. Beldurrezko elementuak ondo erabiltzen jakin behar da. 

Zerk inspiratzen zaitu?

Egunerokotasunetik hartzen ditut ideiak. Gero ideia horiek garatuz doazen heinean, fantasiara jotzen dute batzuetan, errealismora besteetan…

Nola lortzen duzu buruan dituzun ideiak pantailaratzea?

Gidoiak idatziz, berridatziz, ezabatuz eta berriro idatziz. Hasieran ideia nahaste bat izaten dut buruan, eta astero asmoz aldatzen dut. Zure buruari “hau egin nahi dut” esaten diozun arte ez duzu asmatzen. 

Zer gustatzen zaizu kontatzea zinemaren bitartez?

Denetarik. Filmak gure egunerokotasunaren erreferentziak eta bizipenak dira. Batzuetan gure beldurrak kontatzen ditugu, besteetan maitasun-istorioak, akziozkoak, inoiz bizi izan ez ditugun gauzak... Bizi duzun momentuak markatzen dizu zer egin.

SAKONEAN 

Zuzendari bat.

Nire gogokoena Peter Jackson da. Berak Eraztunen Jauna, Hobbita... filmak egin ditu, baina horren aurretik egindako filmak nahiko goreak dira. Zoragarria iruditzen zait: gore pelikulak egitetik bat-batean Eraztunen Jauna egitera igarotzen da. Momentuan ezinezkoa zirudien filma zen, pila bat elementu eta kontzeptu dituelako, unibertso oso  bat. Berak bikain egin zuen eta horregatik miresten dut.

Gaur egun dagoen zuzendaririk onena Denis Villeneuve da. Bere film guztiak primerakoak dira, perfektuak: Enemy, Blade Runner 2049, Dune

Pelikula bat.

Gone Girl, The Social Network, Prisoners… eta 80 egunean. Jose Maria Goenagaren lehenengo filma da 80 egunean, ezkutatuta dagoen arribitxi bat. Goenaga ezaguna da Loreak eta Handia filmengatik, baina bere lehenengo filma itzela da.

Soinu banda bat.

Jaun eta Agintari: Munduaren Azken Muturra (Master and Commander: The Far Side of the World)