Erribera uharte bilakatu dute

uriola.eus 2018ko urr. 8a, 16:44

"Zorrotzaurreko uhartea" inauguratzeko ekitaldia egin du Bilboko Udalak. Bitartean, Erribera eta Deustuko bizilagunek elkarretaratzea egin dute "Hau ez da Manhattan, Erribera bizirik!" lemapean.

Hasi dira Erriberako penintsula eta Deustu lotzen dituen lur zatia kentzen. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da irekiera ekitaldiaren buru eta egun "historikotzat" jo du gaurkoa. Izan ere, zazpi hamarkada luzeren ostean amaituko dira Deustuko kanalaren lanak. Aburtoren esanetan Deustuko kanalak "funtzio hidraulikoa" dauka: uholde arriskua murriztuko omen du. Horretaz gain, uhartea "aukera ekonomiko, sozial eta urbanorako espazioa izango da Bilborako", adierazu du alkateak.

Aldi berean Erribera eta Deustuko bizilagunek elkarretaratzea egin dute. "Hau ez da Manhattan, ez eta Zorrotzaurre ere, Erribera bizirik!" aldarrikatu dute. "Tiburoiak kanpora" eta "uharterik ez" ohiuen artean Zorrotzaurreren ereduaren aurka agertu dira.

Ekitaldia hasi aurretik Juan Mari Aburto haiengana gerturatu eta "Zerbait duzue esateko?" galdegin die. Erriberatarrek auzoak oraindik "arazo asko" dituela erantzun diote, irisgarritasunari, zerbitzuei eta segurtasunari dagozkienak.