Plastikoari uko

prestaldizkaria 2018ko urr. 31a, 10:20

Plastikozko poltsen erabilera murrizteko kanpaina abiaraziko dute Ainhoa eta Josuk. Udalaren diru laguntza izango dute horretarako, Balioak Martxan lehiaketaren saria irabazi baitzuten.

Plastikoari uko, argia da kanpainari jarri dioten izena. Ainhoa eta Josuren ustez “plastikoaren erabilera masiboa ekidin daiteke”, eta horri ekin diote. Sentsibilizazio kanpaina jarriko dute martxan Deustun, dendari zein kontsumitzaileek plastikozkoak beharrean poltsa biodegradagarriak eta ehunezkoak erabil ditzaten.

Udalaren Bilbao Gazte Balioak Martxan lehiaketan aurkeztu zuten proiektua. Baita saria irabazi ere, 3.000 eurokoa. Gazteei zenbait balio sustatzeko egitasmoak abiarazten laguntzeko lehiaketa da Balioak Martxan. Besteak beste, giza eskubideak, elkartasuna, sormena, berdinatsuna eta parte-hartzea lantzen dituzte proiektuokin.

Irabazleek urte bukaera arteko epea daukate aurkeztutako proiektuak burutzeko. Ainhoak eta Josuk eman dituzte horretarako lehen urratsak. Deustuko merkatariekin jarri dira harremanetan, eta azaroan ehunezko poltsak banatuko dituzte hainbat gune eta saltokitan, plastikozkoena ekiditeko.

Eskuorriak ere banatuko dituzte, gaiaren inguruko informazioarekin. Izan ere, kanpainaren helburua kontzientziazioan eta sentsibilizazioan eragitea baita. Horretaz gain, beste era bateko ekimenak proposatzeko asmoa dute. Esaterako, mendira edo hondartzara joaten garenean inguruan zaborra baldin badago jasotzera animatzera, nahiz eta gurea ez izan.

Azaroan abiatu eta gabonetan indartu nahi dute kanpaina. Izan ere, egun horietan izugarri hazten da plastikozko zein bestelako produktuen kontsumoa. Sasoi hori aprobetxatu nahi dute kontsumo arduratsua sustatu eta oihalezko poltsen erabilerari bultzada emateko.

“Gero eta plastiko gehiago erabiltzen dugu eta kezkatzekoa da”, diosku Josuk, “batez ere ekidin daietekeelako”, gehitu du Ainhoak. Erabilera masibo horren aurrean ehunezko poltsen eredua bultzatu nahi dute: “Eraman ezazu beti zurekin oihalezko poltsa bat”, hots egiten dute kanpainarako prestatu dituztek kartelek. 

Plastikozko poltsak erabiltzeari uzteko hamaika arrazoi daude, baina ustez garrantzitsuena azpimarratu nahi izan dute neba-arrebek: “Ez dagoelako B planetarik”.