Zein da euskaltzain urgazle baten lana?
Euskaltzaindiari laguntza ematen diogu. Akademia-gaiak aztertzen ditugu, baina bileretan ez dugu boto-eskubiderik. Hori euskaltzain osoek bakarrik daukate.
Uztailetik 12 berri zarete.
Guztiok urteak daramatzagu Akademiaren batzorde ezberdinetan lanean. Lan horren aitortza izan dira izendapenak.
Guztira, zenbat ditu Euskaltzaindiak?
Gaur egun 146 gara eta Euskaltzaindia sortu zenetik, orotara, laurehundik gora izendapen egin dira.
UZEIn egiten duzu lan.
Lexikografia eta terminologia zentro bat da UZEI. Lexikografia saila beti egon da Euskaltzaidiako lanei lotuta, egiten ditugun lanak Euskaltzaidiarentzako dira.
Nolakoak dira?
Hasieratik Euskaltzaindiak prestalanak eta idazkaritza-lanak egiteko ardura eman zion UZEIri. Euskaltzaindiaren eskariz XX. mendeko corpusa osatu zuen UZEIk.
Mandatu garrantzitsua, nonbait.
Corpusak hizkuntza baten portaera ezagutzeko sortzen diren testu-masak dira. Aztergaia osatzeko laginak eratzen ditugu: komunikabideei dagokiena, hizkera zientifikoari dagokiona, literaturari dagokiona... Ondoren, estrategia bat finkatzen dugu eta lagin bakoitzari ehuneko bat eman, garrantziaren arabera. Corpusak funtsezkoak dira, gaur egun corpusik gabe ez da hizkuntzarik aztertzen.
Mota askotakoak egongo dira.
Euskaraz XX. mendeko corpusa, lexikoaren behatokia, ereduzko prosa (literaturaren inguruan), zientziari buruzkoa... eta corpus txikiagoak ditugu. Zenbat eta corpus gehiago izan, orduan eta hobeto. Erreferentziazko corpusa falta zaigu, guztiz etiketatua eta orekatua. Horretarako dirua behar da, noski, eta beti daukagu pendiente. Pentsatzen dut inoiz egingo dela.
Zelan osatzen da XX. mendeko corpusa?
Lehen aipatutako laginen bidez itzuliak egiten dira hiztegian a-tik z-ra. Horretarako maiztasuna hartzen da kontuan eta gehien errepikatzen diren hitzak aztertzen dira. Tipularen egitura delako metodoa erabiltzen dugu, hau da, maiztasun handieneko hitzak hartuz soilik. Orain bederatzigarren itzulian goaz.
Hori nolabait islatu beharko duzue.
Txostenak egiten ditugu eta Euskaltzaindiako lantaldera eraman, non esparru eta euskalki desberdinetako kideak biltzen garen. Oharrak egiten ditugu proposatutako hitzei buruz eta bertan erabakitzen da onartzen den edo ez, eta egitekotan, zein marka dagokion. Onartzen diren hitzak erredakzio taldera pasatzen dira, adierak, adibideak eta definizioak eransteko. Ez dago asmatutakorik, adibide guztiak testuetan oinarrituta daude.
Noiz sartzen dira hitzak hiztegian?
Hori osatzen denean batzorde ahaldundu batera pasatzen dira, non euskaltzain oso batzuk dauden. Azken berrikusketa euskaltzain osoen bilkuran egiten dute. Egia esateko, dena iristen zaie nahiko aurreratua, dokumentazio lan itzela eginda. Trabarik jartzen ez badute proposatutako hitzak hiztegian sartzen dira.
Zein da galbahea?
Erabilerak markatzen ditu hiztegian sartzen diren hitzak. Akademiaren lana da gizartearen atzetik joatea. Hiztun komunitatean indar hartzen duten formak jaso behar dira.
Zenbatero berritzen da hiztegia?
Hasieran prozesua nahiko motel zihoan. Horregatik sortu zen batzorde ahaldundua, azkartzeko. Paperezko azken argitalpena 2016an egin zen; orain webgunean eguneratzen dugu hiztegia, etengabe berritzen baitoa. Hiztegi bat ez da sekula bukatzen, hiztunek hitz, forma eta adiera berriak sortzen dituzte eta hori guztia jasotzen jarraitu behar da.
Lexikografian jarduten duzu.
Lexiko arrunta aztertzen du lexikografiak, hiztegi arruntetan aurkitzen duguna. Terminologiak, aldiz, lexiko espezializatua aztertzen du, jakintza arlo konkretuetakoak. Egia da gero eta termino gehiago sartzen direla hiztegian, erabileraren ondorioz arrunt bilakatzen direnak.
Horren fruitua da Hobelex.
UZEIk egindako lexiko zuzentzaile bat da. Akats ortografikoak zuzentzen ditu eta lexiko aldetik hobespenak eta gomendioak ematen ditu. Ez du bakarrik ortografikoki zuzentzen, bestelako laguntza ere ematen du.
Zer jasotzen da datu base lexikaletan?
Gaur egun ditugun testu masa handiak informatikoki lantzeko oinarria dira datu-base lexikalak. Bertan hitzak eta hauen portaerak jasotzen dira. Horrekin posible da zuzentzaile bat sortzea, itzulpen automatikoaren urratsak egitea edo bestelako produktuak lematizatzea.
Beste hizkuntzetatik gero eta hitz gehiago hartzen ditugu, eragina du hiztegian?
Denetarik dago, kasuz kasu aztertu beharrekoa da. Onartu ditugun azkenetarikoak webgune, blog, edota blogari izan dira. Esango nuke hizkuntza guztietan onartu direla. Hala ere, hori esateko euskaraz beste modu bat badago bultzatu egiten dugu. Esaterako, bullyng, hobe eskola jazarpen.
Euskara batuak 50 urte bete ditu aurten.
Gazteentzako denbora asko izango da, baina hizkuntza batentzat oso gutxi da. Egia da bide luzea dagoela egiteko, baina beste hizkuntza batzuekin alderatuta, azkar baino azkarrago ibili gara euskararen estandarizazioarekin, ia denbora errekorrean egin dugu. Euskaltzaindiaren biltzarrean atzerriko jendeak zera esaten zigun: “Zuek ez zarete konturatzen, baina 50 urtetan estandar bat sortzea eta unibertsitateraino iristea beste hizkuntza batzuetan pentsaezina da”. Guk beti ikusten dugu egiteko dagoena, baina asko aurreratu da. Alde horretatik, nik uste dut pozik egoteko modukoa dela. Normalizazioa beste kontu bat da, hizkuntza gutxitua delako.
Bitxia da estandarrari ‘batua’ eranstea, beste aldaera bat balitz bezala.
Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrean ahots batzuk entzun ziren iradokiz agian euskara batuari 'batua' adjektiboa kentzeko garaia heldu dela. Beste hizkuntzetan ere estandarra eta dialektoak daude, baina inork ez du esaten “italiano unificado” hitz egiten duela. Agian, hemen ere iritsi zaigu unea esateko euskaraz ari garela, eta ez “batuaz”. Euskara batua ez da beste hizkuntza bat edo beste euskalki bat, estandarra baizik.
Zein da euskalkien rola estandarrean?
Euskalkiek estandarra aberastu behar dute. Mendebaldeko euskaldunok ez dugu horretan asmatu, nafarrek, aldiz, euskara batua egiten dutenean euren kolorea eta distira ematen diote. Badirudi sartaldekook beldurra diogula bizkaierako formak erabiltzeari, nahiz eta hiztegi estandarrean onartuak egon. Ausartagoak izan beharko genuke, finean, dena baita euskara.
Nola izan elebidun inguru erdaldunean?
Hizkuntzak konturatu gabe ikasten dira: kalean, komunikabideetan... Adibidez, gaztelaniaz badakigu esaten “con premeditación y alevosía”, eta ez dugu zuzenbiderik ikasi. Baina euskaraz ez dugu horrelakorik ikasten, baldin eta ez badugu euskal prentsa eta literatura kontsumitzeko ahalegina egiten. Benetako elebidunak izateko euskaldunok aktibo izan behar dugu eta euskarazko produktuak kontsumitu. Zama bezala ulertu daiteke, baina nik uste dut zortea dela, beste mundu bat jasotzen dugulako hortik.
SAKONEAN
“Euskara guztiak dira beharrezkoak, baita hiztunei kaxkarrak iruditzen zaizkienak ere”
Zeintzuk dira Euskaltzaindiaren erronkak?
Egiten duen lana gehiago zabaltzea eta euskal hiztunei eskurago jartzea. Horretarako webgunea berritu dute eta Euskara Batuaren Eskuliburua atera.
Orain zalantzak modu errazean argitu daitezke, bai webgunean zein eskuliburuan. Nahi duenak posible du araua zergatik eta noiz onartu zen kontsultatzea, baina erabilera egokia bakarrik jakin nahi duenak oso modu errazean eskuratu dezake.
Eta euskararenak?
Normalizazioan urratsak egitea. Lan mundua, adibidez, nahiko herren dago alde horretatik. Bestalde, ahozkoari kasu handiagoa egin beharko genioke, erregistroei: lagunartekoa, argota...
Nola lagundu dezake Euskaraldiak?
Uste dugun baino euskaldun gehiago dago. Beharbada ez daukate hitz egiteko erraztasunik edo ez dira seguru sentitzen, baina aktibatuz gero, jendea jauzia emateko prest dago. Euskaraldiak hiztunak aktibatzea bilatzen du eta horrela euskarari beste prestigio bat ematea. Euskara guztiak dira beharrezkoak, baita hiztunei kaxkarrak iruditzen zaizkienak ere.