Duela 50 urteko Deustuko Olentzero

prestaldizkaria 2018ko abe. 21a, 10:14

“Horra, horra, gure Olentzero”. Horrela hasten da hurbiltzen ari diren jaietan Deustuko kale, eskola eta ikastoletan hainbeste entzungo dugun abesti herrikoia. Aurten, 2018 urtean Olentzeroren 50. urteurrena ospatu nahi dugu, izan ere, 1968an atera zen lehen aldiz ikazkin herrikoi hau bai Deustun bai Bizkai osoan. 

Testua: Txema eta Andoni Luzuriaga

Gogora dezagun Olentzero gizon lodi bezala irudikatzen dela, basoetan ikatza egiten duena eta neguro herrietara jaisten dena. Olentzeroren jatorri tradizionalaren inguruan onartuen dagoen hipotesiaren arabera, Gipuzkoa eta Nafarroako herrietatik dator, Arakil, Bera, Larraun, Leitza eta bereziki Lesakatik. Jatorria gainera, kristautasunaren aurreko garaikoa litzateke, eta horrela izanda, neguko solstizioan herrialde askotan eta kultura ezberdinetan ospatzen diren jai paganoen arteko bat da. Kalejira amaitzeko modua, ikazkinaren erreketa da, garai zaharrak ezereztea eta garai berriei harrera egitea irudikatzen duena, Olentzaroa.

Baina, zer ari zen gertatzen gizartean orokorrean, eta Deustun zehatzago, Olentzeroren ospakizun berritzailea sortzeko? Deustu Bilboko auzoa zen, baina lehenago erakunde juridiko-administratibo propioa izan zuen elizatea izan zen, 1925ean Bilbora anexionatzera behartu zen arte. Nazionalismoaren sustrai sendoak oso barneratuta zeuden herriko jendearen artean, eta horrek frankismo garai betean hainbat talde sortzea ahalbidetu zuen: folklorea sustatzen zutenak, horien artean Bihotz Alai 1958an; euskararen irakaskuntza bultzatzen zutenak, Deustuko Ikastola sortuz 1963an; auzo elkarteen mugimenduko dinamizatzaile den Familien Elkartea 1967an; helduei euskara irakastera bideratuta zegoen Zubibarri taldea; mendira irteerak egiten zituen Menditarrak; inauteriak, Santa Ageda, San Pedro eta San Pablo jaiak, San Jose erromeriak eta beste hainbat jai herrikoi berreskuratu eta antolatzeaz arduratzen ziren batzordeak... Elkarte horiek nortasun euskaldun, asoziatibo, aldarrikatzaile eta ludikoa zuten, garaiko ideologia frankistari aurre eginez.

Garai hartako Deustuko elizatean sortutako ideia berritzaileak garaiko beste mugimendu kulturalekin bat zetozen. Horren adibide dira 1966 eta 1972 urteen artean euskal kultura berreskuratu eta berritzea helburu zuen Ez Dok Amairu kultura talde abangoardista eta 68ko Maiatz Frantsesa bezalako diziplina inkonformista. Testuinguru aldarrikatzaile honetan gure hizkuntzari bultzada eman zitzaion, Donostian 1968ko otsailean eskola publikoetan euskaraz irakastea lortu zenean. Urte berean, euskara batuaren oinarriak finkatu ziren, hizkuntzaren normalizazioa sustatze aldera. 1969an Iparraldean lehen ikastola sortu zen.

Taldeak Deustun

Horrela bada, eta Deustura mugatuz, funtsean euskal kultura indartu eta bideratuko zuten bi talde zeuden. Alde batetik Bihotz Alai dantza taldea, dantzen bidez folklorea zabaltzeko euren jarduera ezagunaz gain, Euskal Herriko hainbat herritako jatorrizko dantzak ikertu eta berreskuratzeko lana egiten zuena. Eta beste aldetik, Batzaldi aisialdi taldea. Azken hau San Pedro parrokiaren babesean sortu zen, 1966. urtean Luzarra kalean zegoen lokal batean hasita, don Justinoren gidaritzapean.

Batzaldi taldeak gazteak elkartu eta eurekin txistu, euskara, folklore eta dantza klaseak antolatu zituen, bai eta mendira irteerak ere. Taldea 60 pertsonaz osaturik zegoen, antolaketa eta programazioa batzarretan hartutako erabakien arabera egiten zen, bertako lehen presidentea Edortza Zarraga izanik. Edortza, presidente izateaz gain, txistu irakasle ere bazen. Aipatu beharra dago, talde honek Ez dok Amairu taldearekin Deustun kontzertu bat antolatu zuela.

Jakin dugunez, 1967an Batzaldi taldeak eta San Felizisimo parrokian jarduten zen Gaztetxorta dantza taldeak azken urteetan galdu ziren San Pedro jaiak berreskuratu eta antolatu zituzten.

Gaztetxorta, beste batzuen artean, Jose Luis Orbeak gidatzen zuen taldea zen, Bilboko auzo ezberdinetako lagunek osatua, 1961ean hasi eta 1967an desagertu zena. Euren jarduera anitza zen, baina nabarmenena folklorea zen. Olentzeroren agerpenaren aurretik, Gabonetan Deustuko kaleetan ibiltzen ziren, gabon kantak abestuz eta beranduago jaiotza biziduna irudikatuz.

Batzaldira bueltatuz, bertako mendi taldea izan zen beren mendi ibilaldien programazioari esker, taldearen kohesio eta funtzionamendu hobea lortu zuena.

Bihotz Alai 1963. urtean

Olentzero, laiko eta euskalduna

Heldu zaizkigun datuen arabera, Jose Javier Aizkorbe –goizuetarra– eta Xabier Mendiguren pasiotarrak izan ziren, beste apaizgai pasiotar batzuekin batera, Olentzero proiektu euskaldun, laiko eta berria bultzatu zutenak.

Aurreko hori, berritasun eske zeuden garaiko deustuar gazteei berehala deigarri iruditu zitzaien. Juanjo Gonzalez de Mendibil eta Mariano Luño –Batzaldi eta Bihotz Alai taldeetako ordezkariak– Lesakako Olentzeroren ideian interesatuta zeuden, eta beraz, Pedro Urrutiarekin batera, Lesakara joan ziren 1967an, proiektu horren inguruko informazio bila. Lehen Olentzero honen talde bultzatzailean Juanan Aranguren ere bazegoen, EGIko militantea zena, eta ahalegin handia egin zuen Olentzeroren lehen irteera aurrera eramateko. Geroago, Juananek jarrera politiko konprometituagoetara jo zuen, Guardia Zibilak 1972an Urdaxen hil zuen arte.

Bizkaiko lehen Olentzero

1968an, Bingen Zuriarrainek gidatzen zuen Batzaldi eta Bihotz Alai taldeen elkarlanari esker, eta pasiotar eta Gaztetxorta desagertuko kide batzuekin batera, Bizkaiko lehen Olentzero kalera atera zen Deustun.

Egun horretan irten ziren txistularien gehiengoa Bihotz Alaik La Sallen eskaintzen zituen txistu klaseetatik zetorren: Txema Torres, Mariano Luño, Kontxi Pradera, Juanan Aranguren eta Edortza Zarraga, azken honen Batzaldiko bi ikaslerekin batera, Amaia Larrinaga eta Cristina Mendiguren. Txistulariekin batera bi soinujole ibili ziren, horietako bat Jose Javier Aizkorbe pasiotarra izanik.

Lehen Olentzeroren ibilbideari dagokionez, San Felizisimotik irtenda, Madariaga etorbidetik lehenik eta Done Petritin gero ibili zen; gaur egun, Done Petrin hasi eta Deustuko beste hainbat kaleetan zehar ibiltzen da. Amaieran, eskuak eta aurpegia kentzen zitzaizkion Olentzerori eta ohitura zen legez, erre egiten zen. Garai hartan, aldarrikapen kultural eta politikoak kaleko edozein adierazpenetan txertatzen ziren, eta ohikoak ziren Olentzeroren kalejiran euskara, amnistia edota independentziaren aldeko aldarrikapenak.

Ibilbidean zehar, diru bilketa ere egiten zen, publikoki helburu sozial eta erlijiosoetara bideratuta zegoena, baina atzean helburu politikoa zuena. “Horra, horra, gure Olentzero” zihoen abestiarekin batera, garaiko beste batzuk ere abesten ziren, Ikusi mendizaleak eta Zenbat gera, adibidez.

Olentzeroren lehen irteera honetan jantziei garrantzia handia eman zitzaien, eta horiek La Casillan alokatu ziren. Jasotako datuen arabera, Iñaki Landa pintorea prest agertu zen Olentzeroren aurpegia eta eskuak egiteko, sua baino lehen hurrengo urterako gordetzen zirenak. Gorde ez zena Javi Zarragak bere aitaren arropa erabiliz egin zuen lehen alkandora izan zen.

 

Errepresio eta diktadura gogor urteak

Ez dezagun ahaztu 1968 urtea zela, diktadura frankistaren garai gogorra. Bi anekdota dira horren adierazle, edo gaur egun anekdotatzat hartzen ditugunak, behintzat. Lehenengoak Gran Vian zegoen Informazio eta Turismo Ministerioko bulego batera garamatza. Bertara jo zuten Olentzeroren antolatzaileek kalejiran kantatuko ziren abestiak euskaraz eta gazteleraz entregatzera, agintarien baimena lortzeko. Bigarrenari dagokionez, antolatzaileek ez zuten nahi antolakuntzatik kanpoko inork ekitaldian parte hartzekoa zen inoren argazkirik ateratzea –errepresaliarik egon ez zedin–. Baina partaideak Done Petrira hurbiltzen zihoazen heinean, TVE agertu zen, ekitaldia grabatzeko asmoarekin. Antolatzaileek horretarako diru kantitate handia ordaindu beharra zutela argudiatuta, kameralariek ezezkoa eman zieten. Hala ere, badago Antton Zarragak super8 formatuan egindako grabaketa bat, bai eta Gonzalez de Mendibil eta Larrinaga familiak egin eta utzitako argazki batzuk ere.

Horrela gogoratu dugu 1968ko Deustuko eta Bizkaiko lehen Olentzero. Orain dela 50 urtekoa. Azkenik, zuen bizipenekin oroitzapen hauek errealitate bihurtzen lagundu duzuen guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.