Emakumeen sexualitea kartzelan

prestaldizkaria 2019ko urt. 11a, 11:42

Tinderren, jendea mugikor bitartez ezagutzeko aplikazioan, kontua ireki du Itziar Moreno euskal presoak. Emakumeek espetxean sexuaz gozatzeko zailtasunen berri eman eta tabua gainditzeko “ekintza porno terrorista txikia” gauzatu du, “umorea eta aldarrikapena uztartuz”.

Testua: Itziar Moreno Martinez, Roanneko kartzelatik

 

Preso dagoen gizonaren sexu-beharra ulertzen den bitartean, emakumeok kartzelan igarotzen ditugun urteak “gudari-mojen” gisan bizi behar omen dugu. Aski ezaguna da gurean, gizon bat espetxeratzen dutenean, aurretiaz bikoterik ez badu, bere herri edo auzoan berehala jartzen direla martxan. Zenbatetan ez dugu entzun (edo, zuzenean, ez digute galdetu) “morrosko honi neska jator bat bilatu behar diogu”?  Baita topatu ere! Bada, emakumeok zaintza rol hori betetzeko prestutasun handiagoa daukagu, baita mugimendu ezkertiar iraultzaileetan ere.

Zoritxarrez, kartzelan eman ditudan urte hauetan, preso dauden emakume gehienek sexu falta dutela egiaztatzeko aukera izan dut. Edozein kartzelara gizon bat bisitatzera joaten garenean, nor egoten da, bada, gainontzeko lokutorioetan? Presoen amatxoak, emazteak, neska-lagunak, seme-alabak...

Zer gertatzen da, ordea, amatxoak, emazteak eta neska-lagunak direnean kartzelan daudenak? Tristea bezain erreala da: emakumeek, kartzelan, oso bisita gutxi izaten dute. Askok ez daukate inoiz ikustaldirik eta, badituztenen salbuespen eskasen artean, oso-oso gutxitan ikusi dut emakume baten senarra edo gozalaguna bisitara etortzen. Orokorrean, bikoteek abandonatu egiten dituzte, familiek baztertu egiten dituzte, seme-alabak kentzen dizkiete... Horren ondoan, euskal preso politikook, zorionez, elkartasun handia jasotzen dugu. Eskuarki, gizon zein emakume izan, astebururo izaten dugu bisita; deiak eta gutunak ere ez ditugu faltan izaten! Senideen, lagunen eta herriaren babesa jasotzen dugu eta hori benetan eskertzekoa da lau hormen artean gaudenean. Zuek zarete gure makulua!

Elkartasunik ederrenak ere, aldiz, ezin du genero bereizkeria hori ezkutatu, eta gainerako emakume presoei bezala gertatzen zaigu guri ere: kasu gehienetan, edo bikotea preso daukagu, edo, besterik gabe, ez daukagu bikoterik, senarrik edo gozalagunik. Akaso, baieztapen honek hautsak harrotu ditzake, baina uste dut ozen esateko tenorea daukagula: emakume preso gehienak bezala, gu ere, harreman afektibo-sexualei dagokionez, usu, berdin-berdin abandonatzen gaituzte. Gure ingurua egoera horrekin ohartarazteko xedearekin, eta, gai honen inguruko gogoeta pizteko, Tinderrean nire izena ematea erabaki dut: zirikatzeko eta probokatzeko.

Esan gabe doa bikote falta ez dela zertan arazo izan; are, erabaki askea izan daitekeela, nola ez, “ohiko bikote finkoaren” figurari uko egitea. Gero eta gehiago gara, egun, kapitalismo hetero-patriarkalak inposatzen digun bikote-familia harreman eredu bakar eta monogamoaren eredua arbuiatzen dugunok. Harremanak (ere) borrokarako eremu (ere) badira! Pertsonala dena politikoa da lema feminista zaharrak erabateko gaurkotasuna izaten jarraitzen du. Ekimen xume honetarako Tinder erabiltzea aukeratu dut hau ere azpimarratzeko: emakumeok bikote finko bat bilatu izan ei dugula beti eta, ezinbestean, amatxoak izan behar eta nahi dugulako topikoa apurtzeko. Besterik gabe larrua jotzeko gogoa ere badaukagula aldarrikatu nahi nuen. Elkartasuna, halaber, txortan adierazi daiteke, kar-kar!

 

Tinder, propagandarako tresna baino ez

Zehaztu nahiko nuke ez dudala Tinderren defentsa egiten. Jakin badakit, gaur egun, hainbat eragile feministek Tinder eta gisako tresnak kritikatzen dituztela, sexuaren eta gorputzen merkantilizazioa bultzatzen dituztelako, harreman zuzen, natural eta askeen kalterako. Irakurketa horrekin bat egiten dut. Haatik, Tinder aldarrikapen konkretu honen propagandarako bitarteko eraginkorra iruditu zaidalako erabili dut, besterik gabe.

Argibide tekniko pare bat beharrezkoak direla iruditzen zait. Izan ere, presook ez baitugu Interneten aritzeko aukerarik, inondik inora. Tinderreko kontua lagunek ireki didate, Euskal Herrian. Ni Frantzian, Roanneko kartzelan nago, bilatzaile horretatik 850 kilometrora! Arestian azaldu bezala, Tinder emakume presoon sexu gogoa aldarrikatzeko jarri dut martxan, kartzelan sexualitatearekin dagoen arazoari buruz hausnartzen jartzeko eta jendea apur bat probokatzeko. Hau da, ez da praktikan erabiltzeko, nik ezin baitut aldiro ikusi nor dagoen zerrendan, nork klikatu duen like... Lantzean, lagunek datuak inprimatzen dizkidate, ekimenak ematen duena ikus dezadan. Aukera profitatzen dut laguntza eskaini didaten lagunei eta, ekimena ulertuta, like klikatu duzuen guztiei esker beroak (eta lizunak) emateko.

 

Hainbat erantzun mota

Nire senide eta lagunek aski ezagutzen nautenez, harritu ez dut uste asko egin direnik. Nik uste dut dibertigarria suertatu zaiela, baina, aldi berean, ekimenaren zergatia ulertu dutela. Azpimarratu nahiko nuke, ordea, beste ezeren gainetik, euren sostengua eta laguntza eskaini didatela, beti bezala. Nire gurasoek, ziurrenik, ez dute ezagutu ere egingo Tinder zer den... Agian, elkarrizketa hau irakurtzerakoan enteratuko dira! 

Tinderreko erabiltzaileen artean ekimenak orokorrean harrera ona eduki duen arren, bi erantzun mota bereiziko nituzke.Bateko, preso nagoela dakitenak (aurretiaz nire izena ezagutzen zutelako) edo hori ulertu dutenak (argazkiaren azpian dagoen testua irakurtzerakoan ohartu direnak), besteko, egoeraz jabetu ez direnak. Lehenengo taldeko gehienek ondo erantzun dute: like klikatzen, animoak bidaltzen... Kontrara, lagunek kontatu didatenaren arabera, beste batzuk, argazkia ikusi eta like klikatu ostean, preso politikoa naizela jakin dutenean, kontaktua berehala moztu dute. Bigarren taldekoen erantzunak, aldiz, aski barregarriak dira. “¿Qué tal el veranito ?” eta gisako komentarioak idazten dituzte, kartzelan nagoela ulertu barik, kar-kar!

 

“Kartzelan emakumeak ber-hezten tematzen dira”

Kartzelan, gizonek eta emakumeok sexu-harremanetarako antzeko gogoa eduki arren, ez dut uste, praktikan, berdin bizitzen dugunik. Oraintsu aipatu bezala, kanpotik jasotzen duguna eta, batez ere, kartzela-sistemak berak inposatzen diguna ez delako inolaz ere berdina.

Askotan salatu izan dugu emakumeok, espetxean, zigor bikoitza (edo hirukoitza, irakurketaren arabera) pairatzen dugula. Kartzelak, eta baita jendarteak berak ere, gogor zigortzen du “bide onetik” ateratzera ausartzen den emakumea. Kartzela-sistemak, ardi otzanen gisan, bueltan eraman nahi gaitu galdutako ustezko “bide onera”. Horretarako, kanpoan sistema errepresiboak herritarrekin egiten duen bezalaxe, makila ala azenarioaren teknika baliatzen dute. Men egiten duenari, otzana denari saria (zigor eza) eta bereari eusten dionari edota aurre egiten duenari... makila!

Espetxean, emakumeak ber-hezten tematzen dira eta umeak bagina lez tratatzen gaituzte. Sexualitateari dagokionez, zehazki, arropekin, eduki beharreko jarrera zintzoarekin edota bisiten gaineko kontrol itogarriarekin mugatzen edo zigortzen gaituzte. Jazarpena era askotakoa izan daiteke: bi emakume patioan (edo moduluko beste edozein tokitan) musuka aritzeagatik zigortuak izan daitezke, baita bisita-lokutorioetan larrutan harrapatuz gero ere.

Esetsaldi horren guztiaren gainetik, ordea, aske jarduteko bideak eta trikimailuak topatzen ditugu, preso egonagatik ere, ez baikara preso! Ororen gainetik, ideia bat azpimarratu nahiko nuke; elkartasuna gogor zigortzen badute ere, kartzeletan, elkartasuna egon, badagoela. Une gogor bezain ederrak bizi izan ditut urte hauetan, emakume presoekin batera, dagokiguna borrokatzen.

 

“Espetxeak pertsona mendean hartzeko baino ez du balio”

Helburua ez da, nire ustez, kartzelak eraldatzea edo hobetzea ez baita existitzen kartzela onik! Espetxeak pertsona mendean hartzeko baino ez du balio; izan ere, kartzelak XXI. mendeko tortura zentro modernoak dira, ez besterik. Gure herrian, gaur egungo zigor-ereduaren inguruko eztabaida sakona behar dugu, kartzelak, behingoan, desagertze bidean jartzeko.