'Landan lan'

prestaldizkaria 2019ko urt. 10a, 08:29

Sei abestiko diskoa aurkeztu berri dute Auzokok eta Saimek. Lan egiteko era desberdina, erritmo berriak eta hainbat kolaborazio biltzen ditu diskoak. Biek Zoroen Kluba Kolektiboa osatzen dute Jon Mujika Mujirekin batera.

Beste behin ere rap doinuak Mikel del Barrioren, Auzokoren, eta Simon Mendigurenen, Saimen, lan berriaren oinarria dira. Oraingoan, baina, ez dira horretara mugatu eta doinu berriekin ere esperimentatu dute. Esate baterako, trapa antzeman daiteke instrumentaletan eta melodiaren presentzia orokorra da ahotsetan.

Lan berrian erritmoekin jolasteaz gain, lan egiteko era aldatu dute. Auzokok Bartzelonan zegoela idatzi zituen letrak, Simon ekoizleak Lemoizetik bidaltzen zizkion musika oinarrien gainean. Udan biak elkartu eta estudioan nahastu zituzten osagai guztiak. Ordu luzeak eman zituzten elkarrekin probak egiten, erritmoak ekoizten eta kantuak grabatzen.

“Oso prozesu aberasgarria izan da biontzat”, diote musikariek azken lanaz hitz egitean, “gureaz aparte, proiektu honetan gurekin lan egin duten pertsonengatik”.

Izan ere, kolaborazio ugari izan ditu lanak. Instrumental gehienak Saimek ekoitzi dituen arren, hainbat lagunen doinuak sartu dituzte diskoan: Glaukomako Iker Pandoren gitarra akustikoa, Patxadaz Taldeko Aldoren gitarra, Bartzelonako lagun Danyelen saxoa... Gainera, lehen aldiz Antxon Sagarduiren estudioan masterizatu dute diskoa, eta aurrerantzean ere horrela egiteko asmoa dute. Bestalde, diskoaren diseinu grafikoaz Mikel Uria eta Ibon Montaño arduratu dira. 

Ohi legez, YouTuben eta Bandcampen jarri dute doan entzun eta deskargatzeko. “Beti egiten dugu horrela”, diosku Auzokok. Laster diskoak euskarri fisikoan kaleratzeko asmoa dutela aurreratu digu eta Mujiren Mi método diskoekin batera salgai jarriko dute, biak bost eurotan. Abestiekin batera, bideoak ere egingo dituzte.  

Aurkezpen jendetsua Gazte Lokalean

Abenduaren lehenean jaialdia antolatu zuten Deustuko Gazte Lokalean Landan Lan jendaurrean aurkezteko. Arratsalde berezia antolatzeko asmoz, hainbat lagun gonbidatu zituzten oholtzara eta Bilboko rap egile gazteek bete zuten Gazte Lokaleko agertokia: Ziztadak, Mc Sebasek, Raperuk, Komando Bragak, Akerjenbek Sound Sistemak, Uki Selektak... Hirian rapak eta gazteek duten presentzia agerian utzi nahi izan zuten era horretan. Baita lortu ere, “aurkezpena hasi zenetik Gazte Lokala itxi zen arte beteta egon zen denbora guztian”, diosku Auzokok.

Urte eta erdiko ibilbidean hirugarren lana argitaratu du Zoroen Kluba Kolektiboak, eta hurrengoan pentsatzen hasiak dira jada. Oraindik kantuak dituzte argitaratu gabe, eta horiek fintzeari ekingo diote hurrena. Gainera, Saim ekoizlea kanpoan denez, jende berriarekin kolaborazioak egiteko aukera baliatu nahi dute.