Aurreko urteko irailaren lehenengo egunetan Gazte Lokaletik alde egiteko 15 egun genituela esan zigun Bilboko Udalak. Gutun bidez jaso genuen huste-agindua harremanetan geunden bitartean. Lehenengo egunetik hasi ginen asmo honen aurka lanean, gure bizitza den Deustuko Gazte Lokala defendatzeko egin beharrekoa egingo genuela argi baikenuen.

Asanblada informatiboak, prentsaurrekoak, kartelak, pankartak, elkarrizketak, mobilizazioak, sinadura bilketak, emanaldiak, obrak... mota guztietako ekintzak egin genituen. Guztion lanari esker argi geratu zen Deustuko Gazte Lokala defendatzeko herri bat prest zegoela. 

Udala, gezurrak medio, hainbat modutara saltzen saiatu zen Gazte Lokalaren balizko hustutzea. Zortzi etxebizitza ziztrin egiteko bota nahi zituzten Txoridenda eta merkatu zaharra eta azpiko solairuak “modu autogestionatuan” musika taldeentzat eskaini. 

Badirudi ez direla nahikoak Deustuko Erriberan egingo diren 5.000 etxe berriak edo Deustun hutsik dauden ehunka etxeak.  Horiek ziren euren argudioak, baina guk hasieratik argi izan dugu Udalaren arazoa ez dela etxebizitza falta, baizik eta gazteria antolatzeko eta eskaintza alternatiboa egiteko espazio aske bat izatea Deustun. 

Urtebete baino gehiago pasa da mehatxu hori jaso genuenetik. Ordutik hamaika ekintza antolatu ditugu, moldaketa lanak egin ditugu, kolore horiz margotu dugu Gazte Lokala... Hemen jarraitzen dugu, Ramon y Cajal eta Luzarra kaleen artean, baina ez edonola. 

Inoiz baino biziago gaude, mehatxu honek indartu egin gaituelako. Ospatzeko hilabete hasieran bi asteko egitarau oparo eta anitza antolatu genuen. Abenduarekin batera hasi zen ospakizuna, Kuadrillen Eguna eta Zoroen Klubaren maketa berriaren aurkezpenarekin. Giro paregabea egon zen larunbat osoan zehar Deustuko iparraldean.

Abenduaren 4ean Sendabelar Tailerra egin genuen, inguruan aurkitu ditzakegun landareek dituzten erabilerak hobeto ezagutzeko. Hurrengo egunean Deustu ez dela Bilbo aldarrikatzeko afaria egin zuen Deustuko Gazte Asanbladak, mitin politiko eta guzti. Abenduaren 6an Txoringitoa ireki genuen ostegunero bezala, jai egun arrotzek ez baitute lekurik gurean.

Abenduaren 12an Euskal animaziozko laburmetraiak proiektatu genituen, Areka, Beti bezperako koplak edota Miraila eta solasean ibili ginen zuzendarietako batzuekin. Ostegunean Palestinako Askatasun Fronteko Fayez Badawi egon zen gurean, Palestinaren egoeraren eta Siriako gerraren inguruko hitzaldia ematen, Siriaren Alde plataformak antolatua. Ostiralean hainbat ekintza antolatu genituen: Jantoki Herrikoia, hiri ereduari buruzko hausnarketa egiteko mahai-ngurua eta kalejira Deustun zehar.

Ospakizunak amaitzeko Los Cosmeticos, Uger eta Diana Lagartoren musika emanaldiez gozatu genuen larunbatean. 

Argi daukagu ez garela hemendik joango, gaztetxea gure etxea delako. Argi utzi dugu bizirik gaudela eta, bizirik gauden bitartean, Deustuko Gazte Lokala defendatzen jarraituko dugula!