Salestarretan ikasi zuten zortzi ikaslek sexu abusuak jasan zituztela salatu dute

uriola.eus 2019ko ots. 4a, 09:53

Salestarren Kongregazioak babesa adierazi die ikasleei. Horrez gain, Deustualdeko Kongregazioak barkamena eskatu du ikastetxean 1980ko hamarkadan "gertatu ahal izan ziren jazoera gaitzesgarriengatik, eta atzeman ez izanagatik".

El Pais egunkariak argitaratutako informazioan, Salestarren ikasi zuten zortzi ikasle ohik Jose Miguel San Martin salestar ohiaren kontrako salaketa aurkeztu dutela Ertzaintzaren aurrean azaltzen du, 1980ko hamarkadan sexu abusuak eta fisikoak egitea leporatuta.

Irakasleak 90ko hamarkadan abituak eta ikastetxea utzi zituen. Salestarrek azpimarratu dutenez, "sexu-askatasunaren aurka doan edozein delitu pertsonaren duintasunaren kontrako atentatu larria da". Horrez gain, "Adingabeen kasuan, are gehiago sentitzen dugu, bereziki gure ikasleengatik", esan dute eta barne ikerketa bat abiarazi dute "justiziari laguntzeko" eta zer gertatu zen jakiteko.

Hori dela eta, Salestarren Kongregazioak "babesa" adierazi die 1980ko hamarkadan sexu abusuak eta abusu fisikoak jaso zituztela salatu duten Deustuko ikasle ohiei, eta "barkamena" eskatu die. Izan ere, salaketa jarri dutenetako batzuek Deustuko Salestarrekin hitz egin dute, eta "hasieratik" Kongregazioa "entzuteko eta beharrezkoa den laguntza emateko prest" agertu dela esan dute.

"Barkamena eskatu nahiko genuke gure artean gertatu ahal izan ziren jazoera gaitzesgarri hauengatik, eta atzeman ez izanagatik", gehitu dute Salestarrek.