Urte batzuk dira Deustuko Jai Batzordea osatzen duten kideek aldaketa baten beharra ikusi zutela. Askotan mahai gainean jarri dute jai ereduari buruz zer hausnartu bazegoela eta maiz galdetu diote bere buruari jaiak benetan herritik eta herriarentzako egiten diren edo, aitzitik, kanpotik datorren jende andanari begira antolatzen diren.
Ertz asko ditu eztabaidagaiak: jai eta Inauterietan sortzen den giroa, batzordeko mahaiaren lan zama edota helburuak. Horien guztien inguruan patxadaz hausnartzeko garaia zela iritzita, gogoeta prozesua abiatzea erabaki zuen Deustuko Jai Batzordeak.
Abenduaren 15ean Batzordea osatzen duten eragile eta talde gehienak elkartu ziren Deustuko Udaltegian. Denbora luzez eztabaidatu ostean, ez zuten erabaki irmorik hartu, eta beste saio bat finkatu zuten; beste egun bat, hainbat dinamikarekin, aurrekoan hitz egindakoak kontuan hartu eta aztertu ostean, erabakiak hartzen hasteko xedez.
Ikasturtea “berezia” izaten ari da deustuarrentzako. Abenduaren 24an antolatutako Olentzero eta Mari Domingiren kalejirak 50 urte bete zituen; mende erdia gazte zein guraso askoren Eguberriko gauak alaitzen.
Halaber, datozen hilabeteetako data garrantzitsuak prestatzen buru belarri ari dira dagoeneko. Otsailaren 22tik 24ra Deustuko Inauteriak ospatuko dituzte, urtero bezala ostiraletik igandera. Egitarau betea antolatu dute horretarako. Ostiralean elektrotxaranga batek emango die hasiera jaiei. Larunbatean umeentzako jolasak, bazkaria, erromeria eta kontzertuak izango dira. Ohi legez, igandean izango da desfile nagusia, eta horren ostean barbakoa antolatuko dute, inauteriak inoiz baino alaiago agurtzeko.
Deustuko kuadrila eta konpartsa guztiez gain, aurten ere tabernen eta merkatarien parte hartzea sustatu nahi dute, “Deustu goitik behera mozorrotzeko helburuarekin”.
Kuadrilak ere gogoetan
Deustuko kuadrilek ere izan zuten hausnarketarako txanda joan den abenduaren lehenean, Deustu koloreztatzen goiburupean. Kuadrilen “gainbeherari” aurre egiteko, eztabaida eta jaia uztartu zituzten, bide batez, harremanak sendotu eta belaunaldi berriak erakartzeko baliatu zutena. Motibazioa berpiztu ostean, inauterietan egitarau propioa osatzeko indarrak bildu dituzte. Ostirala ekintzaz eta kolorez betetzeaz arduratuko dira.
Jaiak ere berezi datoz aurten. Martxoaren 19arekin batera, aurten jaieguna izango dena, guztira 9 egun dira Deustuko egitaraua beteko dutenak. Oraindik ez dute informazio gehiago argitu, baina, bien bitartean, mozorroak prestatzen hasteko deia zabaldu dute, inauteriak ate joka baitaude!
Azkenean bai, San Inazion inauteriak ospatuko dituzte
Urte hasiera zaila izan da San Inazion. Jai Batzordeak alarma hotsa piztu zuen: “2019an ez da Saniko Inauteririk izango”. Azkenaldian, lan zama pertsona gutxiek hartu izanak desgaste handia ekarri duela azaldu zuten. Kide eta laguntzaile faltak erabaki gaitza hartzera bultzatu zituen, aurten aratustetik ez antolatzea, hain zuzen. Areago, egoera nahasiak inauterietan ez ezik, Eki Egunean eta auzoko jaietan ere eragina izan dezakeela ohartarazi zuten: “egoera aldatu ezean, ez da inauteririk egongo eta berdin jarraitzen bada, jaiak ere arriskuan egongo dira”.
Adierazpenok hautsak harrotu zituzten sare sozialetan. Eztabaida piztu zen eta hainbat gaik zer esana eman zuten: jai eredua, auzotarren parte-hartzea, egitaraua...
Kritikak alde batera utzi eta inauteriak elkarlanean antolatzeko aukera probestu zuten auzoko kuadrillek. Berehala bilera bat deitu zuten “guztion artean auzoari bizitza emateko” eta jende asko bertaratu zen: kuadrilletako kideak, jai-eremuko tabernariak, konpartsakideak… Aho batez inauteriak mantentzeko erabakia hartu zuten.
Ospakizunaren data finkatzeko ere aprobetxatu zuen: martxoaren 9a. Izan ere, Jai Batzordearen oharra kaleratu eta berehala, Ondalan Erraldoien Konpartsak urtero inauterietan egiten duen kalejira mantentzeko asmoa adierazi zuen, egun horretan, hain zuen. Gauzak horrela, kalejirarekin bat egin eta inauteriak orduan antolatzeko hautua egin zuten.
Behin eguna aukeratuta, egitaraua prestatzen hasi dira. Zehaztu gabe dagoen arren, aurrerapen txiki bat egin digute: eguerdian kalejira egingo dute, sariak banatu eta gero Errondoko Auzo Etxean bazkari herrikoia izango da, eta lehiaketa gastronomikoa Lebante enparantzan. Arratsaldean haurrentzako ekintzak egongo dira: Txepetx aisialdi taldeak antolatutako jolasak eta Juliani magoaren ikuskizuna. Iluntzean, berriz, helduentzako poteo musikatua eta gaua biribiltzeko Dja izango dira.
Jai Batzordearen alarma-hotsak erantzun positiboa izan zuen auzokideen partetik. Inauteriak, behintzat, indartsu datoz San Inaziora. Hurrengo helburua, Eki Eguna eta jaiak antolatzeko jendearen parte hartzea handitzea izango da.
Ibarrekolandan eta Erriberan ere inauteriak antolatuko dituzte
Martxoaren 9a izango da gure auzoetako inauterien egun seinalatua. San Inazion ez ezik, Ibarrekolandan eta Erriberan ere egun berean aterako dituzte mozorroak armairutik. Gordetzeko betarik ez dute izango, ordea, Deustuko jaiak hurrengo astean hasiko baitira. Aurten gainera data garrantzitsua batu zaio egitarauari: San Jose eguna, hilaren 19an.
Erriberako Txitxardin Jai Batzordea inauterietako prestaketa lanetan murgilduta dabil. Badirudi ez direla faltako ohikoak diren haurrentzako tailerrak, herri bazkaria, mozorro desfilea, berbena eta txorizo jana. Sorpresetarako tartea ere egongo da seguruenik. Oraingoz, mozorro gaia zehazteke dago baina azken egunotan, “Manhattan uhartean” izandako uholdeen harira hainbat proposamen zabaldu dira auzokideen artean. Argi dagoena da Erriberatarrek inauteri bereziak izango dituztela, oraingoan ere, umorea, salaketa eta aldarrikapena uztartuz.
Ibarrekolandan ere hasiak dira inauteriak antolatzen. Egun osoko egitaraua antolatu dute, ohikoak diren desfile eta indaba-jana barne. Puzgarriak, txokolatada, fanfarrea, disko-festa eta batukada ere ez dira faltako. Mozorroen gaia ere zehaztu dute, ipuinak, Ibarrekolanda “ipuinetako auzo” bihurtzeko.