Orbelak: musika propioa egiten jarraitzeko gogoz

prestaldizkaria 2019ko ots. 7a, 14:25
Orbelak taldeko Ibai, Ibon, Aitor, Markel eta Josu. Argazkia: Jon Salegi

Sei abesti eta ‘intro’ bat dituen diskoa kaleratu berri du Orbelak Deustu-San Inazioko talde gazteak. Jotzen hasi zirenetik landutako kantuak biltzen ditu, denak eurek konposatutakoak, Zoroen Klubeko kideekin egindako kolaborazio bat tarteko. Maketa Youtuben entzungai dago eta euskarri fisikoan ere lor daiteke.

Urtarrilaren 23az geroztik entzungai dago Orbelak, izen bereko taldearen lehen lana. Basauriko Txarraska Gaztetxean grabatu dute, Raust! taldeko baxu jolea den Asier Salazarren laguntzarekin. Bera arduratu da kantuen grabaketa eta produkzio lanez. Joan diren azaro eta abendua estudioan sartuta eman dituzte, lana aurrera atera ahal izateko.

Hilabeteetako eginahalaren ostean, argitara eman dute ilusio handiz ondutako maketa berria. Elkarrekin jotzen hasi zirenetik argi zeukaten zerbait grabatu nahi zutela, eta azkenean lortu dute ametsa egikaritzea. “Hasieratik kantak konposatzen egon gara”, azaldu digute kideek. Denbora aurrera joan ahala, maketa bat grabatzeko nahikoa kanta zituztela ikusi zuten. “Gure lagun eta Raust! taldeko baxu-jotzaile den Asier Salazarrek laguntzeko prest zegoela esan zigun eta halaxe hasi ginen Txarraskan grabatzen”. 

Diskoan punk-rock doinuak nabarmentzen dira. Abesti batzuek hardcore kutsua daukate, eta rap-rocka da Zoroen Klubarekin egindako kolaborazioaren oinarria. “Punk-rock taldea bezala definitzen garen arren, kanten artean aniztasuna dagoela uste dugu, saiatu egin baikara oso kanta antzekoak ez egiten”. Konposizioari ez ezik, letrei ere euren kutsua ematen saiatu dira. Gaur egun pil-pilean dauden gaiak landu dituzte: migratzaileen krisia, eskuin-muturraren gorakada, komunikabideen manipulazioa, errepresioa… “Gure inguruko musika-eszenan ikusten ditugun jarrera batzuei kritika egiten ere ausartu gara”, gaineratu dute. “Badakigu honetan hasi berriak garela eta esperientziaz urri gabiltzala, baina zerbait esateko gogoa genuen”.

Taldekide berria

Joan den urteko Deustuko inauterietan Dani baxu-jotzaileak azken kontzertua eman zuen Orbelak taldearekin. “Pena handiz” hartu zuten berria, “taldea nahiko egonkor zegoelako” eta “laguna ere bazelako”. Hala ere, berehala aurkitu zuten ordezkoa: Ibon Rejas. “Oso gustura” ari dira baxu-jotzaile berriarekin, eta taldea berriro ere egonkortzea lortu dute. “Proiektua serioago hartu dugula sumatu dugu”, dio laukoteak. Argitaratu berri duten lana da horren erakusgarri.

Oso gustuko dugu tabernetan edo gune autogestionatuetan jotzea”

Eman dituzten azken kontzertuak Sopelako Plaza Beltza kulturgunean, Ugaoko Dorretxea herriko tabernan eta Bilboko Alde Zaharreko Zazpikatu gaztetxean (birritan) izan dira. “Oso gustuko dugu tabernetan edo gune autogestionatuetan jotzea”, aitortu digute: “horiek dira jotzen ondoen pasatzen dugun tokiak”. Herri eta auzoetako jaietan ere jo dute, Larrauriko jaietan edo San Inaziokoetan, adibidez. “Kontzertu guztietan saiatzen gara gure onena ematen, baina batekin geratu behar bagara Alde Zaharreko elkartasun astean emandakoarekin izango da. Egun erabiltzen dugun errepertorioa finkatu genuen eta oso gustura ibili ginen oholtza gainean”. 

Behin maketa plazaratuta, kontzertuak lotzeko lanetan dabiltza. Oraingoz bolo bakarra lotu dute, martxoaren 1ean Deustuko Satelite T aretoan emango dutena. Maketa ezagutarazteaz gain, kontzertuak ematen jarraitzea da gaur egun daukaten helburua, “hori baita gustukoen duguna”. Orain arteko lanarekin pozik daude eta aurrerantzean jotzen eta grabatzen jarraitu nahi dute, “helburu finkorik gabe”. “Gure musika egiten jarraitu nahi dugu”, diote.

Maketa Youtuben dago entzungai, baina euskarri fisikoan eskuratu nahi izanez gero, sare sozialen bitartez egin daiteke kontaktua, edo kontzertuetan bertan erosi.

Irudia: Jon Lorenzo eta Ibon Montaño