Atzoko eta gaurko zapalkuntza eta borrokak

prestaldizkaria 2019ko ots. 13a, 12:53
Argazkiak: Eidabe

Umorea eta drama nahastuz emakumeen borroka eta batasuna irudikatzen dituen haurrentzako antzezlana aurkeztu du Eidabe ekoiztetxeak. 'Mari eta gaileta fabrika' izeneko obra Artiach fabrikako langileen istorioetan dago oinarrituta. 

“Berdintasunaz eta parekidetasunaz” jarduten du Eidaberen azken lanak. Haur eta familiei zuzendutako antzezlanean hainbat osagai nahastu dituzte: emakumeen borroka, emozioa, barreak, elkartasuna, musika, euskara... Ez da gutxi, 55 minutuko saioan barnebiltzeko.

Galder Perez bilbotarrak idatzi du gidoia, eta Olatz Gorrotxategik zuzentzen du eszenatokia. Taula gainean Ainhoa Artetxe, Nagore Gonzalez eta Itxaso Paia aritzen dira eta familia bereko hiru belaunaldi irudikatzen dituzte: ama, alaba eta amama. Flashback-en bitartez iraganera egingo dute salto galleta fabrika batean gertatutakoak ikusteko. 

Lukak, protagonistak, galletak prestatu nahi dizkio amamari, bere etxean egun batzuk igaroko dituelako. Familiako errezeta ikasten duen bitarteak, amaren kontakizunak entzuten ditu arretaz. Galletak gozoak izan arren, oroitzapen mingotsak ekarriko dizkio burura amamari. Obra Deustuibarreko Artiach lantegiko emakumeen bizitzetan oinarritzen da. Besteak beste, orduko grebak, borrokak eta emakumeen lana ezagutzeko aukera izango dute ikusleek.

Estreinaldia Deustun

Azaroaren 25ean estreinatu zuten antzezlana Deustuko Erriberan eta urtarrilaren 3an Bidarteko udaltegian izan ziren. Oraindik datarik zehaztu ez badute ere, San Inazio eta Arangoitira hurbiltzeko asmoa azaldu dute ekoiztetxeko kideek. Datozen hilabeteotan hainbat saio emango dituzte Bizkaia eta Gipuzkoan. Gertuenak, otsailaren 24ean Sopelan, martxoaren 7an Bilbon, eta martxoaren 30ean Etxebarrin izango dira. Obra zenbait formatutan eskaintzen dute, eskoletan, kultur etxeetan zein antzokietan egiteko moldagarria baita.