San Inazio eta Deustuko plazak jomugan

prestaldizkaria 2019ko mar. 6a, 10:05

Udala Bilboko auzoetako hainbat plaza eraldatzeko lanekin hasi da, Auzo-bihotzak deituriko proiektuaren barnean. Besteak beste, Done Petri, Elorrieta eta Levante enparantzetan egingo dituzte aldaketak eta azken honetan dagoeneko amaitu dituzte lanak.

Aste gutxi batzuk baino ez dituzte behar izan Levanteko kioskoaren inguruan plazaren zati bat estaltzen duen egitura jartzeko. Egitura horretaz gain, egun plaza inguratzen duen estalduraren azpian “joko bio-osasungarrien txokoa” jartzeko asmoa du Udalak.

Proiektuak aldekoen eta kontrakoen iritziak piztu ditu. Batzuek, euria egiten duenerako plaza estalia izatearen beharra azpimarratu dute. Besteek, auzokideen iritzia kontuan ez hartzea egotzi diote Udalari, eta “hauteskundeei begira egindako mugimendu interesatua” dela salatu dute. Ohar bidez argitu dute auzokideek aspaldi egina zutela frontoia estaltzeko eskaera, baina Udalak “entzungor egin eta nahi izan duena egin du”. Udalaren jokabidearekiko gaitzespena adierazteko, hainbat lagun elkartu ziren joan den otsailaren 15ean Levante plazan, “Obra inposaturik ez!” lelopean. Lelo berarekin beste elkarretaratze bat egingo dute martxoaren 9an, auzoko inauterietan, 13:15ean.

Elorrietako parkearentzako ere badu proposamenik Bilboko Udalak: ponpa etxe zaharra dagoen aldean egitura estali handi bat jarri nahi du. Haurrentzako joko gunea eta jarduera anitzerako espazioa izango da, “itsasoan eta Eraztun Berdean oinarrituta”, Udalaren esanetan. Lanekin hasi ez badira ere, dagoeneko obra materiala eraman dute bertara, eta laster hasiko direla aurreikusi daiteke. 

Auzo-bihotzak proiektuaren baitan, Done Petri plaza eraldatzea ere aurreikusten du Udalak. Besteak beste, plaza zatitzen duen errepidea sei erraietatik laura murriztu, frontoiaren aldea lorategi txikiz hornitu, haurrentzako jokoen gunea estali eta kioskoaren ordez 370 metro koadroko estaldura bat jartzeko asmoa du. 

Mahai gainean jarritako berrikuntzen inguruan oharra kaleratu du Deustuko Gazte Asanbladak. Proiektua “iruzur hutsa” dela eta intentzio elektoralistekin egin izana salatu dute. “Auzo-bihotz filosofiatik oso urrun” dagoen proposamena dela adierazi dute, eta onartezintzat jo dute auzotarren eta gazteen nahiak eta beharrak aintzat ez hartzea horrelako proiektu bat aurrera eramaterakoan.

Oharrean plazak zatituta jarraituko duela eta espazio kolektiboak murriztuko direla azpimarratu dute. Izan ere, errepideari bi errail kendu arren, trafikoak bera izaten jarraituko du, ez baita murrizteko neurririk planteatu, eta “erabiltzaileentzat ibilgailuen mehatxua ez da desagertuko”, azaldu dute. Horrez gain, kioskoaren ordez Udalak jarri nahi duen erabilera anitzeko estalkiak jende asko bilduko dituen herri ekimenak antolatzeko funtzionaltasunik ez duela uste du Gazte Asanbladak. Frontoiko gunean jarriko dituzten lorategiei dagokienez, plaza “espazio kolektibo zabal bezala indartu beharrean”, bere “espazio erabilgarria murrizten” duela salatu dute.