Gaur hasiko dira Deustuko jaiak

uriola.eus 2019ko mar. 14a, 13:32

Martxoaren 24ra arte, hamaika ekintza antolatuko dira: kontzertuak eta lehiaketa gastronomikoak, besteak beste. 

Martxoaren 15etik 24ra bitartean, festak Deustu hartuko du. Ostiralean, 17:00etan, artisautza azoka zabalduko da eta 20:00etako txupinak eta pregoiak hasiera ofiziala emango diete aurtengo jaiei. Aurten, Gazte Alai taldea aukeratua izan da Done Petri plazatik pregoia emateko, 2019an 50. urteurrena betetzen duelako. Ondoren, konpartsak eta koadrilak txosna gunera jaitsi eta hauek zabalduko dituzte.

Egun hauetarako era askotako ekintzak antolatu dituzte. Txosnaguneko karpan, esaterako, ia egunero izango dira kontzertuak, eta Deustu Bizirik-ek ere beste hainbat antolatu ditu auzoko hainbat guneetan. Bestalde, martxoaren 21ean, 20:00etan, pasa den urtean pregoilari izandako Elorri Bertso Eskolak babestutako bertso saioa ospatuko da Done Petri plazan, eta Igor Elortza, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta aurtengo Bizkaiko txapeldun Onintza Enbeita arituko dira bertsotan; Bertso Eskolako kide Ander Anakabek ere hartuko du parte. Berrikuntza bezala, lehenengo Deustuko Herri Krosa ospatuko da martxoaren 23an: Botika Zahar parketik abiatuko da 17:00etan hasiko den lasterketa eta, guztira, 7.000 metro izango ditu. Umeentzako ere ekintzak antolatu dituzte.

Jaiak martxoaren 24an, igandean, bukatuko dira, tomatearen erreketa eta hiletarekin. Ondoren, datorren urterako itxaronaldia arintzeko, Havana 537 talde kubatarrak kontzertua emango du.